Microsoftek karbono dioxido emisioak %29,1 handitu ditu 2020tik 2023ra, eta ur kontsumoa ia bikoiztu du, multinazionalak argitaratu berri duen iraunkortasun txostenaren arabera. Igoeraren zati nabarmen bat adimen artifizialaren boomaren eraginez eraikitako datu-zentro berriei dagokio. Izan ere, Microsoftek inbertsio itzela egin du ChatGPT-n.
Igoera hori ez dator bat 2030erako “karbono negatibo” izateko Microsoftek ezarritako helburuarekin. Horretarako urtez urte karbono emisioak gutxitu beharko lituzkete, 2020an egin zuten iragarpenean ikus daitekeenez:
Hala ere, alderantzizko bidetik doaz: 2020tik hona karbono emisioak handitzen jarraitu dute, larrialdi klimatiko betean, eta ezin dute ezjakintasuna argudiatu. Hauxe irakur daiteke hitzez hitz aipatutako iragarpenean: “Adostasun zientifikoa argia da. Munduak premiazko karbono-arazo bati aurre egin behar dio. Karbonoak beroa harrapatu eta munduko klima aldatzen ari den gas-geruza bat sortu du gure atmosferan. Planetaren tenperatura gradu bat igo da jada. Emisioak geldiarazten ez baditugu eta tenperaturak igotzen jarraitzen badu, zientziak dio emaitzak katastrofikoak izango direla”.
Aurrera begira are datu-zentro gehiago eraikitzeko asmotan dabil Microsoft, multinazionalaren barne iturriak aipatuz Bussiness Insider-ek zabaldu duenaren arabera. 2024ko lehen seihilekoan bikoiztu egin nahi dute datu-zentro berrien ahalmena, eta urte amaiera aurretik hirukoiztu. Horrek ezinbestean energia eta ur kontsumoa, eta karbono dioxido isurketak areagotzea ekarriko du.