Abaraska taldeak euskarazko bideoak partekatu eta streaming-ak egiteko PeerTube.eus webgune ireki eta federatua sortu du. Zumaiatik emango dute zerbitzua, Abaila kooperatibak bere zuntz optikoaren instalazioetan egindako txokotik, Gaueko kooperatibako kide ohiek utzitako zerbitzari bat erabiliz. Epe luzerako proiektua dela adierazi dute. Doakoa izango da diruz larri dabiltzanentzat, gainerakoen donazioen bidez finantzatuko baita.
Abaraska pertsona librezaleek osatutako talde ireki eta asanblearioa da. Bere helburua fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura bultzatzea da. Beste bi proiektu ere kudeatzen dituzte: argazkiak partekatzeko pixelfed.eus sare soziala eta lemmy.eus web-foroak.
Multinazionalen zerbitzuetan ez bezala, PeerTube.eus-en ez da iragarkirik egongo, ez eta datuen salmentarik ere. Moderazioari dagokionez, ez dute jarrera intoleranterik onartuko: arrazakeria, sexismoa, xenofobia, genero edo sexu-orientazioaren araberako diskriminazioa (TERF jarrerak barne), gutxiengoen aurkako gorrotoa… Konparazio batera, aipagarria da Youtuberen algoritmoaren gomendioek zerikusi zuzena izan zutela brasildarrak eskuin muturrerantz erradikalizatu eta 2018an Bolsonaro presidente hautatzeko prozesuan, The New York Timesek argitaratu zuenez.
Euskarazko PeerTube zerbitzariak elkarren artean federatuta
Euskarazko lehen PeerTube zerbitzaria 2019ko urrian sortu genuen Euskarabildua Jardunaldietako bideoak biltzeko: peertube.euskarabildua.eus. Geroztik, orain arte instantzia irekirik ez zegoenez, hainbat talde eta pertsona gonbidatu izan ditugu bertara: Hezkuntzan Librezale, Haritulab, Euskal Herria Digitala, Iñigo Gebara…
2021eko ekainean bideoak.argia.eus sortu genuen ARGIAren bideoentzat, pribatutasuna babesteko hartutako beste neurri batzuekin batera: Google Analytics Matomorekin ordezkatzea adibidez.
Bi PeerTube horiek eta orain Abaraska taldeak sortu berri duen PeerTube.eus burujabeak dira, baina ez daude isolatuta, elkarren artean federatuta baitaude. Hau da, horietako edozeinetan besteetako bideoak ere ikus daitezke. PeerTuberen menuan lau aukera daude: “Aurkitu”, “Joerak”, “Azkenak” eta “Bideo lokalak”. Bideo lokalak aukeratuz gero, izenak dioen bezala, dagokion zerbitzariko bideoak bakarrik agertzen dira, baina beste hiru aukeretan euskal bideosfera federatuaren parte diren gainerako zerbitzarietakoak ere agertzen dira, adibidez, Euskarabilduarenak ARGIAkoan eta PeerTube.eus-en. Horrek ikusgaitasuna ematen die euskarazko edukiei.
Fedibertsoko gainerako zerbitzuekin ere federatuta
Fedibertsoa osatuta dago elkarren artean komunikatzeko gai diren askotariko zerbitzuz. Hona horietako batzuk:
- Mastodon. Mikroblogintza sare soziala. Euskarazko bi zerbitzari daude: mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus.
- Pixelfed. Argazkigintzari zuzendutako sarea. Euskarazko instantzia bat dago, Abaraskak kudeatua: pixelfed.eus.
- Funkwhale. Musika eta podcastak partekatzeko. Euskarazko instantzia ireki bat dago, iametzak sortua: baleafunk.eus.
- Lemmy. Web-foroak. Euskaraz lemmy.eus dago, hau ere Abaraskak sortua.
Sare sozial komertzialetan ezinezkoak diren gauzak egin daitezke Fedibertsoan. Adibidez, PeerTube.eus-eko kanal bat jarraitu daiteke Mastodon.eus-eko kontu bat erabiliz. Kanalean bideo berri bat argitaratzean Mastodoneko denbora-lerroan agertzen da. Horri erantzunez gero, Mastodonetik emandako erantzuna PeerTubeko bideoan iruzkin gisa jasotzen da. Youtubeko kanal bat Twitterretik jarraitu eta elkarrekintzak izatearen pareko zerbait.
Tutoriala: Mastodonetik Peertubeko kontu bat nola jarraitu
Adibide bezala Mastodon.eus-eko kontu bat erabiliz Peertube.eus-eko kanal edo erabiltzaile bat nola jarraitu azalduko dugu pausoz pauso.
- Jarraitu nahi dugun Peertubeko kanal edo erabiltzailearen orrira joango gara. Adibidez, Linuxtarrak garelako kanalarekin egingo dugu proba. Kopiatzeko botoia sakatuko dugu.
Kanal edo erabiltzailearen orriaren URLa ere erabili dezakegu nahi izanez gero.
Egilearen kanal guztiak jarraitu nahiko bagenitu, bere orrira joan eta kopiatzeko botoia sakatu. - Gure fedibertsoko kontua dagoen zerbitzarira joango gara eta bilatzailean itsatsiko dugu kopiatu duguna. Adibide honetan iametzaren Mastodon.eus-eko kontua erabiliko dugu.
- Bilaketaren emaitzetan agertuko zaigu jarraitu nahi dugun kanala edo erabiltzailea. Jarraitzeko botoiari emango diogu.
- Eginda! Profilean klik egiten badugu, jarraitu dugun kanal edo egilearen orria agertuko zaigu Mastodonen. Aurretik gure zerbitzariko inork jarraitu ez badu, ez dira bidalketa zaharrak agertuko, baina lasai, eduki berri bat argitaratzean gure denbora-lerroan agertuko da, tut arrunt bat balitz bezala. Tut horri erantzuten badiogu, Peertuben iruzkin bezala agertuko da.
Kanal edo erabiltzaile bat jarraitzeko beste modu bat “Harpidetu” botoia erabiltzea da:
- Dagokion orrira joan eta “Harpidetu” botoia sakatuko dugu.
Egile baten kanal guztietara harpidetu nahiko bagenu, egileen orrietan dagoen “Harpidetu kanal guztietara” botoia sakatu beharko genuke. - Gure fedibertsoko kontuaren erabiltzaile-izena eta zerbitzaria idatziko ditugu, adibidez, iametzaren Mastodon.eus-eko kontuarena: “iametza@mastodon.eus“, eta “Urruneko harpidetza” botoia sakatuko dugu.
RSS bidez ere harpidetu gaitezke, adibidez, AntennaPod erabiliz. - Kontua jarraitzeko aukera ematen duen fitxa berri bat agertuko zaigu. Saioa hasi gabe bagaude, lehenengo gure erabiltzaile eta pasahitza eskatuko dizkigu.
“Jarraitu” botoia sakatuko dugu. - Eginda! “Joan webera” sakatzen badugu jarraitu dugun kanal edo egilearen orria agertuko zaigu Mastodonen. Aurretik gure zerbitzariko inork jarraitu ez badu, ez dira bidalketa zaharrak agertuko, baina lasai, eduki berri bat argitaratzean gure denbora-lerroan agertuko da, tut arrunt bat balitz bezala. Tut horri erantzuten badiogu, Peertuben iruzkin bezala agertuko da.