Iñigo Gebara: “Hezkuntzan, jangelekin eta garbiketarekin egin bezala, digitalizazioan ere pribatizazioaren alde egin du Jaurlaritzak”

Hego Euskal Herriko ikastetxe publikoak Google edo Microsoft-enak dira. Irakasle, ikasle eta gurasoen artean partekatzen den informazio publiko zein pribatuaren gehiengo ia absolutua Amerikako Estatu Batuetako multinazionalen zerbitzarietan dago, eta haien software edo programa itxien bitartez kudeatzen da: Google Drive, gmail, Hang Out, Meet, Chrome, Classroom, Calendar eta abar luze bat, behintzat Google-i dagokionez.

Bere buruaren jabe izan nahi duen norbaitentzat ez du ematen oso abiapuntu polita denik. Baina bada egoera hori irauli nahi duen jendea eta proposamen eta proiektu zehatzak sortzen ari dena. Horien artean nabarmentzekoa da Hezkuntzan Librezale taldea eta gaur Iñigo Gebara taldekidearekin hitz egingo dugu hortaz, eta hartaz. Iñigo, hain gordina al da egoera?

Esan bezala, egoera oso gordina da. Gaur egun ikastetxeen ehuneko handi-handi batean, edo guztietan esango nuke, bai Microsoft edo Google-en aplikazioak erabiltzen dira. Eta hori horrela da, bai ikastetxe publikoetan eta esango nuke pribatuetan ere bai. Oso ondo asmatu dute enpresa hauek hezkuntzaren negozioan sartzen eta badirudi oparitzen dituztela haien produktuak, baina denek badakigu zerekin pagatzen ditugun aplikazio edo tresna horiek.

Hezkuntza publikoak diru publikoarekin ordaindutakoa, jabetza publikoa sustatzen ditu ustez. Orduan, nola utzi dugu prozesu horretan negozio pribatuak barruraino sartzen?

Beste hainbat gauzetan bezala nik uste dut azken gobernuek beti pribatizazioaren alde egin dutela nahiz eta haien diskurtsoa kontrakoa izan edo beste gauza bat saldu nahi duten. Jangelekin egin duten bezala, garbiketarekin egin duten bezala, gauza guzti hauek pribatizatzea haientzako negozio hobea dela ematen du edo praktikoagoa da, edo ez dakit. Eta bide horretan ere digitalizazioarekin berdin jokatu da. Gainera, kasu askotan, Google-en kasuan behintzat, ez zaie dirurik kostatu. Microsoft-en kasuan bai diru asko pagatu dela eta kontratu itzelak ditu Eusko Jaurlaritzak Microsoft-ekin. Bide horretan ere digitalizazioan prozesu bera jasaten ari gara.

Azpikontratazioaren kontua oso zabalduta badago ere, honetan ez dakit pertzepzioa bera den. Coca Cola makina bat jantokian jartzea edo jantokia kudeatzen enpresa pribatu batek agian hobeto lotzen dugu horrekin. Baina hau ematen du normaltasun osoz hartzen dugula, agian etxean ere edo beste esparruetan normaltasun osoz edo planteatu gabe erabiltzen ditugulako programa eta zerbitzu horiek, ezta?

Bai, gure kasuan hori da handicap bat. Azkenean jendeak asko erabiltzen ditu. Enpresa hauek oso ondo jakin dute hezkuntzan sartzen, baina baita gure bizitzetan gu konturatu gabe. Doakotasun horrek ematen duen aniztasun horrekin eskaintzen dizkigute tresna pila bat. Uste dugu ez dugula pagatzen, baina pagatzen dugu gure datuekin, publizitatearekin, eta abar. Baina sartu dizkigute hain barruraino eta egunerokoan hainbeste erabiltzen ditugu, zeinen hezkuntzan sartu denean ere, naturaltasunez asimilatu ditugu. Eta hori bai da handicap bat. Nik uste dut, beste esparru batean esango bagenu Macdonalds-ek jangelak kudeatuko dituela, mundu guztiak burura eramango lituzkeela eskuak. Google eta Microsoft antzeko enpresak dira, gure datuekin, eta gainera datu oso-oso sentsibleekin, lan egiten dutenak. Gaur egun ikasleen datu sentsibleekin irentsi egin dugu. Bai irakasleok, bai gurasook eta bai komunitate osoak. Konturatu gabe iritsi gara puntu honetara eta arazoa larria da.

