Aipatu teknologiek komunikazioa eta marketin gaietan duten aplikazioan jarriko dugu begirada. Hau da, irakurlea, eroslea edo publikoa oro har hobeto ezagutzeko sistemak; eskaintza pertsonalizatuak egitea ahalbidetzen duten teknologiak; eta hizkuntza naturalaren bidez bilatzen duguna ematen diguten sistemak, besteak beste.
Urtero bezala, Euskarabilduak bertako hizlariez gain, nazioarteko hizlariak bilduko ditu: Christina Stathopoulos Nielsen etxeko kide izandakoak eta gaur egun Google-en ari denak eskainiko digu sarrera hitzaldia, ondoren Majken Sander danimarkarrak open datari buruz hitz egingo digu, enpresek datu irekiak nola baliatu ditzaketen azalduz eta Tobias Kammann alemaniarraren eskutik ezagutuko ditugu errealitate birtualari eta areagotuari buruzko adibide praktikoak.
Euskarabilduaren helburua da kanpoko esperientzietatik ikastea, bertan egiten duguna hobeto ezagutzea eta informazio horretatik guztitik praktikan jar daitezkeen ideiak eta asmoak irudikatzea, baita ere testuinguru bakoitzean euskarak jokatzen duen papera zein den edo eta izan behar duen gogoetatzea.
Iametzako lan-taldeak sei urte daramatza Euskarabildua antolatzen, ez dugu hasierako ilusioa galdu, are gehiago, gero eta gogo gehiagorekin egiten dugula esango nuke. Eta ilusio horretatik abiatuta, aurtengoan Euskarabilduari beste bi helburu gehitzea pentsatu genuen, erronka gisa:
- Industria 4.0 olatutik aldentzea eta Kultur eta Sormen Industriaren (KSI) papera aldarrikatzea: Azkenaldian adimen artifiziala, big data, errealitate birtuala edo areagotua teknologiei buruz hitz egiten entzuten dugu etengabe, baina gehienetan teknologia horiek industria 4.0 testuinguruan ematen dira, enpresa industrialetan izan ditzaketen aplikazioei buruz hitz egiten da eta ezer gutxi aipatzen da teknologia horiek komunikazio eta marketin esparruan izan dezaketen aplikazioari buruz. Iametza enpresa teknologiko-komunikatzailea da eta gu gertuago gaude bezeroekiko salmenta eta publikoarekiko harreman prozesuetatik, produkzio prozesu industrialetatik baino. Euskarabilduaren bidez, industria 4.0 testuingurutik at, teknologiak baduela aplikazio eremu bat erakutsi nahi izan dugu, ez Euskal Herrian ez beste inon guztia ez baita makina erreminta. Eusko Jaurlaritza Kultur eta Sormen Industria bultzatu nahian dabil, ez dakit ahalegin horrek zer emaitza emango dituen, baina Euskarabilduaren bidez guk gure aportazioa egin nahi izan dugu, sektore horren papera aldarrikatuz. Zentzu honetan esan, Iametzari gertukoak zaizkion lan eremuak (euskarari lotutako aplikazio edo/eta teknologiak; eduki digitalak orokorrean eta komunikazioa eta marketina) KSI-ren azpisektoreak direla.
- Teknologia alorrean emakumeen ikusgarritasuna bermatzea: IKT alorrean mundu mailan emakumeen presentzia %30era iristen ez den garaian (iturria: World Economic Forum), uste dugu teknologiari buruzko jardunaldi batean emakumeen ikusgarritasuna bermatzea derrigorrez bete-beharreko zeregin bat dela. Ahalegin berezia egin dugu horretan eta ahalegin horrek emaitza batzuk eman ditu. Nazioarteko hiru hizlarietatik bi emakumeak dira eta egitarauko parte-hartzaile guztietatik %60.
Bide batez, lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskarabilduan izena eman duzuen guztioi, baita ekonomikoki lagundu diguzuenoi zein zabalkundean laguntzaile izan zaretenoi. Kursaal-ean alokatua genuen gela txiki geratu zaigu eta beste bat alokatu behar izan dugu, 200 lagunentzat prestatua. Ostegunean elkar ikusiko dugulakoan gaude eta jardunaldiak zuen intereseko izango direla espero dugu.