Euskaraz ere gero eta ugariagoak dira aipatu ditugun web zerbitzu horiek eta euskaldunon mugikorretan ere ez zaizkigu sartzen eta gu ere nazkatzen hasiak gara, zorionez. Geurean ere gauza onak, ez hain onak, ez hain txarrak eta txarrak egon baitaude, ez ingelesaren edo espainolaren eskalan, baina zerbitzuen zakua ez dugu hutsik.
Hala ba, euskaldunak, euskaldun ez denaren antzera, web zerbitzuen aurrean gero eta gehiagotan paso egitea ez da harritzekoa, normala baizik. Ez dakit web zerbitzuen alorrean urratsa eman zuen lehena aberastu zen ala ez, baina egun web zerbitzuen garapena eskatzen dutenen asmo nagusia duten maila mantentzea baino ez da izaten.
Eta nola erakarri gure aplikazioen erabiltzaile potentzialak bizi garen zoologiko digitalean?
Zergatik aukeratuko du gure aplikazioa? Ba al daki noiz eta non erabili?
Mende honen hasieran “Informazioaren kudeaketa” kontzeptuaren inguruan lanean ari ginenok egun ditugun antzeko arazoekin topo egin genuen; hain handia zen informazio fluxua non guztia sailkatzeak edota antolatzeak ez zuen asko laguntzen. Informazio uholdean nabigatu nahian “Ezagutzaren kudeaketa”, “Informazioaren meategia” eta ez dakit zenbat kontzeptu gehiago sortu ziren. Aipatu ditugun kontzeptu horiei tresna digital mugikorrak gehitu zaizkie, eta guztia gizartearen etenik gabeko aldaketaren isla baino ez da.
Informazio hori erabiltzaile harengana heltzeko bide guztiak idatzita eta esanak daude baina oso gutxitan asetzen dugu gure nahia. Zer egin?… Agian gure geneetan n-garren posizioan aparkatuta dugun giza intuizioari kasu handiagoa egingo bagenio….