Atzeraezineko aldaketa klimatiko eta muturreko desberdintasun sozialen garai honetan, azpiegitura teknologikoek duten eraginaz hausnartu nahi izan dugu aurtengo Euskarabildua jardunaldian. Munduaren amaiera distopikoetatik harago, etorkizun posible desiragarriak aztertzen saiatzeko: hodeiaren azpian ezkutatzen den kontsumo neurrigabeaz eta horien arteko alternatibez.
Pasa den urriak 28an Euskarabildua jardunaldia ospatu genuen Donostiako San Telmo museoan, “Zenbat kutsatzen du like batek? Mundu osorako internet jasangarrirantz” izenburupean, teknologia eta jasangarritasuna uztartuz eta aretoa hausnarketarako topagune eroso bat bihurtuz.
Garai oso berezi bat bizi dugu gaur egun, gizadiak Lurraren gainean daukan eraginaren aroa, eta gizadiak inoiz aurre egin behar izan dion erronkarik handienetako batek markatuta, larrialdi klimatikoa. Zaila da energia ekoizteko eta baliabideak kontsumitzeko gure sistemek indar dominatzaile eta autosuntsitzaile bihurtzea eragin dutela ezeztatzea. Hala ere, egia da gero eta kontzientzia gehiago dagoela jarduerak ingurumenaren eta Lurraren gainean daukan eragin negatiboaren inguruan; gero eta gehiago dira kutsatzen duten jardueren aurrean gure egunerokoan hartzen ditugun alternatibak.
Badago beste gai bat, orain arte gutxietsi duguna edo behintzat gure lehentasunaren artean ez dena egon, internet eta sareen erabilerak suposatzen duen kutsadura, alegia. Aurtengo jardunaldiaren spotaren ardatza den esaldiak dioen bezala, “ikusten dugunak asaldatu egiten gaitu. Aldiz, ikusten ez dugunak ez gaitu hainbeste kezkatzen”. Webgune batean sartzeak ez du soilik ordenagailu baten energia kontsumoa suposatzen, Interneta ematen digun operadorearen kontsumoa, informazioa bidali eta jasotzea ahalbidetzen digun zerbitzariaren kontsumoa ere suposatzen du, besteak beste. Eta guzti honek funtzionatzeko egunean hogeitalau ordu piztuta dauden ordenagailuak behar dira.
Zenbateraino kutsatzen du gure sareko erabilerak? Norberaren aztarna digitalak ez dio soilik sarean egiten dugun jarduerarekin sortzen ditugun datuei erreferentzia egiten, sareko gure jarduerak dakarren kutsadurari ere egiten dio erreferentzia.
Badago Lurraren Gehiegizko Eguna (ingelesez, Earth Overshoot Day) data, gizarteriak Lurraren urteko baliabide naturalen aurrekontua agortu dueneko data islatzen duena. Data honetatik aurrera, urtearen gainerakoan, defizit ekologikoa mantentzen ari gara, tokiko baliabide erreserbak agortuz eta atmosferan karbono dioxidoa pilatuz. Jakina, pandemiak eragina izan du azkeneko datuetan. Konfinamenduak eta ondoriozko gizakion jardueraren etenak aste batzuk berandutu zuen data hau, baina denboraldi baterako soilik izan zen hau eta data urtero, gero eta lehenago iristen da. 2021ean, eguna uztailak 29 izan da. Hau da, uztailak 29rako Lurraren urte osorako baliabide guztiak agortuta genituen jada. Beste era batera esanda, Lurraren baliabideak naturak berak birsortzeko behar duen denbora baino 1.75 aldiz azkarrago erabiltzen ditugu. Urtean 1.75 Lur erabiltzen ditugu.
Teknologiaren esparruan, gutako bakoitzak badauka bere urteko CO2 aurrekontu propioa. Norberak bere buruari iaz zenbat mail bidali zituen, zenbat ordu eman zituen Netflixen filmak edo telesailak ikusten, zenbat bideodei egin zituen galdetuko balio, gutako bakoitzak Interneten erabilerarekin zenbat kutsatzen duen jasoko genuke.
