Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko umorezko ataria garatu dugu

Euskaraz eta euskal balioetan oinarritutako eduki jatorrak bildu ditu Iametzak gurera.eus proiektuan. Gazteei zuzendutako ataria da gurera.eus, euskaraz egindako umorearen bitartez eguneroko jardunean euskara naturaltasunez erabiltzeko intentzioarekin. Gazteek Gurera.eus-en aurkitu ahal izango diren edukiak zabaltzeaz gain, gazteek beraien ekarpenak egiteko edo argitaratutako edukiei buruzko iritzia emateko aukera dute, baldintza bakarra euskaraz aritzea izango delarik.

Proiektu honetan ezinbestekoa izan da Ainara Aspiazu Aduriz, Axpi ilustratzaileak lana. Izan ere, Axpik landutako 20 binetekin estreinatu da webgunea. Axpik landutako gai nagusia gazteak eta teknologiaren neurrigabeko erabilera izan da. Egoera ezberdinak irudikatu ditu beti ere umore kutsu batekin.

Produktu honen ideia hainbat udaletako euskara teknikariren partetik jaso du Iametzak. Udal askoren kezka bihurtu baita gazteen artean euskararen erabilerak azken urteetan izan duen beherakada. Egun euskararen ezagutza populazioaren sektore guztietara zabaldu bada ere, ez da gauza bera gertatzen berau erabiltzeko motibazioarekin, bereziki gazteen artean.

Proiektu honen bidez 12-16 urte bitarteko gazteen motibazioa indartu edo sustatu nahi dute sortzaileek, batez ere, hori baita une honetan hizkuntzaren erabilerari dagokionez, sektorerik kezkagarriena, euskara teknikari askok adierazten digutenaren arabera. Azken finean euskararen erabilera ‘guay’ edo erakargarri bihurtu nahi dugu beraientzat, ez inposatutako zerbait.

Gazteek erreferentziak mundu globalizatu bateko eragin modura jasotzen dituzte; sare sozialetatik etenik gabe banatzen dira abestiak, txantxak, jokoak… edo dena delakoak, batez ere bideoen bidez. Esan gabe doa produktu horien hizkuntzak ingelesa eta gaztelera izan ohi direla.

Ohitura horiek eraldatzea zaila da, ezinezkoa ez esate arren, baina ohitura horietan erreferentzia euskaldunak eta euskal balio jatorrak sartzea posible dela iruditzen zaigu eta horretarako jaio da Gurera.

Aurreko bidalketa
Antonio Mercero Museo Birtuala aurkeztu dugu gaur
Hurrengo bidalketa
Hizkuntza teknologien garrantzia lan-munduan