Langune Hizkuntz Industrien Elkarteak antolatuta, ‘Hizkuntza Teknologien aplikazioa RIS3an‘ izeneko jardunaldietan izan naiz eta mintegi horretako sarrera hitzaldia egiteko aukera izan dut, ‘hizkuntza teknologiak eta horien aplikazioak‘ izenburupean.
Jardunaldi hau aukera paregabea zen, enpresa munduko jendearen aurrean hizkuntza teknologiek daukaten garrantzia azpimarratzeko. Tamalez ‘Industria 4.0’ deritzogun sektore horren ordezkaritzarik ez zegoen eta bildu garenak teknologiaren sektoreko ordezkariak izan gara, hizkuntza teknologiak gure egunerokotasunean ezagutzen ditugunak eta horretan lanean ari garenak, alegia. Beraz, kontzientziazio ahalegina, hau bezalako artikuluen bidez egitea dagokigu, gaurkoan aurrez-aurre aukerarik ez baitugu izan.
Goiko loturan klik eginda, aurkezpena osorik deskargatu dezakezue, baina laburpen modura, aurkezpeneko eta jardunaldiko ideia nagusiak zerrendatuko ditut:
- Hizkuntza teknologiak zehar-lerroko teknologiak dira. Hau da, aplikazio teknologiko desberdinetan txertatzen direnak, horiei balio erantsi esanguratsua emanez.
- Sare neuronalen ikerketa lerroan oinarrituta, itzulpen automatikoan ikaragarrizko aurrerapausoak eman dira azken urteetan, benetako iraultza eman da. Orain erronka itzulpen automatikoa testu idatzietatik ahozko hizkuntzara pasatzea da. Hau da, hizkuntza desberdinean ari diren bi kidek, bakoitzak bere hizkuntzan besteak esaten duena ulertzeko gai izatea, interpreteen beharrik gabe. Gaur egun itzulpen alorreko ikerketak horretara bideratzen ari dira. Zentzu horretan Ametzagaiña I+G, Isea, EHU eta Vicomtech-ekin batera MINTZAI proiektuan parte hartzen ari da.
- ‘Industria 4.0‘ eta ‘bulego digitala‘ bezalako kontzeptuen atzean bi ideia nagusi daude: Digitalizazioa eta robotizazioa eta bien oinarrian hizkuntza dago. Hau da digitalizazioaren esparruan beharrezkoa da testu idatzi digitalen ulermena eta prozesamendua eta hori hizkuntza teknologien bidez lortzen da. Robotizazioaren eremuan berriz, beharrezkoa da makinekin komunikatzea eta hor ere hizkuntza teknologiek berebiziko garrantzia dute.
- Hizkuntza teknologiek zertan lagundu ahal diete enpresei?
- Produkzio prozesuak optimizatzen
- Daukaten informazio digitala interpretatzen eta horietatik ezagutze baliotsua ateratzen.
- Bezero eta hornitzaileekin euren hizkuntzan komunikatzen, horrek dakartzan abantaila guztiekin. Azken finean hizkuntza teknologien erabilera enpresa munduan garrantzitsua da, hizkuntzen erabilera oro har garrantzitsua den heinean.
Zergatik da garrantzitsua hizkuntza desberdinak kontuan hartzea lan munduan?
Gero eta jende gehiagok menperatzen du bigarren eta hirugarren hizkuntza bat, kasu gehienetan komunikazioa eman behar den pertsonek denek ezagutzen duten hizkuntza bat partekatu ahal dute. Beraz, non dago arazoa? Zergatik hartu behar ditugu kontuan lan eremuan hizkuntza desberdinak?
- Saltzeko orduan hobe delako bezeroaren hizkuntzan. Bezeroaren hizkuntzara egokitzea kalitatezko zerbitzuaren adierazlea da.
- Legez hala egin behar delako. Hainbat herrialdetan legez arautua dago bertako hizkuntza ofiziala edo koofiziala erabili beharra faktura eta dokumentazio desberdinetan. Euskararen kasuan ere badago legea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak arautzen dituen 123/2008 Dekretua, baina tamalez araua egonik ere, eraginkortasuna oso txikia da.
- Tokian tokiko hizkuntza munduko erabilienen artean egon ez arren, segur aski hizkuntza bizia delako. Euskararen adibidea jarriko dugu. Ethnologue erakundearen arabera, munduan 6.909 hizkuntza daude. Euskara hizkuntza gutxitu bat da, baina Calvet barometroaren arabera, euskara munduan 500.000 hiztun baino gehiago dituzten 51.ena da (2012).
- Erantzunkidetasun soziala. Ingurumen fisikoari bezala, enpresaren jardunak errespetua zor dio kultura-ingurumenari eta, oso modu berezian, hizkuntza ingurumenari. Nahiz eta multinazional bat izan, langileak bertakoak dira eta horietako askok bertako hizkuntzan bizi ahal izatea eskertuko dute. Honela, enpresarekiko atxikimendua eta motibazioa handituko dira.
- Kudeaketa eredu aurreratuenetan txertatzen delako. Kudeaketa eredu aurreratuak dituzten enpresek hizkuntzaren kudeaketa txertatzen dute euren jardunean.
Hizkuntza teknologien sektoreari begirada
Nire hitzaldia hizkuntza teknologien sektoreari buruzko gogoeta lerro batzuekin amaitu dut. Horietako hainbat gogoeta jardunaldian zehar errepikatu dira:
- EAEn Hizkuntza Teknologia alorrean, I+Gn inbertitzen da. Zentro teknologiko desberdinak ditugu, esperientzia eta ezagutza handia. Baina merkaturatze estrategiatan ez gara hain trebeak. Ikerketatik aplikazio zehatzetara jauzi handiak eman behar dira eta beharrezkoa da hor ahaleginak eta inbertsioak egitea.
- Bestalde, garrantzitsua da negozio ereduetan asmatzea; besteak beste, teknologiak aplikazio desberdinetan integrazioa ahalbidetu behar du, software librearen aldeko apustua garrantzitsua da aurrerapauso praktikoak eman ahal izateko.