Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu nahi dute, eta GNU/Linux, Nextcloud, Open Xchange, Thunderbird… baliatzen hasiko dira.
2017an Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federaleko gobernua osatzeko akordioa lortu zuten CDU alderdi kristau-demokratak, Bündnis 90/Die Grünen berdeek eta FDP liberalek. Epe luzera software jabeduna librearekin guztiz ordezkatzea adostu zuten. Helburu hori lortzeko, 2021ean bost urteko plana iragarri zuen digitalizazioaren ardura duen alderdi berdeko Jan Philipp Albrecht ministroak. Hasteko, langile publikoen 25.000 ordenagailuetan LibreOffice instalatuko zutela iragarri zuen, Microsoft Office baztertuz. Ondoren, teknologia burujabetzara bidean Microsoft Windowsen partez GNU/Linuxera aldatzeko xedea zutela adierazi zuen.
Erabakia ez zuten itsu-itsuan hartu, iragarri aurretik LibreOfficerekin bi urtez probak egin zituen estatuko informatika departamentuak. “Gure esperientzian argi dago: funtzionatzen du” adierazi zion Albrechtek 2021ean teknologian espezializatutako Heise hedabide digitalari. Software librerako aldaketaren hainbat abantaila aipatu zituen. Batetik, arrazoi ekonomikoak: software jabedunaren kontratuen mugara iristen ari ziren, eta lizentzien gastuak gora zihoazen. Bestetik, malgutasuna. Pandemia garaian bideo-deiak egiteko Jitsi software librea erabili zuten, eta beren beharretara moldatzeko aukera ematen zuela ikusi zuten. Horretaz gain, arrazoitu zuen hezkuntzako ataria software librera aldatu zutenetik “interfazea malgutasunez diseinatu eta zerbitzuak nahieran konbinatu” ditzaketela. Elkarrizketan ez du zehazten zein tresna den. Windows 11k dituen hardware beharrizan handiek ere bultzatu zuten aldaketa, ordenagailu zaharragoekin arazoak aurreikusten baitzituzten. “Linuxekin ez da horrelakorik gertatzen”.
Apirilaren 3an, software jabeduna librearekin ordezkatzeko bidean aurrera jarraituko dutela berretsi du Schleswig-Holstein estatu federaleko Daniel Gunther ministro-presidenteak. Are gehiago, aldaketa gehiago ere iragarri ditu, esaterako, norbere hodeia sortzeko aukera ematen duen Nextcloud tresna libre ezaguna erabiliko dutela elkarlanerako, eta Microsoft Sharepoint eta Exchange/Outlook utzi eta Open Xchange eta Mozilla Thunderbird erabiltzeari ekingo diotela. Software libreko proiektuen garapenari ere ekingo diote, adibidez, Microsoft Active Directory eta Telekom-Flexport telefonia sistema ordezkatzeko. Adierazgarria da estatuaren webgune ofizialean ohiko sare sozial jabedunen ikurrekin batera Mastodonen ikurra agertzea. Izan ere, 2023ko ekainetik Mastodon zerbitzari propioa du estatu federal alemaniarrak.
“Burujabetza digitala funtsezkoa da estatuko gobernuaren estrategian, serio hartzen dugu eta aurrera goaz”, adierazi du gaur egun koalizio gobernuan digitalizazio ministerioaren ardura duen CDUko Dirk Schrödter-ek.