Zuek egoera hori aldatzeko eta hobetzeko teknologia burujabetzaz mintzo zarete. Baina hezkuntzan zer esan nahi du teknologia burujabetzak?

Gaur egun software hauek egiten dutena da ikasleen datu sentsibleak maneiatzea: notak, oharrak, gurasoekiko komunikazioa… guzti hori. Orduan, teknologia burujabetzak zer esan nahi du? Teknologia hori gure esku egongo litzatekeela gure zerbitzarietan edo gure ordenagailuetan. Askotan jendeak uste du hor dagoela hodeia eta hor daudela gure datuak hegan nonbaiten. Baina horiek enpresen ordenagailuak dira. Orduan, teknologia burujabetza, gaur egun ulertzen duguna, batez ere litzateke bai programa horiek guk egitea edo software askearekin egitea, gardenak izatea, programa horrek zer egiten duten jakitea, gure datuekin zer egiten duen, nola funtzionatzen duen, zertarako erabiltzen diren datu horiek eta datu horiek, gainera, enpresa pribatuen menpe ez egotea, baizik eta gure zerbitzarietan edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzarietan kasu honetan.

Software librea, Linux… tresna ezezagun horiek ‘mobida’ handia direla esango dizute

Bai, entzuten dugu askotan eta hori beraien argudioetako bat da. Nik uste dut badaudela arrazoi nahikoak argudio horiek mespretxagarriak izateko. Ez dira zailagoak eta demostratu da urte hauetan eskoletan ezarritako proiektuekin. Nik lan egiten dudan eskolan dena Linux-ekin funtzionatzen da eta ez dago inongo arazorik. Gaur egun ez da inon aditua izan behar horrelako tresnak erabiltzeko. Eta hau azkenean argudio bat da, ematen dizutena zailagoa dela, dena hankaz gora jartzea dela. Baina gaur egungo Windows-a eta duela 5 urteko Windows-a ez dira berdinak. Duela 5 urteko Google-eko aplikazioa eta gaur egungoak ez dira berdinak. Aldatzen joaten dira, eta ohitu egiten gara. Eta ikasleak are eta azkarrago ohitzen dira aldaketetara. Mundu hau oso azkar aldatzen da eta aldaketei ohitzea, hori da behar duguna. Ikasleak edozein plataformatan ondo moldatzea. Eta azkenean plataforma hauek, besteak bezala, erabilgarriak dira. Eta ez daukate inongo arazorik. Beti entzuten da Linux eta horrelakoak oso zailak direla, baina praktikak erakutsi digu ez dela zaila.

Diru publikoa, kode publikoa. Alegia, hezkuntzaz ari gara hitz egiten, baina eztabaida beste esparru batzuetara eraman genezake eta uste dut egoera ere ez dela oso bestelakoa. Hemen diru publikoa, kode publikoa beharko luke?

Hau pixka bat ateratzen da Hezkuntza Librezaleren eginkizunetik. Nik nire iritzia esango dizut, eta gehienon iritzia gure taldean behintzat, hala izan beharko lukeela da. Dirua inbertitzen da aplikazio horietan eta gero kode hori hor geratzen da aplikazioetan bakarrik erabiltzeko. Ez dauka inongo gizartearentzako beste onurik. Guk besteen kode irekia bai hartzen dugu, eta hori guri onurak ekartzen dizkigu. Badirudi dena pribatiboa dela, baina askotan software librea ere konturatu gabe erabiltzen dugu.

