Urriaren 21ean, larunbatez, Luberri eta Txikilinux instalazio festa ospatuko da Bilboko Zirika! herri gunean. Elkartenet eta Hezkuntzan Librezalerekin elkarlanean antolatutako egun pasan software libreari buruz ikasi eta ordenagailu zaharrei bizi berria emateko aukera egongo da.
IKTetan interesa duzu eta instalazio masiboak egiten ikasi nahi duzu? Bilboko Mujika, Atxuri edo Solokoetxeko ikas-komunitatearen parte zara eta ordenagailu eramangarri bat behar duzu seme-alabek etxerako lanak egin ditzaten? Herri mugimenduan edo Bilboko Alde Zaharreko auzolanetan parte hartzen duzu eta oinarrizko zereginetarako gailu bat behar duzu? Galdera horietakoren bati baietz erantzun badiozu, urriaren 21ean Bilboko Erronda kaleko 12an dagoen Zirika! herri gunean antolatu duten instalazio festa interesatuko zaizu.
Goizari ekiteko, 10:00etan saio tekniko bat egingo dute. Batetik, instalazio masiboak egiteko aukera ematen duen Fog server software libreko tresna ezagutzeko aukera egongo da. Bestetik, bi sistema eragile libre eta euskaldun USB bidez nola instalatu azalduko dute: Txikilinux eta Luberri. Jarraian, 11:30ean familientzako saioa dago. Euskal Herriko teknologia burujabetzaren eta software librearen mugimenduan erreferenteak diren bi taldek beren lanaren nondik norakoak azalduko dituzte: Hezkuntzan Librezale eta Elkartenet.
Ondoren, eguerdian saio praktikoari ekingo diote. Nahi duenak bere ordenagailua eraman dezake antolatzaileen laguntzarekin software librerako jauzia emateko. Kontuan izan horrelakoetan gomendagarria izaten dela aurrez gailuan ditugun baliozko fitxategien babeskopia egitea. Bertaratutakoek Eskola 2.0ko Toshiba eramangarri gorri bana etxera eramateko aukera ere izango dute: jatorrizko disko gogor mekanikoarekin musu-truk edo 25 euroren truke 240 gigako SSD disko gogor berria jarrita.
SSD diskoek asko hobetzen dute ordenagailuen errendimendua eta gailu zahar baten bizitza luzatzeko aukera merke eta eraginkorra dira. Izan ere, Europako Ingurumen Bulegoak argitaratutako txostenaren arabera, klima ikuspegitik eramangarriek gutxien-gutxienez 20 urteko iraupena izan beharko lukete. Hori oso urrun dago gaur egungo lau urte eta erdiko batez besteko bizitzatik.
Bilboko Alde Zaharrean pintxo-pote edo bazkariarekin borobilduko dute eguna. Izen emateko LiberaForms-eko formulario hau betetzeko eskatu dute antolatzaileek.
Egitaraua
10:00-11:30 Saio teknikoa.
Fog Serveren bidez instalazio masiboak.
Luberri eta Txikilinuxen USB bitartez instalazioak.
11:30-12:00 Familientzako saioa.
Hezkuntzan Librezale taldearen aurkezpena.
Elkartenetek aurrera eramandako proiektuak Software libreri esker.
12:00-14:00 Ordenagailuen banaketa eta ekarritako ordenagailu zaharkituak berregokitzea. Linux eta software librearen oinarrizko erabilpena:
- Erabiltzaileen kudeaketa
- Instalazioak
- Eguneraketak
- Nabigatzaileak
- Ofimatika paketeak, bideo erreproduzigailuak, torrentak…
14:00 Pintxo-pote edo bazkaria Bilboko alde zaharrean.