Digitalizazio Demokratikorako eta Eskubide Digitalerako Institutua da Xnet. Kataluniako hezkuntzan hobetu beharreko zazpi esparru identifikatu dituzte “Hezkuntza digital demokratiko eta irekiaren aldeko adierazpenean” eta kurtso berriari begira hainbat proposamen egin dituzte.
Xnet-eko Simona Levik eta Bartzelonako Udaleko Arnau Monterdek hitzaldia emango dute urriaren 27an Donostiako San Telmo aretoan egingo den Euskarabildua Jardunaldien 11. edizioan. ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldea gara antolatzaileak. Jardunaldiak doan dira, baina aurrez izena eman behar da.
Hemen dituzue Xnet-en adierazpenaren ideia nagusiak:
1. Hezkuntzan giza eskubideak eta demokrazia sartzea digitalizazio-oinarri eta helburu gisa
Gaur egun digitalaren irakaskuntza oinarrizko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzera, eta lanerako prestakuntzara bideratzen da. Digitalizazio demokratikoaren alde apustu egin behar da. Giza eskubideak oinarri bezala jarri behar dira hezkuntza digitalean eta konpetentzia digitalak eskuratzean.
Proposamenak:
- Legezko bermeak ezartzea ikasle, familia, irakasle eta eskolen datu eta edukien subiranotasunerako.
- Burujabetza pedagogikoa ziurtatzea hezkuntzarako teknologia enpresen interes komertzialen gainetik.
- Hezkuntza-komunitatean eskubide digitalen ezagutza sustatzea.
2. Administrazio publikoa eskubide digitalen bermatzaile bezala hartzea
Ikasle, irakasle eta hezkuntza zentroei konpetentzia digitala eskatzen zaie, baina administrazioek askotan ez dute eskatzen duten prestakuntza. Zehazki, hutsune larriak dituzte eskubide digitalen inguruko formazioan. Administrazioaren trebetasun eta gaitasun digitalik ezak irakasleen gaineko presioa areagotzen du. Autoritateen eta hezkuntza-komunitatearen arteko deskonexioarekin amaitu behar da.
Proposamenak:
- Hezkuntza-administrazio publikoetako aparatu politikoak eta departamentuetako zuzendaritza karguek digitalizazio demokratikoari buruzko behar bezalako formazio teoriko eta praktikoa izatea.
- Diru publikoa, kode publikoa printzipioari jarraituz administrazio publikoek sustatu edota finantzatutako teknologia guztia software librea izatea. Modu horretan auditagarria izango dela ziurtatzeaz gain, softwarea erreplikatu eta hobetzeko aukera ematen da, alferrikako teknologia aldakorren gainkarga saihestuz.
- Hezkuntzak-komunitateak ez dira produktuak kokatzeko lekuak.
3. Jendartean eta hezkuntza digitalean parte hartzen duten eragile guztiak kritikoki aztertzea burujabetza digital eta pedagogikoa ziurtatzeko
Ez dira behar bezala kontuan hartzen hezkuntza digitalean eragina duten eragile publiko eta pribatu guztiak. Ikasle, irakasle, ikastetxe, hezkuntza-administrazioei buruz hitz egiten da, baita “agente maltzurrei” buruz ere, baina gutxitan hartzen da kontuan enpresek eta jendarte zibil antolatuak hezkuntza digitalean duten eragina.
Proposamenak:
- Hezkuntza-politikak diseinatzean enpresa teknologiko handi eta beste eragile pribatuen eragina kritikoki aztertzea.
- Hezkuntza-komunitatearen eta digitalizazio demokratikoaren aldeko jendarte zibilaren ekarpenak erreferentzia bezala hartzea.
- Eskolen burujabetza eta oinarrizko giza eskubide digitalak errespetatuko dituzten hezkuntza-politikak diseinatu eta aplikatzea.
4. Digitalaren eta alfabetatze digitalaren ikuspegi integraletik abiatzea
Erakundeek digitala ikuspegi instrumentaletik hartu izan dute, hau da, tresna erabilgarri huts bezala. Gero programatzen ikasteari eta pentsamendu konputazionalari garrantzia ematen hasi ziren. Orain, azkenik, apurka-apurka ikuspegi kulturala kontuan hartzen hasi dira.