Beste hitz potolo bat, eta inkluso esango nuke magikoa, digitalizazioa da. Orain dena digitalizatu egin behar da. Bankuak ixten dira konponbidea delako digitalki kudeaketa guztiak egitea. Prozesu hori oso azkarra dela uste dut aipatu izan duzula hezkuntzan ari garelarik. Eta gainera, hezkuntzaren kasuan kezka azaldu duzue, eta planifikatu gabea aipatu egin duzula uste dut. Zergatik? Zer da hezkuntzan digitalizazioa? Eta zer gertatu da? Denontzat, antza, oso polita omen da.

Hezkuntzan digitalizazioa planteatzen denean, behintzat goi-esferetatik, beti berrikuntza bezala planteatzen da, digitalizazioak digitalizatzeagatik onura ekartzen duelako. Baina hori argi dago ez dela horrela. Eta horren inguruan badaude ikerketak, gure gazteek eta ez hain gazteek ditugun edo dituzten arazoak egun guztia pantailaren aurrean egoteagatik beste gaitasun batzuk lantzeko gaitasuna kentzen digu dena digitalki egiteak. Eta Silicon Valley-ko nagusiek ere hala ikusi dute eta askotan bere seme-alabak digitalizatu gabeko eskoletara eramaten dituzte. Eematen du dena digitalizatzeak onura bat ekarriko duela. Bueno, digitalizazioak emango ditu aukera batzuk, baina digitalizazio hori ez egiteak onura gehiago ekarriko lituzke, guk uste dugu, digitalizazio txar bat egiteak baino. Eta askotan inongo planik gabe digitalizatzen ari da, gainera. Orain plan berriak aurkeztu dira, baina orain arte behintzat, digitalizazio hori inongo planik gabe garatu da. Batzuk etekina aterako diote, baina beste askotan kalterako ere izan daiteke. Ematen du hezkuntza-akordio berrian digitalizatzeaz gero eta gehiago hitz egiten dela. Eta hori guretzako akats oso larria da. Jadanik nahiko digitalizatzen da. Gutxienez aztertu beharko dugu behintzat noraino digitalizatzea den ona eta noraino ez den ona.

Zer jaso beharko luke hezkuntza lege berriak ?

Guk aipatzen ditugun 5 puntu horiek izango litzateke digitalizazio eraginkor, euskaldun eta oso bat lortzeko abiapuntua. Lehen aipatu ditut gauza batzuk, oinarrizko gaitasunak lantzeko digitalizazio on bat egon behar du, euskalduna izan behar du. Eta lehen aipatu dut ere datuen trataera gardena izan behar duela. Guzti horrek eramaten gaitu software librera. Horrek bakarrik baimentzen du datuak gardenak izatea edo programak gardenak izatea. Gure datuekin zer egiten duten jakitea, hori baita gure kezka nagusia. Noraino digitalizatu behar da? Zer digitalizatu behar da? Bi urteko umeek beharrezkoa dute tableta erabiltzea eskolan? Ematen du onuragarria baino, nahiko kaltegarria dela. Horri buruz hausnartzea, hasteko, eta horrekin jarraitzea. Eta gero gure beste kezka iturri bat da nola hainbeste Agenda 30ri buruz hitz egiten dugun eta nola xahutzen den materiala, ordenagailu berriak etengabe. Software libreak bai uste dugu material horien bizitza luzatzeko balio duela. Orain Europako funtsak iritsi direnez, ez dakit zenbat milioi ordenagailu erosteko apustua egin da, denak berriak eta 4 urteko bizitza edukiko dutenak. Chromebook-ak eta baita PC-ak, baina denak 3 edo 4 urterako. Orduan, hori ere kezka iturri bada. Badago, gainera, orain Iparraldean ikastoletan egin duten esperientzia polit bat, gure ordenagailu zaharrak bergaitu eta Chiquilín US izeneko sistemarekin jarri dituzte. Eta esperientzia polita izaten ari da eta pozik daude.

