Igande honetan, maiatzak 8, Ipar Euskal Herriko ikastolen festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan, bi urteko etenaldiaren ondoren. Joatekoak bazarete Araba gunean antolatu duten TxikiLinux Txokora gerturatzea gomendatzen dizuegu. Goizeko 9:00etatik aurrera bertan izango dira, 6-12 urteko haurrentzako TxikiLinux Xilaba sistema eragile libre eta euskalduna aurkezten.
Hezkuntzarako tresna bikain hau ezagutzeko 20 minutuko atelier edo tailerrak emango dituzte Elkarteneteko kideek eta Donibane Lohizuneko haur eta irakasleek. Horretarako, Elkartenetek Bizkaiko ikastetxeetatik berreskuratu eta berregokitutako Toshiba Satellite ordenagailuak erabiliko dituzte. Parte hartzaileen artean ordenagailu tolesgarri bat zozketatuko dute.
Lapurdiko hezkuntzan teknologia burujabetzarako bidean urratsak artikuluan azaldu genuen bezala, Elkartenetek garatu du sistema eragilea eta Donibane Lohizuneko ikastolako ordenagailu guztietan erabiltzen hasi dira aurten. Espero dezagun bide arrakastatsu bateko lehen urratsa izatea eta erabilera ikastetxe gehiagotara zabaltzea. Tresna libreak ikasle libreentzat!