Urruñako ikastolan ere TxikiLinux erabiltzen hasi dira

ElkartenethezkuntzaLapurdiSeaskaTeknologia burujabetzaTxikilinuxUrruña

Donibane Lohizuneko ikastola izan zen TxikiLinux erabiltzen hasi zen Ipar Euskal Herriko lehen ikastetxea. Bide beretik, sistema eragile libre eta euskaldunaren aldeko pausoa eman dute orain Urruñako ikastolan.

Txikilinux 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako sistema eragile libre eta euskaldunaren sorlekua Bilboko Miribilla auzoko Harrobia ikastola da. 2019an, Elkartenet elkartea sortu zuten software librearen erabilera eta ekipamendu informatikoen berrerabilera bultzatzeko, eta hortik jaio zen TxikiLinux. Linux Mint sistema eragile librean oinarrituta dago eta euskarazko hezkuntzarako hainbat tresna libre dauzka instalatuta.

Iaz Donibane Lohizuneko ikastola izan zen TxikiLinuxen aldeko apustua egin zuen Ipar Euskal Herriko lehen eskola. Elkartenetekoek haien beharretara egokitutako TxikiLinux Xilaba (Xiberoa – Lapurdi – Baxe Nafarroa) bertsioa sortu zuten, irakasleen oharrak eta eskakizunak kontuan hartuta.

Iragarri berri dutenez, Urruñako ikastola da TxikiLinuxen aldeko apustua egin duen Seaskako bigarren zentroa. Ekimenaren atzean Beñat Biscay ikastolako lehendakaria, Unai Villakorta irakaslea eta Sébastien guraso informatikaria daude. Villakorta Donibane Lohizuneko ikastolako zuzendaria zen TxikiLinux erabiltzen hasi zirenean.

Kasu honetan ere Elkartenetek Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetatik berreskuratu eta birgaitutako material informatikoa erabiliko dute. Informatika gela hornitzeko Eskola 2.0-ko 10 eramangarri gorriri RAM memoria gehitu diete, SSD diskoa jarri eta bateria aldatu. 71 euro ordaindu dituzte berregokitutako gailu bakoitzeko. Horrez gain, musu truk jaso dituzte irakasleentzat eta ikastolan erabiltzeko hamar unitate zentral, bi proiektore eta bozgorailu, teklatuak, saguak, kableak…

Jarraian Seaskako atea jotzeko asmoa dute: dagoeneko bi ikastolak TxikiLinux erabiltzen dutela azalduko diete eta gainerakoetara zabaltzeko galdegin.

Argazkia: Urruñako ikastola (baimenarekin)