PuntuEus Fundazioak NI.eus plataforma 2020an jarri zuen martxan, komunitateari doako posta elektroniko euskaldun eta segurua eskaintzeko helburuarekin. Proiektuak oihartzun handia izan zuen hasieratik, 7.000 helbidetik gora sortzera iritsiz. Hala ere, 2025ean testuingurua nabarmen aldatu zen: merkatuak jauzi handia eman zuen, plataforma teknologiko handiek zerbitzuak abiadura bizian garatzen zituzten, eta, gainera, Fundazioaren bidelagun teknologikoa desagertu zen.

Egoera horren aurrean, eta PuntuEus Fundazioarekin genuen aliantza estrategikoari jarraipena emanez, NI.eus berritzeko proiektuari ekin genion. Helburua ez zen soilik plataforma teknologikoa eguneratzea, baizik eta haren gaineko zerbitzu tekniko osoa bermatzea; horrela, gaur egun gure lan-ildoetako zutabe estrategikoetako bat bihurtu da.
Berritze-prozesua hiru ardatz nagusiren inguruan garatu dugu:
- Interfazea erabat berritu dugu, erabiltzailearen esperientzia ardatz hartuta: diseinu intuitiboagoa eta erabilerrazagoa landu dugu, eta, aldi berean, NI.eus markaren itxura eguneratu dugu.
- Funtzionalitate berriak integratu ditugu, Nextcloud software librean oinarrituta, hodeiko plataforma seguru bat eskainiz; horri esker, posta elektronikoaz harago, lankidetza-tresna osoak eskaintzen dira leku berean, hala nola dokumentuen edizio kolaboratiboa, egutegiak, kontaktuak, txata edo bideo-deiak.
- Eskaintza bera zabaldu dugu: oinarrizko zerbitzua doakoa izaten jarraitzen du, baina erabilera aurreratuagoetarako eta publiko berrietara iristeko Plan Aurreratua eta Taldeko plana sortu ditugu.
Guzti hau proiektuaren oinarrizko balioei eutsiz garatu dugu: datuen pribatutasuna, euskarazko ingurune digitala eta iragarkirik gabeko zerbitzua. Emaitza gisa, ni.eus gaur egungo beharretara egokitutako plataforma sendo eta eskalagarria da, komunitateari balio erantsia eskaintzen jarraitzen diona.

