Pribatutasunaren aldeko NOYB taldeak auzitara eramango du datuen transferentziarako Europa-AEB akordio berria

AEBdatuen babesaEuropar BatasunaGDPRNOYBpribatutasuna

Europako Batzordeak martxan jarri berri du AEBetara egindako datu pertsonalen transferentzia arautzeko Trans-Atlantic Data Privacy Framework marko juridikoa. Aurrez egon diren beste biak atzera bota zituzten europar auzitegiek, ez zutelako eskaintzen herritarren datuak babesteko ziurtasun nahikorik. Hirugarren hau aurrekoen ildo beretik doala dio pribatutasunaren babeserako NOYB taldeak, eta ondorioz, auzitara eramango dutela iragarri dute.

2013an jakin zen, Edward Snowdenen filtrazioei esker, AEBen ezkutuko PRISM zelataritza-programaren parte zirela munduko teknologia-enpresa handienetako batzuk, besteren artean, Microsoft, Facebook (Meta), Google, Skype eta Apple. Horri esker, AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak atzerriko edozein herritarren datu pribatuak eskura zitzakeen epaileen baimenik gabe: mezu elektronikoak, argazkiak, deien informazioa…

Informazio horren harira, Max Schrems abokatu austriarrak salaketa ezarri zuen Facebooken aurka, datu pertsonalak AEBetara bidaltzean Europar Batasuneko datuen babeserako legeak urratzen zituela argudiatuz. Orduan hasitako bataila legal luzean bi aldiz eman diote arrazoia epaitegiek. Lehen aldiz 2015ean, Safe Harbor akordioa bertan behera utzi zuten, eta bigarrena, 2020an, haren ordezko Privacy Shield akordioa ere atzera bota zuten.

Geroztik, ez da legezkoa izan europarren datu pertsonalak AEBetara bidaltzea. Horren eraginez, Europako hainbat estatuk legez kanpokotzat jo dute, behin eta berriz, AEBetako multinazionalen tresnak erabiltzea, albistegi honetan kontatu dizugun bezala: Google Analytics, Microsoft Office 365, Chromebookak eta Google Workspace

Europar Batzordearen arabera, araudi berriak behar adina babes neurri eskaintzen ditu “AEBetako inteligentzia zerbitzuek europarren datuetara duten sarbidea segurtasun nazionala babesteko beharrezko eta proportzionatua denera mugatzeko”. Ez dator bat Max Schrems abokatu austriarra, bere ustez beste bi akordioen kopia baita eta axola duena, AEBetako zelataritza legedia, ez delako aldatu. Max Schremsek iragarri du pribatutasunaren aldeko NOYB taldeak auzitara eramango duela onartu berri den marko juridiko berria, baina “nazkatuta eta nekatuta daudela ping-pong legalarekin”.

Europako Batzordeak herritarren pribatutasunarekiko eta legeekiko ardura gutxi erakusten duela dio Max Schremsek. Bere esanetan tratatuen zaindari izan behar lukeenak Europako Justizia Auzitegiaren erabakiei ez ikusia egiten dien hirugarren aldia baita.

NOYB / CC BY-NC 3.0