Hilabete honetan teknologia eta jendartea uztartzea gogoko duen pertsona bat elkarrizketatu dugu. Bera perrexila bezala, mila eta bat saltsetan aurkitzen dugu, baina ia beti teknologiari, kooperatibismoari eta software libreari lotuta. Bai! Honezkero asmatu duzue, hilabete honetako elkarrizketatua Gorka Julio da. Software libreari buruz hitz egiten hasi eta gobernantza demokratiko eta kolektiboko eredu berriez hausnartzen amaitu dugu.
Gorkari entzunda, Marga Padillak Euskarabildua jardunaldietan azpimarratutako ideiari bueltaka ari naiz: teknologiaren eremuan ere, bizitzako beste edozein eremutan bezala, giltzarria da antolaketa kolektiboa eta eskubide kolektiboetan pentsatzea. Honek gaur egun enpatia osagai handiak behar ditu, norbere buruaz haratago talde ikuspegi batetik arazoak definitzea eta soluzioak planteatzea. Kooperatibismoa hain sustraitua dagoen herrian kontzeptuak ez zaizkigu arrotzak, baina praktikan ezaguna dugun eremutik ateratzea, irtenbide ezezagunak eta berritzaileagoak irudikatzea asko kostatzen da.
Esaten ari garena hobeto ulertzearren eta pribatutasunaren gaiarekin lotuz, gutako bakoitzak sortzen dituen datuen edo arrasto digitalaren baturak sekulako boterea ematen dio hori kontrolatzen duenari. Datu agregatuen, hau da, ez partikularren, baizik eta multzokatuen bidez etorkizuneko joerak irudikatu ditzakegu. Gakoa datu horiek zertarako eta nork erabiltzea nahi dugun pentsatzea da, multinazional baten etekin partikularraren aurrean, erabilera praktiko, zentzuzko eta etikoetan pentsatzea alegia, eta horretarako modu kolektiboan antolatzea. Zentzu horretan Gorka Juliok datu kooperatibak sortzen ari direla esan digu. Baina zer eredu da hori? Arrakastarik izango al du? Nola funtzionatu ahal dugu? Nola antolatu gaitezke eredu antzerakoak sortzeko? Nola jarri martxan orain arte ezezagunak diren formula berritzaileagoak? Azken finean, abiadura azkarra eskatzen digun munduan multinazionalek eskura eta erraz jartzen dizkiguten tresnekin ez daukagu esfortzurik egin beharrik, erraza da, ohituak gaude… Eta gogoeta honekin nagoela, ahots txiki batek nire barnean esaten du: “Tira azken finean nik ez daukat ezer ezkutatzeko, pribatutasuna ez da niretzat arazoa”. GEZURRA! Neure burua engainatzeko eta erosotasunean egokitzeko aitzakiak baino ez dira, norberaren kontzientzia lasai mantentzeko balio dezakete, baina ez dira baliagarriak norberaren beharretara egokituko diren teknologiak eraiki, tokiko ekonomia garatu eta euskara testuinguru digitalean ere kontuan izango duen gizarte batean bizi nahi badugu. Gorka Juliok dion moduan, horretarako software librearen aldeko apustua egitea beste irtenbiderik ez dugu. Bai, software librea da teknologiaren ariketa kolektibo eta parte-hartzailea, kooperatibismoaren emaitza teknologikoa.
Laburbilduz, arrazoi asko daude modu kolektiboan antolatzeko ahalegina egiteko. Eta ez gaude bakarrik, hori esatea ere garrantzitsua da. Asmo horrekin jaio da adibidez, TEKS sarea, teknologia burujabetza, software librea eta feminismoa elkarlanean lantzeko helburuarekin.
Gorkak hau guztia askoz hobeto azaltzen du. Bere elkarrizketa datorren astean sareratuko dugu. Baina bitartean, gogoratu, Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da.