Raspberry Piak txartel tamainako ordenagailu merkeak dira. Modelo honen berritasuna ordenagailua teklatuan integratu dutela da. Entxufatu, telebista edo monitore batera konektatu eta erabilgarri dago. Zentzu horretan 80ko hamarkadako Spectrum, Commodore… ordenagailuen ondorengoa da. Jende askok horiekin ikasi zuen programatzen.
Raspberry Pien bereizgarrietako bat Arduino plaken antzera GPIO pinak dituztela da. Zirkuitu elektrikoen oinarriak irakasteko erabili daitezke.
Erresuma Batuko Raspberry Pi Fundazioaren helburua konputazioaren ahalmena eta eduki digitalen sorkuntza mundu osoko herritarren esku jartzea da. Garrantzi berezia jartzen dute hezkuntzan. The MagPi izeneko aldizkari bat argitaratzen dute. PDFan doan eskuratu daiteke: https://magpi.raspberrypi.org/
Hezkuntzako Chromebook-ak benetako ordenagailuekin ordezkatzeko aukera bat izan daiteke. Ederra litzateke pantaila integratu eta Raspberri Pi eramangarri merkeak aterako balituzte.
Hasiera batean Txinan egiten zituzten, baina 2017an produkzioa Galesera ekartzen hasi ziren.
Ez da hardware librea, baina gehien erabiltzen diren sistema eragileak libreak dira: Raspberry Pi OS (lehen Raspbian), Ubuntu, LibreELEC (KODI multimedia zentroa), Recalbox, Lakka (kontsolen emuladoreak)…
75€ inguruan eros daiteke. Behar den guztia (pantaila ezik) duen pack-a: RPi 400 + elikadura + sagua + HDMI kablea + 16GBeko mikroSD txartela + hasi berrientzako gida 105€ ingururen truke.
Informazio gehiagorako: