Urriaren amaieran Elon Muskek Twitter erosi zuen 44.000 milioi dolarren truke. Munduko aberatsena da dirutan, baina guztia ez da bere patrikatik atera: zenbait inbertsorek 5.200 milioi jarri dituzte, tartean Qatarko inbertsio-funts subiranoak, eta hainbat bankuk gainerako 13.000 milioi mailegatu dizkiote. Maileguaren ondorioz, Twitterrek 1.000 milioi dolar ordaindu beharko ditu interesetan hurrengo urtean. Hori enpresak iaz izan zuen 630 milioiko kutxa-fluxua baino gehiago da. Hitz lauz esanda: Twitterrek interesetan ordaindu beharko duena baino diru gutxiago du eskura. Muskek berak ere aitortu omen du Twitterrek ez daukala bizirauteko adina diru, azaroaren 9an egindako barne bilera batean, New York Timesek jaso duenez. Bankarrota edo porrot ekonomikoaren aukera ere ez duela baztertzen esan zuen.
Erosketa gauzatu ondoren, Musk gastuak murrizten hasi da. Hartutako lehen erabakietako bat enpresaren 7.500 langileen erdiak kaleratzea izan da, egunean 4 milioi dolar galtzen ari dela argudiatuz. 2022ko bigarren hiruhileko kontuetan 270 milioiko galera garbiak aurkeztu zituen Twitterrek. Azaroaren 3an, osteguna, langile guztiek posta elektroniko bat jaso zuten, enpresan jarraitzen zuten ala ez biharamunean jakinaraziko zietela esanez. Jarraitzekotan laneko helbidera bidaliko zieten mezua, bestela pertsonalera. Asteburuan kaleratutako langile batzuei itzultzeko eskatuz idatzi zieten, errore bat izan zela esanez. Lanpostua galdu dutenen artean dago adimen artifizialeko etika lantalde osoa, komunikazio eta moderazio taldeetakoak, baita ingeniari departamentuaren zati garrantzitsu bat ere.
Langileak kaleratzeaz gain, Muskek 1.000 milioi aurreztu nahi ditu azpiegitura informatikoen gastuetan. Twitterreko ingeniari batek MIT Technology Review-ri esandakoaren arabera, ez daukate plataforma mantentzeko pertsonal tekniko nahikorik eta arazo larriak izango dituzte laster.
Aurretik ere eskasa zen Twitterreko moderazioak okerragora egingo duenaren beldurra ere badago, erosketaren ondorengo kaleratzeengatik, eta Muskek bere burua “adierazpen askatasunaren absolutista” bezala definitzen duelako. 2022ko apirilean Twitter erosiko zuela iragarri zuenean giza eskubideen defentsarako erakundeek beren kezka agertu zuten, erosketaren ondoren Twitterren gorroto-diskurtsoak areagotuko direlakoan. AEBetako New Jersey estatuko Montclair Unibertsitateak egindako ikerlan batek beldur hori egiaztatu du: erosketa gauzatu ondoren gorroto-diskurtsoaren igoera oso nabarmena aurkitu zuten.
Arazoekin jarraituz, Twitter erabiltzaile aktiboenak galtzen ari da, Reutersek eskuratu duen “Where did the Tweeters Go?” (Nora joan dira txiolariak?) barne-dokumentuaren arabera. Erabiltzaileen %10ak txioen %90a idazten du eta irabazien erdia sortu. Txostenaren arabera txiolari ingeles hiztun aktiboenen interesetan ere aldaketa dago: eduki sexualak eta kriptotxanponak gorantz doaz, iragarleentzat interesgarriagoak diren albiste, kirol eta entretenimenduak beheranzko joera hartu duten bitartean.