Badira beste esperientzia batzuk hemen, Euskal Herrian bertan. Zuk zeuk aipatu duzu zure eskolan aritzen zaretela software librearekin. Ohiko ereduetatik ateratzen dena. Baina nondik hasten da aldaketa? Gurasoak, irakasleak, ikasleak, udala, diputazioa, Jaurlaritza…? Zein da katea? Nondik hasten da?

Katea definitzea oso zaila. Batzuetan izan daiteke guraso kezkatuen presioa eragiteak, beste batean izan daiteke irakasle batek interesa edukitzea eta bere eskolan lan hori sustatzea. Askotan hazi txiki batek erakusten dio beste bati, kezka sortzen du eta esperimentatzen hasten da. Bina modu horretan egitea oso-oso zaila da. Azkenean erraldoien kontra gaude lanean eta horregatik ere bi bide jorratzen ditugu. Hezkuntza Librezalen ematen ditugu hitzalditxoak edo tailertxoak eskoletan. Ahoz aho gero eta jende gehiago batzen zaigu, kezkatuta. “Zer egin dezaket nik ez badut nahi nire semeak Google erabiltzea eskolan? Zer aukera ditut?” Eta aukera gutxi dituzte, egia esan. Eta gero, beste aldetik, aipatu duzuna, Hezkuntza Lege berrian saiatu gara eragiten. Oso zaila da. Gauza batzuk kontuan hartu dira, hori egia da sorpresaz hartu dugula, baina ez da nahikoa. Nahiko lausoa da azkenean esaten duena, orduan horrekin gero zer egin edo zer ez egin zaila da definitzea. Baina, emendakinak berriro aurkeztuko ditugu . Eta toki guztietatik eragitea da gure helburua. Esperientziak partekatuz, ale txikiak sortuz. Badaude berritzegune batzuk horren apustua egin dutenak… Poliki-poliki eredu hori zabaltzen hasi da. Egia da gero eta traba gehiago ditugula. Chroomebook-ak iristen dira eskoletara, eta hor ezin da ezer instalatu zuzenean Eusko Jaurlaritzak esaten dizulako Microsoft edo Google erabili behar dituzula. Ez dizu beste aukerarik ematen. Beraz, tranpatxoak egiten ibiltzen gara. Ordenagailuak ez dakit nola borratuz edo ahal den bezala beste plataforma batzuk erabiliz, erabiltzaileak gurutzatuz edo ahal dugun bezala. Eta bai sumatu dugu lehen zela pixka bat “utziezu horiei egiten nahi dutena, ez diegu lagunduko, baina, hor daude”. Eta azken urteetan bai, pixka bat kontrako jarrerak topatu ditugu. Edo gero eta traba gehiago jartzen dizkigutela.

Aipatu duzunaren ildotik, agian galdera erretorikoa da, baina hori legala al da? Beste edozein motatako obretarako edo proiektuetarako lizitazioak ateratzen dira. Aurkezten dira proposamenak eta orduan horien artean bat aukeratzen da irizpide batzuen arabera. Hemen dirutza mugitzen bada ere, Microsoft-ekin aspaldiko harremana dago eta Google sartu da ateak irekita ez hurrengoa, baina hor ez dakit egon den nonbaiten azterketaren bat, aukeratu egin da eta Google-ek irabazi du irizpide batzuen arabera.

Esaten den bezala ‘Hecha la ley, hecha la trampa’. Nik uste dut hortik jokatzen dutela. Baina egia da inongo momentuan ez dela mahai gainean beste aukerarik jartzeko aukera egon. Eta ez dakit zein punturaino legala den. Egia esan, hautu politikoa da.

Baliabideez ez dizut galdetu eta ere hitz egin zenuten Legebiltzarrean egon zinetenean. Digitalizazioa hain gai garrantzitsua izanda, horren gaineko ardura duen pertsona edo pertsonak, batzuetan soinketako irakasleari izatea tokatzen zaio, beste inor ez dagoelako. Hori ez dakit beste arlotan gertatzen den, baina hainbesteko pisua baldin badu digitalizazioa, horrekin lotutako giza baliabideak behar dira kasu honetan.

