Mastodon microblogging sare sozial libre eta deszentralizatua da. Twitter, Facebook, Instagram… zentralizatuak dira eta multinazional handiak dituzte atzetik, baina Mastodonen kasuan hori ez da horrela. Elkarrekin federatutako milaka komunitate daude fedibertsoan (unibertso federatuan). Instantzia ezagunena mastodon.social da eta Mastodonen garatzaileek mantentzen dute, baina aukera zabala dago. instances.social webgunea instantzien aurkibide modukoa da eta tresna interesgarria da zure gogoko komunitatea aurkitzeko. Horietako batzuk hizkuntz komunitateentzat sortuak dira, adibidez, katalan hiztunen mastodont.cat eta portuges hiztunen masto.pt. Hainbatek aipatu dute euskarazko erabiltzaileentzat instantzia bat sortzeko aukera ere. Bikaina izango litzateke egia esan.
Iazko maiatzean kontu pertsonal bat sortu nuen mastodon.cloud instantzian, bolo-bolo zebilen Mastodonen hori zer zen jakin nahi nuelako. Egia esan ez dizuet instantzia hori gomendatzen, askotan erortzen baita. Duela aste pare bat mastodon.social instantzian ARGIA, iametza eta niretzako kontuak sortu nituen eta askoz finago dabil.
Kontuak sortu aurretik edukiak argitaratzeko moduak aztertu genituen. Aukera hauek ikusi genituen:
- Edukiak eskuz sortzea. Edukiaren kalitate aldetik aukerarik egokiena da zalantzarik gabe. Mastodonen web interfaze nagusiak ez du toot-ak programatzeko aukerarik ematen baina Android gailuetarako Mastalab izeneko aplikazioak bai, gainera euskaraz erabil daiteke Librezaleri esker. F-droid izeneko software librearen biltegitik edo Google Playtik eskura dezakezue:
- Edukiak modu automatizatuan argitaratzea. Albiste asko argitaratzen direnean aukera interesgarria da baina edukiak modu honetan gehitzea inpertsonalagoa da. Edukien iturburuari dagokionez hainbat aukera daude, horien artean:
- Twitterretik elikatzea. Badaude Twitter-eko kontu bateko txioak RSS jario bihurtzen dituzten tresnak baina aukera honek ez gintuen konbentzitu. Twitter-eko erabiltzaile-izenen estekak hautsita agertzen dira, txiokinaren esteka laburtzaileak sortzen dituen t.co esteka itsusiak agertzen dira… Gainera modu honetan Mastodongo edukiak Twitterrekoen kopia huts bihurtzen dira eta ez zen hori guk nahi genuena.
- RSStik elikatzea. Aukera hau egokiagoa iruditu zitzaigun, eduki txukunagoak sortzeko aukera ematen baitu.
- Aurreko aukeren konbinazio bat. Automatizatutako edukiaz gain eskuz sortutako edukiak ere argitaratu daitezke, besteen toot-ak bultzatu edo gogoko eman, beste erabiltzaileekin elkarrizketak izan…
iametzaren kasuan edukiak eskuz gehitzea erabaki genuen baina ARGIAk sortzen duen albiste bolumena ikusita, azken aukeraren alde egitea gomendatu genien.
Mastodonen edukiak argitaratzea RSS jario batetik software librea erabiliz
Tutorial honetan informatikako ezagutzak dituzula suposatzen da. Hala ez bada eta zure erakunde, elkarte, enpresa edo dena delakoaren RSS jarioaren edukiak Mastodon-en automatikoki argitaratu nahi badituzu, gurekin harremanetan jar zaitezke.
RSS jarioetatik elikatuz Mastodonen toot-ak bidaltzeko aurkitu genituen software libreko tresnak aztertzeari ekin genion orduan. Egokiena feed2toot iruditu zitzaigun. Aukera asko eskaintzen ditu, dokumentazio txukuna du… baina proba batzuk egin ondoren arazo pare bat aurkitu genizkion:
• Ez ditu RSSko irudiak hartzen.
• HTML entitateak (karaktere bereziak) ez ditu dagokien karakterera itzultzen.
feed2toot GNU GPLv3 lizentzia duen software librea da eta iturburu-kodea Gitlaben dago. Aurkitu genizkion arazoak konpontzen dituzten merge requestak badaude, baina garatzailea azken aldian denboraz larri dabilela dirudi eta oraindik onartu gabe daude. Esan bezala, zorionez, software librea da eta horri esker arazo horiek konpondu eta gure beharretara egokitutako fork bat sortu genuen. Gure Gitlabeko kontuan aurki dezakezue iturburu-kodea. Hemen duzue, adibide bezala, modu honetan argitaratutako toot bat:
RSS jario batetik Mastodonen toot-ak automatikoki nola argitaratu azalduko dizuet jarraian. Guk Debian 9 duen zerbitzari bat erabili genuen baina beste GNU/Linux banaketa bat nahiago baduzu erraz egokitu daiteke.
1. Lehenik gure forka klonatu behar da git erabiliz:
git clone https://gitlab.com/iametza/feed2toot.git
2. Sortutako karpetara sartu:
cd feed2toot/
3. feed2toot instalatu:
python3 setup.py install --install-scripts=/usr/bin
Errore mezu hau agertzen bada, Python3ko setuptools modulua falta delako da:
ImportError: No module named 'setuptools'
Kasu horretan, setuptools modulua instalatu behar da eta ondoren berriz saiatu:
apt-get install python3-setuptools
4. Gure kontuan toot-ak automatikoki argitaratu ahal izateko autorizazioa eman behar diogu feed2toot-i. Horretarako exekutatu komando hau:
register_feed2toot_app
Hainbat datu eskatzen ditu, lehenik Mastodon instantziaren URLa:
Mastodon instance URL (defaults to https://mastodon.social):
Ondoren, saioa hasteko helbide elektronikoa eta pasahitza galdetzen ditu:
Mastodon login:
Mastodon password:
Dena ondo joan bada, mezu hau agertuko da:
feed2toot was added to your preferences=>authorized apps page.
5. feed2toot.ini izeneko fitxategi bat sortu behar da. Ondorengoa erabil daiteke eredu bezala. Instantziaren eta RSS jarioaren URLa dagokionarekin ordezkatu behar dira eta toot jartzen duen lekuan nahi dugun formatua jarri. Adibidean, RSSko izenburua eta esteka erabiltzen ditu, aukera gehigarrietarako begiratu dokumentazioa.
[mastodon]
instance_url=https://mastodon.social
user_credentials=feed2toot_usercred.txt
client_credentials=feed2toot_clientcred.txt
; Default visibility is public, but you can override it:
; toot_visibility=unlisted
[cache]
cachefile=cache.db
[rss]
uri=http://www.argia.eus/rss/haria
toot={title} {link}
6. feed2toot exekutatu eta RSStik hartutako toot-ak automatikoki bidaltzeko prest daukagu dena. Horretarako komando hau erabiltzen da:
feed2toot -c /dagokion/bidea/feed2toot.ini
Nahi izanez gero, edukia ondo hartzen duen ikusteko, ezer bidaltzen ez duen proba bat egin dezakegu. Horretarako --dry-run
aukera erabili behar da. RSSan dauden albiste zaharrak ez baditugu argitaratu nahi, --populate-cache
aukerarekin exekutatu behar da lehenik.
Maiztasun jakin batekin, adibidez, orduero puntuan, RSStik edukiak hartu eta argitaratzeko cron lan bat sortu daiteke:
0 * * * * /usr/local/bin/feed2toot -c /dagokion/bidea/feed2toot.ini
Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.