Guzti honen eraginez, hainbat enpresa handik Twitterren iragarkiak jartzeari utzi diote, beren markari kaltea egiten dielakoan: Audi, Volkswagen, General Motors, United Airlines, Pfizer… Orain arte Twitterren diru-sarreren %90 iragarkietatik zetorren, baina Elon Muskek buelta eman nahi dio egoerari edonola. Bide horretatik, orain arte pertsona eta erakundeak benetakoak zirela egiaztatzeko erabiltzen ziren bereizgarri urdinak ordainpeko Twitter Blue zerbitzuaren ikur bihurtu ditu. Ordaintzen dutenei lehentasuna emango die algoritmoak, eta beraien erantzunak gainerakoenen aurretik agertuko dira, beste abantaila batzuen artean. Gorka Juliok Berrian esan bezala, Muskek bi abiadurako sare soziala proposatu du eta ordaintzen dutenen eta ez dutenen arteko arrakala sortutako da. Are gehiago, Muskek Twitter osoa ordainpeko bihurtzea ere planteatu omen du.
Hasiera batean hilean 20 dolar kobratzeko asmoa zuen, baina Stephen King idazleak emandako erantzunaren ondoren zortzira jaitsi zuela dirudi. Euskarara itzulita, idazleak horrelako zerbait esan zuen: “20$ hilean nire bereizgarri urdina mantentzeko? Zakurraren putza, beraiek ordaindu beharko lidakete niri.”
Aldaketa honek nahasmen handia eragin du txiokinean. Hainbat eta hainbat parodia kontu agertu dira orain arte egiazkotasuna ematen zuen ikur urdinarekin. Adibidez, asko zabaldu da George W. Bush eta Tony Blair-en gezurrezko kontuen arteko elkarrizketa hau: “Faltan botatzen dut irakiarrak hiltzea” dio lehenak eta “Nik ere bai egia esan” bigarrenak.
Enpresa askok Twitter bezeroarekiko harremanetarako erabiltzen dutenez, phising iruzurrak egiteko bidea eman dezake nahasmen egoerak. Marka urdinarekin jendeari benetakoak direla sinestarazi eta txartelaren datuak mezu zuzen bidez eskatuz adibidez.
Twitter Blue-ren garapena korrika eta presaka egin dute. Epea betetzen ez bazuten kaleratuko zituela ere mehatxatu zituen langileak Muskek. Bizi izan duten egoera ondo irudikatzen du langile bat bulegoko lurrean lotan erakusten duen argazkiak.
Horretaz gain, garapena azkartze aldera ez dira ohiko pribatutasun berrikuspenak aplikatzen ari. Kontuan hartu behar da, Estatu Batuetako kontsumitzaileen babeserako erakundearen (Federal Trade Commision, FTC) begiradapean dagoela Twitter 2011tik, segurtasun praktika eskasen ondorioz. Hari horretatik, aurten 150 milioi dolarreko isuna ezarri zioten enpresari, segurtasunerako eskatutako datuak publizitaterako erabiltzeagatik. FTCko eledun batek argi esan du: “enpresa eta enpresaburuak ez daude legearen gainetik, eta gure epaiak bete behar dituzte”. Twitterreko pribatutasun eta segurtasun taldea beldur da azkenaldiko praktika txarren ondorioz are isun handiagoak ez ote dituzten jasoko, eta kargu altu batzuk dimisioa aurkeztu dute.
Hitz hauekin definitu ditu Elon Musken intentzioak Twitterreko pribatutasun taldeko abokatu batek lantalde osoak ikus dezakeen barne txat batean: “Elon Muskek erakutsi du Twitterren erabiltzaileekin duen lehentasun bakarra haiek monetizatzea dela. Ez dut uste axola diotenik giza eskubideen aldeko aktibistek, disidenteek, monetizagarri ez diren eskualdeetako gure erabiltzaileek eta Twitter hiri globaleko plaza bihurtzen hainbeste denbora eman duten gainerako erabiltzaileek”, The Vergek argitara eman duenez. Elon Muskek Twitter erosi zuenetik daraman estrategia oso ongi definitzen du: errentagarritasuna edozein preziotan.