Bai, giza baliabide aldetik argi dago hor hutsune galanta dagoela. Ez dago prestakuntza berezirik, baietz esango dizute, baina ez da nahikoa. Eta, alde batetik, zer-nolako digitalizazioa nahi dugun eskola bakoitzean erabakiko duen pertsona hori izan daitekeela pedagogo edo irakasle profila edo eskatuko genuke, baina baita teknikari bat zein trasteatuko duen, konponduko duen…

Gaur egun lan guzti hori pertsona bakarrak egiten du eta zuk esan duzun bezala izan liteke Gorputz Hezkuntzako irakaslea, musikako irakaslea pixka bat ordenagailuekin ibiltzea gustatzen zaiolako. Eta askotan jende honek Google sustatu du. Zergatik? Errazena izan delako edo errazen jarri diotelako hori erabiltzea, ez errezagoa delako berez. Baizik eta Eusko Jaurlaritzak Google eta Microsoft-eko formakuntzak antolatu dituelako.

Oso ahaldunduta egon behar duzu agian hortik ateratzeko, ezta?

IÑIGO: Bai, azkenean, ahaldunduta, informatuta… ez da gai bat kalean pil-pilean dagoena eta hori da oztopoa askotan. Guretzako gauza inportantea da, baina badakigu oro har gizartean ez dela lehenengo mailako gai bat edo garrantzi handirik ematen ez zaiona. Eta jendea ahalduntzea da gure helburuetako bat.

Ez zaio garrantzia ematen agian hemen, beste zenbait lekutan badira beste adibide batzuk nahiko interesgarriak. Legebiltzarrean batzuk aipatu zenituzten, Alemaniak berak erabaki duela eskoletan Google, Apple, Microsoft-en zerbitzuak ez erabiltzea. Frantziako Gobernuan Nextcloud erabiltzen dute. Baina agian hezkuntza aldetik interesgarria dena gertutasunagatik, Bartzelonan egin dutena.

Bai, Katalunia aldean juntatu ziren guraso-talde bat gai honekin kezkatuak zeudenak, eta kontaktatu zuten Xnet-ekin, han dagoen elkarte batekin. Konturatu ziren beraien seme-alabek Google erabiltzen zutela inongo baimenik sinatu gabe, edo batzuetan bai baimena sinatuta, baina zergatik erabili behar zuten? Eta martxan jarri ziren eta hAXIERa batean ematen zuen Kataluniako Gobernuarekin akordio batera iritsiko zirela, baina azkenean Kataluinako Gobernuak ere Google-ekin sinatu zuen eta hori bertan behera geratu zen. Eta Bartzelona hirian bertan bai udaletxearekin lortu zuten finantziazio bat Google lehen ekosistema erreplikatzen zuen software libreko beste ekosistema bat sortzeko. Beraien beharretara egokitzen zena, haien zerbitzari seguruetan egongo zena. Ze beti ez du izan behar gure zerbitzaria, badira zerbitzari seguruak eskaintzen dituzten enpresak. Eta orduan programa pilotu bat egin dute aurten Bartzelonako 3 edo 5 eskoletan software honekin lainoan lan egiteko Google Drive, e-mail-a, Classroom-a ordezkatzen duena. Hauek guztiak batu dituzte eta datorren urtean beste zenbait eskoletara zabaltzeko asmoa dute.

Xnete-ko taldekide bati irakurri diot hau Europako errekonkista digitalaren hAXIERa dela. Nahiko hitz potoloak dira, baina gero ikusten duzu zenbat balio izan duen. 140.000 euro gastatu ditu udalak. Bartzelona bezalako udal batentzat… Hau da, hitz egiten dugu kriston-aldaketa izango dela baina gero errealitatean ez dirudi borondate politikoa besterik ez dela.

