Iametzan bi urtez Hernani Burujabe herri-proiektuaren komunikazio orokorra koordinatu dugu TaPuntu eta Bira Produkzioak ekoiztetxearekin elkarlanean. Hasiera batean Hernani Burujaberen baitan sortutako sektoreen komunikazio beharrei erantzuten eta euskarrien diseinu eta produkzio lanetan aritu ginen. Baina hasieratik helburua izan zen sektore bakoitzak komunikazio gaietan autonomia lortzea. Horretarako formakuntza saio desberdinak eman genizkien sektoreetako arduradunei, bai Tapuntu kooperatibako kideek zein Iametzako komunikazio lan-taldeak (hedabideekin harremana, sare sozialen kudeaketa, kartelen diseinua..). Behin sektoreen ahalduntzerako oinarriak ezarrita, bigarren fase batean Hernani Burujaberen komunikazio orokorrean zentratu gara (komunikazio estrategikoa, prentsa bulegoko zereginak, euskarri orokorren produkzioa, ‘Negozioa bada, ez da eskubidea’ kanpaina, webgunea…).
Zer da Hernani Burujabe?
Hernani Burujabe herri-proiektuak egungo ereduen aurrean alternatiba bidezkoagoa eta burujabeagoa sortzea du helburu justizia sozial eta ekologikoa eta planifikazio eredu publiko-ekonomiko-komunitarioa ardatz hartuta. Proiektuaren zutabeak hiru dira: erakunde publikoak (Udala), ehun ekonomikoa (enpresa txiki eta ertainak, kooperatibak eta enpresa publikoak) eta herritarrak. Egun zazpi burujabetza sektore identifikatu dituzte eta horietan guztietan martxan dituzte proiektuak.
Webguneak
Hernani Burujabe egitasmoaren baitan bi webgune sortu ditugu:
- 2023ko Burujabetzak Jardunaldien webgunea.
- Hernani Burujabe webgune berria: Webgune honen helburu nagusiak dira, Hernani Burujabe egitasmoa ahalik eta modu argienean gizarteratzea eta informazio eguneratua herritarrei eskaintzea. Horretarako ‘Albisteak’ atala sortu da. Bestalde, egitasmo hau hainbat sektoreen batuketa dela erakutsiz, burujabetza arlo bakoitzak bere orrialdea du webgunearen baitan, non sektore bakoitzari dagozkion proiektuak, albisteak, eragileak, adierazleaketa multimedia artxiboak bistaratzen diren.
Euskarri fisikoak
Herritarrak Hernani Burujabe proiektuaren ardatzetako bat izanda, hasieratik ezinbestekoa izan da hernaniarrei ezagutzera ematea. Ezagutarazteko biderik zuzenena informazioa etxe bakoitzeko buzoiraino eramatea da eta horretarako aukeratu zen formula aldizkariarena izan zen.
Hala, Hernani Burujabe aldizkariaren hiru ale diseinatu, maketatu eta edukiz hornitu ditugu. Helburua herritarrek maiztasun jakin batekin Hernani Burujaberi buruzko informazio zehatza jasotzea izan da.
Aldizkariaz gain, beste hainbat euskarri fisikoen sorkuntzan lagundu dugu (agerkaria, kartelak, flyerrak…).
Sare Sozialen kudeaketa
X, Instagram eta Mastodon sareen profilak kudeatzeaz gain, proiektuaren gaurkotasuna jarraitzeko beste bide bat ireki dugu Hernani Burujabe Telegram kanalaren bidez. Bertan agenda, albisteak, batzarrak edo intereseko informazioa zabaltzen da.