Pertsona baten urteko CO2 aurrekontua 2 tona dira eta bidaltzen ditugun mailekin bakarrik zifra horren %0,5-a betetzen dugu jada. 2013an, Internetek CO2 830 milioi tona isurtzen zituen atmosferara. 2020an, zifra hau %3,7 bikoiztu da. Azkeneko datu hau pandemia aurretikoa da; pandemiaz geroztik, kontsumo hau etengabe igotzen jarraitu da, egiten dugun edozein ekintza ingurumenean eragin negatiboa duela erakutsiz.
Jasangarritasuna Euskarabildua jardunaldietan ardatz
Orain arte aipatutako guztiak argi uzten du inoiz baino beharrezkoagoa zaigula jasangarritasunaren gaia mahai gainera ekartzea eta produkzio eta kontsumo erabakietan gure jarduerek eta gaur egungo sistemek suposatzen duten inpaktua kontuan hartzea.
Aurtengo Euskarabildua jardunaldian jasangarritasunaren gai zabala mahai gainera ekarri nahi izan genuen. Jasangarritasuna oso kontzeptu zabala da bere horretan, esparru ekologikoa, ekonomikoa eta soziala barneratzen ditu eta hauek gurutzatuz, bideragarria, eramangarria eta justua bezalako kontzeptuak ateratzen dira, baina mundu jasangarriranzko bidean guztiak hartu behar ditugu kontuan.
Etorkizun posibleak
Aurtengo Euskarabildua jardunaldiak etorkizun posibleen eta utopien gaiek leku berezia izan zuten, izan ere, etorkizun iraunkorren eta mundu jasangarri baten bidean, gai hauek garrantzi berezia hartzen dute. Batetik, larrialdi klimatikoaren eta muturreko desberdintasun sozialen testuinguruan orain arte eraikitako diskurtsoak distopietan oinarritzen dira; telesailak, filmak, bideojokoak… narratiba gehienek etorkizun ilun eta saihestezinak hartzen dituzte ardatz eta honek, erronkaren aurrera jarrera aktibo bat hartzea oztopatzen du. Bestetik, utopiaren kontzepzio okerra daukagu. Beti sinestarazi izan digute utopia ideala eta lortzen ezinezkoa den zerbait dela, eta nolabait utopiek arazoak alde batera uzten dituztela. Baina utopiek ez dituzte arazoak saihesten, arazoak ikuspegi optimista batetik lantzen dituzte eta gizartea arazo horien aurrean ahaldundu egiten dute. Beraz, gaur egun ditugun erronkei erantzuna emateko utopiak tresna baliagarriak direla dirudi.
Badago Yale Climate Connections erakundeak gai honen inguruan argitaratutako ‘Fear Doesn’t Work’ deitzen den publikazio bat. Argitalpen honek esaten du zerbaitez kezkatzeko dugun gaitasuna beldur kantitate batekin bete dezakegun edalontzi bat bezalakoa dela. Hau klima aldaketarekin lotzen du publikazioak eta edalontzia gainezka dagoela adierazten du. Honen aurrean, ikuspegia aldatzea da proposamena, distopiei buruz hitz egin beharrean, utopiei buruz hitz egiten hastea, alegia.
Zer da Euskarabildua?
Euskarabildua, euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.
Jardunaldi praktikoak egitea da helburua: Esperientziak ezagutaraztea eta partekatzea. Nazioarteko izaera izan du sortu zenetik, Euskal Herrikoez gain, aurrez Euskal Herrian egon ez diren hizlariak ekartzea lortzen dugu urtero. Publikoa ere zabala da, teknologian interesa duen edonor biltzea baita helburua eta azken urteotan, Euskarabilduak perfil oso ezberdinetako jendea elkartzeko gaitasuna duela erakutsi digu.
Argiak, Ametzagaiñak eta Iametzak elkarlanean antolatzen ditugu 2012az geroztik jardunaldiok. Orain arteko eduki guztiak www.euskarabildua.eus webgunean aurki daitezke.