Horrek argi uzten du dirua ez dela arazoa. Arazoa, borondate politikoa, interesak eta holakoak edo ezjakintasuna batzuetan ere. Nik uste dut ere hor badagoela borondateaz gain. Baina bai, horrelako proiektu potoloa 140.000 euroekin egiten bada… Lizentzietan ez dakit zenbat pagatzen den urtean, baina askoz askoz gehiago. Eta Azkenean hori egina dago, librea da, eta hori bakarrik egokitu beharko litzateke eta hemengo zerbitzariak pagatu. Ematen du zerbitzariak ezin direla pagatu oparitzen dizkigutelako. Baina zerbitzariak pagatu egin behar dira eta dirua ez litzateke huskeria izango. Ez dut uste gaur egun gastatzen denaren askoz gehiago izango zenik. Seguru gutxiago izango zela.

Eta gero ere bada beste puntua, kilometro 0 elikadura-burujabetzan askotan aipatzen dena bertakoa kontsumitu, garaikoa, etab. batez ere inguruko ekoizleak babesteko. Eta honetan ere hor haritu direnak denak Bartzelonakoak dira. Eta aldiz, multinazionalen menpeko eredu honetan ematen du agian gaitasun tekniko faltagatik kontratatu egin behar ditugula Kaliforniako enpresa horiei, ezta?

Gainera, zorionez Euskal Herrian baditugu enpresa dezente software librearekin aritzen direnak, gai hauetan adituak direnak eta desiratzen egongo liratekeenak holako proiektuetan parte hartzea. Horrek ekarriko luke ekonomia lokala sustatzea. Eta alde horretatik ere uste dugu dena onurak izango litzatekeela. Jakintza hemen geratuko litzateke, eta baita arlo ekonomikoak Euskal Herriko gizartean edukiko luke bere buelta. Dena alde horretatik onurak izango lirateke.

Orduan Euskal Herrian zer? Zein urrats egin beharko genituzke hori bezalako proiektu bat egiteko. Alegia, Macron legea borrokatu behar da kasu honetan hezkuntza-legean orbaintzeko, edo kezka duen jendea maila lokaletik nondik hasi?

Bai, hor badago Macron legea eta erabaki genuen hor ere eragin behar genuela. Eduki genituen gure zalantzak, baina azkenean erabaki genuen baietz, ez genuela ezer galtzera saiatzeagatik. Baina gure hAXIERetan beti pentsatu dugu kezka hori sortzen, gizartean zabaltzen, jendeari informazioa emanez, jendea kontura dadin ze arazo potoloa dugun hezkuntzan, gizartean ere bai, baina gure kasuan hezkuntzan, eta alde horretatik gero eta jende gehiago eta guraso gehiago hurbiltzen zaizkigu. Badugu Telegram kanal ireki bat, Hezkuntza Librezale izenekoa, eta hor dudak kontsultatu daitezke eta giro hartan debatitzen edo hitz egiten dugu. Nik uste dut ez daukatela botere gehiena tamalez, baina gurasoek azkenean zerbait nahi badute edo indarra lortzen badute, hortik etor daiteke aldaketa. Orduan, bi aldeetatik bi bide horiek jorratu ditugu eta jorratuko ditugu okurritzen zaizkigun bide guztiak.

Ez dakit zerbait gero nahi duzun edo zer utzi dugun hortik.

Ez, uste dut nahiko eta zabal hitz egin dugula eta eskertzea hona gonbidatzeagatik. Eta jendea kezka badu, animatzea Telegram kanalera sartzera edo hezkuntza@librezale.eus helbidera idaztera edozein dudarekin edo nahi badute hau esplikatzea joatea edozein herritarra edo eskoletara saiatzen gara edo ahal dugun heinean. Azkenean talde bat gara, ez daukagu inongo antolakuntza ofizialik, baina taldean biltzen gara, edo lagundu nahi duenak gu prest gaude ere.

Eskerrik asko, Iñigo. Hurrengora arte.