Digitalizazio Arduratsua gazteen artean kontzientzia digitala sustatzea helburu duen egitasmoa da. Apika Steam egitasmoaren barruan, ikasmaterial berria sortu da gaia ikasgeletan landu ahal izateko. Horrela, belaunaldi berriek teknologiaren eta ingurune digitalaren erabilerari buruz hausnartzea eta kontzientzia garatzea bilatzen da. Izan ere, gazteen egunerokoan oso presente daude teknologia, sare sozialak eta ikus-entzunezko edukiak; horregatik, funtsezkoa da horien erabilera arduratsua eta kontzientea lantzea. Hori dela eta, lan honetan teknologia burujabetzaren eta digitalizazio arduratsuaren inguruan pentsatzeko, ikasteko eta ondorioak ateratzeko hainbat ariketa proposatzen dira.

Sekuentzia didaktiko hau DBH 1. eta 2. mailako ikasleentzat pentsatuta dago, eta bertan erabilgarriak izango diren baliabide didaktikoak biltzen dira. Lantzeko proposatzen diren gaien artean, datuen babesa, ingurune digitala, sare sozialak, identitate digitala, hizkuntza gutxituak, emakumearen presentzia teknologian, kutsadura digitala eta alternatiba digital burujabeak azpimarra daitezke, besteak beste.

Edukiak 6 bloketan banatuta daude, eta bloke bakoitzean 55 minutuko 3 saio proposatzen dira. Irakasle bakoitzak bere beharretara egokitu dezake materiala, saio bakarra eginez, edo eduki blokea osorik.