.
“Uste dugu Euskal Herrian haurrentzat tradizioko kantuak berreskuratzeko, moldatzeko, egokitzeko eta berriak sortzeko egin den eta egiten ari den ahalegina izugarria dela, batez ere euskararen irakaskuntzarekin lotuta.”
Arantza eta Mari Karmen (Haur Hezkuntzako irakasleak) euskal kantak irakasleen eguneroko jardueran txertatzeko zailtasunak sumatu zituzten, ez baitaude inon bilduta, eta are gutxiago gaien araberako sailkapenik eginda. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako EIMA diru-laguntzaren bitartez Abestuz Ikasi proiektua martxan jarri dute, haurrentzako euskal abestien katalogoa.
Jasotako kanta guztiak ikasgelan erabil daitezkeen gaiekin lotu dituzte (Haur Hezkuntzako curriculum berriari jarraiki), hezitzaileen ikaskuntza-prozesuen plangintzan lagungarri izan daitezen. Modu honetara, irakasle, hezitzaile zein gurasoen artean elkarreragina sortzea bilatzen da, ezagutza partekatu eta belaunaldien arteko transmisioari lagunduz.
Iametzan gure aletxoa jarri dugu, haurrek sortutako ilustrazioetatik abiatuta, webgunea diseinatu eta garatuz. Bertan, abestiak izen edo gaiaren arabera bilatzeko aukera gehitu da, eta abesti bakoitza fitxa batean topatu ahalko da informazio gehigarriarekin.