
ARGIAk mende bat baino gehiagoko euskarazko kazetaritza-ondarea jarri du denon eskura, doan eta lizentzia librean. Hemerotekak 1919an Iruñean sortutako Zeruko Argia aldizkaritik gaur egunera arteko argitalpenak biltzen ditu: 150.000 orrialde baino gehiago, ehunka kazetari eta idazleren lana eta Euskal Herriko historiaren lekuko diren milaka artikulu. Bilduman, besteak beste, Argia, Txistu, Larrun eta TXT argitalpenak aurki daitezke. Eduki guztiak digitalizatuta daude eta bilaketak egiteko moduan, euskal kazetaritzaren eta kulturaren memoria kolektiboa ikertzaile, irakurle eta herritarren eskura jarriz.
Ondare horri sarbidea errazteko, ARGIAren Hemeroteka-atala berritu dugu, erabiltzailearen esperientzia diseinuaren ardatz hartuta. Lanaren abiapuntua pantaila guztiak identifikatzea eta haien egitura zehaztea izan da; ondoren, wireframeen bidez, nabigazio-ibilbideak, interakzioak eta erabiltzaileari helarazi beharreko mezuak landu ditugu. Helburua informazio-bolumen handia modu argi eta ulergarrian antolatzea izan da, erabiltzaileak bilatzen duen edukia erraz aurki dezan eta bilduman modu naturalean nabiga dezan.
Horretarako, diseinu berriak itxura garaikidea eta erabilera intuitiboa uztartzen ditu, eduki historikoen aniztasunari erantzuten dion esperientzia koherentea eskainiz. Horrela, Hemeroteka ez da artxibo digital zabal bat soilik: euskarazko kazetaritzaren historia ezagutzeko, kontsultatzeko eta berrerabiltzeko tresna irekia da. Edukiak Creative Commons BY-SA lizentziapean eskaintzen dira, egiletza aitortu eta baldintza beretan partekatzeko.

