Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Iametzan alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu dugu.
Matomok zintzoa edo zuzena esan nahi du japonieraz. Izen hori jarri zioten software libreko web analitika tresna ezagunenari, biltzen dituen datuak webguneko trafikoa aztertzeko soilik erabiltzen dituelako, ez beste ezertarako. Matomok aukera ematen du webguneen estatistikak bisitarien pribatutasuna errespetatuz aztertzeko. Software librea denez, bere kodea aztertu daiteke, norbere beharretara egokitu eta aldaketak partekatu. Horretaz gain plugin sistema bat dauka, norbere beharretara egokitutako ezaugarri gehigarriak gehitzea errazteko.
Euskal Herrian gero eta gehiago dira Matomoren aldeko apustua egin dutenak. Adibidez, duela 3 urte ARGIAk agur esan zion Google Analyticsi eta kaixo Matomori. Erabilera zabaldu ahala euskarazko itzulpenaren beharra ere gero eta nabariagoa zen. Duela urte dezente ekin zion euskal komunitateak lanari baina 2023an laurden bat baino gutxiago zegoen euskaratuta. Hori kontuan hartuta euskarazko itzulpena osatzea erabaki genuen Iametzan. Matomo 5.0.1 bertsiotik aurrera %100 euskaraz erabili daiteke.
Google Analytics-en pribatutasun eta lege arazoak
Webgune gehienek Google Analytics erabiltzen dute bisitarien trafikoa aztertzeko: zein diren orririk bisitatuenak, jendea bilatzaile edo sare sozialetatik datorren… Baina guri informazio hori emateaz gain, Googleren Estatu Batuetako zerbitzarietara bidaltzen du webgunera sartzen diren pertsonek zer irakurtzen duten, zenbat denbora pasatzen duten orri bakoitzean, non egiten duten klik… Webguneetan guk geuk sartu dugun Troiako zaldia da Google Analytics eta izugarrizko datu kopurua ematen dio multinazionalari.
Datuak dira XXI. mendeko petrolioa. Izugarri jakin daiteke pertsona bati buruz soilik Interneten bisitatzen dituen webguneen historiala ikusita: ideia politikoak, joera sexuala, interesak eta erosketak, osasun egoera fisiko eta emozionala… Horietako asko pertsonen esfera pribatuari dagozkio. Bildutako datuetan oinarrituta profil pertsonalak eraikitzen ditu multinazionalak. Helburu nagusia guri egokitutako iragarkiak saltzea da, baina horretaz gain, ez da gutxietsi behar profil pertsonal horiek politikoki eragiteko erabiltzeko arriskua. Cambridge Analytica eskandaluan Facebookeko datuak erabili zituzten Donald Trump AEBetako presidentetzara iristen laguntzeko edo Brexit-aren erreferendumaren emaitzetan eragiteko.
Lege aldetik ere zalantzazkoa da Google Analyticsen erabilera. 2020an pribatutasunaren eta eskubide digitalen aldeko NOYB taldeak 101 salaketa jarri zituen Europako 30 estatutan Google Analytics erabiltzen zuten webguneen aurka, multinazionalaren tresna erabiltzea Europar Batasuneko datuen babeserako GDPR erregelamenduaren aurkakoa delakoan. Geroztik hainbat estatutako datuen babeserako autoritateek arrazoia eman diete: 2022ko urtarrilean Austria izan zen lehena, Frantzia bigarrena otsailean, jarraian etorri ziren Italia, Danimarka eta Finlandia.
2023an Europako Batzordeak martxan jarri zuen AEBetara datu pertsonalen transferentzia arautzeko Trans-Atlantic Data Privacy Framework marko juridikoa. Horrek legezko oinarria emango lioke Google Analyticsi, baina ez dago argi etorkizunik izango duen. Aurrez egon diren beste bi akordioak atzera bota zituzten europar auzitegiek, ez zutelako eskaintzen herritarren datuak babesteko ziurtasun nahikorik. Hirugarren hau aurrekoen kopia dela dio NOYB taldeko Max Schrems abokatuak eta auzitara eramango dutela iragarri zuen.