1. iametza
  2. Proiektuak
  3. Zikloan, hilerokoa ulertzeko aplikazioa

Zikloan, hilerokoa ulertzeko aplikazioa

Bezeroa:

2023

| Webguneak eta aplikazioak, Marka eta komunikazio lanketak

| Bestelako tresnak| Bestelakoak

Duela urte batzuk konturatu ginen hilerokoaren jarraipena egiteko aplikazio desberdinak daudela, baina euskaraz bakar bat ere ez. Hala, Ara!Gorputz elkartearekin batera, Zikloan proiektua elkarlanean aurrera eramatea erabaki genuen, hilerokoaren kultura orokorrean zabaltzen laguntzeko.

Zikloan webguneak nerabe eta gazteei zuzendutako eduki pilulak eta ilustrazioak biltzen ditu batik bat, formatu arinean emanak (esuskaraz sortutako meditazio audioak ere eskaintzen ditu). Hilerokoaren zikloari buruzko informazioaz gain, norberaren zikloaren jarraipena egiteko eta norberaren gorputza hobeto ezagutzeko funtzionalitate desberdinak ditu aplikazioak. Esate baterako, zikloaren egun kopurua erregistratzeko aukera, irregulartasun posibleak detektatuz; edo zikloko egun desberdinetan norberak antzematen dituen seinaleak erregistratzeko funtzionalitatea (fluxu jarioa, emozioak, ondoeza, energia eta portaera aldaketak).

Zikloan-en helburua ez da haurdunaldiak lortzeko edo saihesteko tresna bat izatea, nahiz eta norberaren gorputzaren ezagutza hobea izateak horretan ere lagundu dezakeen. Bestalde, Zikloan-en erabiltzaileen datuak etorkizunean hilerokoaren inguruan egin daitezkeen ikerketa feministetarako soilik baliatuko dira, modu anonimoan, aplikazioan izena ematen dutenek horretarako baimena ematen badute.

Edukiak prestatzerako garaian Leire Aperribai eta Ara!Gorputz elkartearen laguntza izan dugu. Leire Aperribai arrasatearra da, psikologian doktorea. Hilerokoaren aurreko nahaste disforikoa detektatzeko tresna garatu zuen eta horri buruzko tesia aurkeztu zuen. Ara!Gorputz-eko kideak irundarrak eta feministak dira, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sustatzaileak eta herri pedagogia feministan arituak. Azken hauekin elkarlanean proiektuaren bigarren fasea gauzatu dugu, heziketa parekidean oinarritutako informazioari garrantzia emanez.

Teknologiari dagokionez, Zikloan web aplikazio bat da, web progresibo modura garatua izan dena. Hau da, mugikorreko aplikazio baten modura instalatu daiteke sakeleko telefonoan, baina web ingurune batean garatua izan da.