Programatzen jakin gabe ere ulertu daiteke bizi dugun kultura digitala. Sakontzeko, irakurri Simona Leviren “El encuadernador y el exorcista: sobre el futuro de la digitalización en la educación (y en todo lo demás)” artikulua.
Proposamenak:
- Digitalaren irakaskuntzan hiru ikuspegiak modu orekatu batean ematea. Azken urteetan ikuspuntu instrumentalari izan denez nagusi, beste biei eman behar litzaieke garrantzia: alfabetizazio konputazionalari eta, kultura eta jendarte digitalaren ezagutzari.
- Teknologiaren erabilera praktikoa bultzatzen duen ikuspegi funtzionalean kontuan hartu behar lirateke eskubide digitalak eta digitalizazio demokratikoa. Horretarako, datu eta edukien burujabetza ziurtatzen duten oinarrizko azpiegiturak erabili behar lirateke.
- Alfabetizazio konputazionala sendotu behar litzateke. Horrek eskatzen du gainerako arlo edo irakasgaietan bezala curriculumaren garapen osoa egitea, ikastetxeetan irakasle profil profesional berriak sortzea (musika edo gimnasiakoak dauden bezala), eta beharrezko azpiegitura teknologikoak ematea.
- Literatura edo historiarekin egiten den bezala digitalari ikuspegi kulturala ematea.
5. Jendarte eta kultura digitalaren ezagutza barne hartuko duen gaitasunen ikuskera integral batetik abiatzea
Proposamenak:
- Hezkuntza-administrazioak tresnak eman beharko lituzke irakasgaien edukia ikuspegi digitalarekin berrikusteko. Esate baterako, curriculum-edukietan digitalarekin lotutako hainbat gai sartu beharko lirateke:
- IKTren historia: Interneten asmakuntza, monopolio teknologikoen sorrera…
- IKTren geografia: Gaur egungo geopolitika, telekomunikazio globalak, multinazional teknologikoak, oligopolioak eta operadore handiak.
- IKTren ingurumen-erronkak: lehengaien erauzketa, berotze globala, zerbitzarien azpiegiturak…
- Irakasle eta ikasleek jendarte eta kultura digitalean dauden agente guztien gaineko formazio kritikoa izatea.
6. Ikastetxeen azpiegitura digitalak hezkuntza-politiken eta -estrategien ardatz gisa hartzea
Proposamenak:
- Administrazio publikoak bere gain hartu behar du azpiegitura digital eta administratibo demokratikoak finantzatzeko eta eskaintzeko erantzukizuna. Azpiegitura horiek auditagarriak, deszentralizatuak, elkarrekin komunika daitezkeenak eta eraginkorrak izan behar dute. Administrazioak ez luke erantzukizun hori alde batera utzi behar, ikastetxeko autonomia aitzakiatzat hartuz.
- Administrazio publikoak hezkuntza-esparruan eskubideak errespetatuko dituen ingurunea bermatu behar du, datuen subiranotasuna eta eskubide digitalak babestuz.
- Administrazio publikoak eta irakas-taldeek kontuan hartu behar dute ikastetxeetako azpiegitura digitalen garrantzia pedagogikoa.
Hutsune hau betetze aldera, Xnet-ek Bartzelonako 11 ikastetxetan erabilgarri jarri du dagoeneko software librean oinarritutako Digital Democrátic (DD) tresna.
7. Ezagutza irekiaren alde egitea
Hezkuntza digital demokratikorako bidean aurrerapausoak eman diren arren, kultura irekiari dagokionez (sarbide irekia eta kultura-subiranotasuna), atzerakada nabarmena ikusten da, copyrightaren industriaren gehiegizko interesen alde.
Hezkuntza-baliabide irekiak eta modu lehenetsian lizentzia libreak erabiltzea sustatu beharko litzateke (jabari publikoa, Creative Commons BY-SA edo beste batzuk), eta hezkuntza-komunitatearen edukien autoretza (irakasleak eta ikasleak) aintzatestea sustatu.
Interesa duenak hemen aurkitu dezake “Hezkuntza digital demokratiko eta irekiaren aldeko adierazpenaren” testu osoa.