2022ko azaroan, Elon Muskek Twitter erosi zuenean, langileen erdia baino gehiago kaleratu zuen, tartean komunikazioko talde ia osoa. Geroztik, kazetarien informazio eskaerek ez dute erantzunik jaso izan. Orain, egoera aldatu da, press@twitter.com helbide elektronikora idatzitako mezu guztiek gorotz irribarretsu baten ( ) emojia jasotzen baitute automatikoki.
Azken hilabeteetan behin eta berriz agertu da Twitter albisteetan. Moderatzaile gehienak kalera bidali dituzte eta kanporatutako milaka konturi bueltatzen utzi diote. Horren ondorioz, izugarri handitu dira gorroto diskurtsoak, eduki antisemita eta klima aldaketaren inguruko desinformazioa.
Bestelako arazoak ere badituzte: auzitara eraman dituzte bulegoen errenta ez ordaintzeagatik, arazo teknikoengatik webgunea behin baino gehiagotan hainbat orduz erorita egon da, eta aurrez segurtasunerako eskatutako datuak publizitaterako erabiltzeagatik Twitterri 150 milioi dolarreko isuna ezarri zion FTC erakundeak are zigor handiagoa ezarriko dion susmoa dago…
Sare sozialaren jabe den Elon Muskek ere eman du zeresana: beltzak “gorroto talde” bat direla esan zuen komikilariaren defentsan atera zen; AEBetako hedabideetan eta hezkuntzan zuri eta asiarren aurkako arrazismoa dagoela esan zuen; muskulu-distrofia duen kaleratutako langile bat publikoki iraindu zuen; bere txioak jende gehiagorengana iristeko ingeniariei algoritmoa aldatzeko agindu zien…
Hau hautapen bat besterik ez da, askoz albiste eta polemika gehiago eragin baitute txiokinak eta bere jabe berriak azken hilabeteetan. Interesa izanez gero, Twitter is going great (Twitter ederki doa) webgunean jarraipena egiten ari dira.
Elon Muskek komunikazio talde ia osoa kalera bota zuenetik, kazetariek ez zuten erantzunik jasotzen Twitterri bere iritzia eskatzeko idaztean. Artikuluen amaieran gero eta ohikoago bihurtzen ari ziren “Twitterrekin harremanetan jartzen saiatu gara, baina ez dugu erantzunik jaso“ gisakoak. Aste honetan ordea, egoera aldatu da. Twitterrek prentsarekin komunikatzeko erabiltzen zuen press@twitter.com helbide elektronikora idatzitako mezu guztiak gorotz irribarretsu baten ( ) emojia jasotzen hasi baitira automatikoki. Elon Muskek berak iragarri zuen aldaketa Twitterren:
Egiaztatzeko galdera bat bidali diegu, eta horratx jaso dugun erantzuna: