Euskal ikastetxeetatik errekuperatu eta birgaitutako 400 eramangarri baino gehiago eraman dituzte Afrika iparraldeko Errachidia eskualdeko ikastetxeetara, baita Nepal eta Ghanako bi ikasgelatara ere, Elkartenet eta Agharas elkarteek sustatutako ekimenean.
Maiatzean “Pinguinoak desertuan: Eskola 2.0ko eramangarriak TxikiLinuxekin amazig haurrentzat” artikuluan kontatu genizuen bezala, Agharas Bizkaiko amazig elkarteak eta Elkartenetek haurrei zuzendutako TxikiLinux sistema eragile librea instalatutako 22 ordenagailu eraman zituzten Afrika iparraldeko Errachidia (Imetɣaren amazigeraz) eskualdera, bertako ikastetxeetako irakasleei aurkeztu eta formazioa emateko. Geroztik jarraipena eman diote ekimenari, eta irailean 400 gailu baino gehiago eraman dituzte bertara. Horretaz gain, Nepaleko eta Ghanako bi ikasgelatara ere iritsi dira euskal ikastetxeetatik errekuperatutako ordenagailuak.
Eskola 2.0ko Toshiba Satellite eramangarriak ez botatzeko eskatu die Elkartenetek Euskal Herriko ikastetxeei. Luberri hezkuntzarako sistema eragile librearen sortzaile eta Hezkuntzan Librezaleko kide Alex Gabilondok dioen bezala, ordenagailu horiek lan handiak egin ditzaketelako oraindik, maitasun pixka batekin, hau da, RAM memoria gehituz eta disko gogorra SSD batekin ordezkatuz.
Berreskuratutako Eskola 2.0ko 400 eramangarri amazig haurrentzat
Irailaren 16an atoidun furgoneta batean 400 eramangarri eta mahaigaineko ordenagailu baino gehiago eta hainbat inprimagailu eta fotokopiagailu kargatu zituzten, eta Miribillako Harrobia Ikastolatik Afrika iparraldeko Mellab eskualderantz abiatu ziren Elkarteneteko kideak. Eramangarriak Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan baztertutako Toshiba Satellite-ak dira eta mahaigainekoak Osakidetzan erabilitakoak. Inprimagailuak eta fotokopiagailuak Vortexek eman eta Recumadridek birgaitutakoak dira. Helburua hamabi gela informatiko hornitzea da.
Bidaia uste zutena baino luzeagoa eta zailagoa izan da, arazo burokratikoekin topo egin dutelako, baina lortu dute helburura iristea. Hurrengo pausoa, Errachidian jaio eta Barakaldon bizi den Mohammaed Saadik eskualdeko irakasleei online formazioa ematea izango da. Amazig hizkuntzan TxikiLinuxi buruzko bideo-tutorialak ere prestatu ditu. Etorkizunera begira, Elkarteneteko kideek finantzazioa bilatu nahi dute, 2023an Errachidiara itzuli eta gailuei SSD diskoak eta RAM memoria gehitzeko.
Argazkiak: Elkartenet
Ikusmen murriztua duten Nepalgo haurrentzat TxikiLinux BegiON instalatutako eramangarriak
2022-2023 ikasturteari begira Linuxen irisgarritasun aukerak aztertzen hastea jarri zuen helburu gisa Elkartenetek. Asmo horrekin, TxikiLinux-en BegiON bertsioa garatzen ari dira, ikusmen murriztua duten pertsonentzat egokitutako sistema eragile librea. TxikiLinux-XiLaBa-k dituen aplikazio didaktiko guztiez gain erabiltzaile-kolektibo honi egokitutako tresnak gehitu dituzte: Orca pantaila irakurlea, BRLTTY terminala Braille gailuekin erabiltzeko…
2016an Galdakaoko Samsara Nepal gobernuz kanpoko erakundeak Ananda proiektua abiarazi zuen, ume itsu talde bat eskolaratzen laguntzeko asmoz. Uztailean Elkarteneteko kideengana jo zuten, 5 eta 16 urte arteko zazpi umerentzako eta haien irakaslearentzako ordenagailuak prestatzeko. Eskola 2.0ko eramangarriak birgaitu dituzte, RAM memoria gehitu eta disko gogorra SSD batekin ordezkatuz. TxikiLinux BegiON-en beta bertsioa instalatu diete gailuei eta teklatuan Braille sistemako erliebedun pegatinak jarri. Samsara Nepalen kolaboratzaileekin batera bideo-tutorialak nepalerara itzuli dituzte. Lazkaoko San Benito Ikastolak eta Altzako Batxiler Institutuak emandako bozgorailuak ere bidali dituzte Nepalera.
Argazkiak: Elkartenet
Ghanara ere iritsi dira Eskola 2.0ko eramangarriak
Hilabete berean, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Centre de Cooperació per al Desenvolupamenteko kide bat Elkartenetekin harremanetan jarri zen, Ghanako Ada Ekialdea distrituko Returnsburg Academy eskolan eramangarriak behar zituztelako. Dagoeneko hasi dira Eskola 2.0ko berreskuratutako ordenagailuak erabiltzen.
Argazkiak: Labdoo (Creative Commons BY-SA 3.0)