Elkarteneteko, Arizmendi ikastolako eta Etxepare lizeoko kideekin bildu ondoren, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du material informatikoa Berrerabiltzeko Prestatzeko Zentro (BPZ) baten proiektu pilotua aztertzeko. Elkartenetek urteak daramatza software librearen erabilera eta gailuen berrerabilpena bultzatzeko lanean.
Martxoan Elkartenetek abian jarri zuen sinadura kanpainaren ondotik etorri da Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariarekin eta aholkulariarekin egindako bilera. “Baikor eta itxaropentsu” atera direla adierazi dute Elkarteneko, Leintz Bailarako Arizmendi ikastolako eta Baionako Etxepare lizeoko kideek, BPZ baten proiektu pilotua aztertzeko konpromisoa lortu dutelako. Orain hilabeteko epea dute proiektua aurkezteko.
BPZ bat eskatzeaz gain, bi protokoloren beharra mahaigaineratu dute. Lehenean baja emandako ekipamendua modu ordenatuan nola kendu zehaztuko litzateke: ahal denean BPZ-n berrerabiliz edo bestela birziklatuz. Bigarrenak etorkizunean berrerabili ahal izateko erosten diren ekipo berrien ezaugarriak jasoko lituzke, baita erosteko baldintzen pleguetan erretiratutako eta baja emandako gailuak BPZ-ra eramatea ere.
Horrez gain, Jaurlaritzako ordezkariek ateak zabalik utzi dituzte software libreari buruz hitz egiteko beste bilkura bat egiteko. Elkarteneteko eta ikastoletako kideek ezinbestekotzat jo dute Hezkuntzan Librezale taldeak parte hartzea.
Elkartenet: 2019tik software librea eta ekipamendu informatikoen berrerabilera bultzatzen
Elkartenet 2019an sortu zuten Bilboko Miribilla auzoko Harrobia ikastolan, software librearen erabilera eta ekipamendu informatikoen berrerabilera bultzatzeko. 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako Txikilinux sistema eragile libre eta euskalduna garatu dutelako egin dira ezagun, baita EAEko ikastetxeek baztertutako ordenagailuak berreskuratu, egokitu eta bizi berri bat emateagatik ere.
Berreskuratu eta Txikilinux instalatutako gailu horietako batzuk Euskal Herrian erabiltzen dira, adibidez, Lapurdiko Donibane Lohizuneko eta Urruñako ikastoletan. Lurraldetasunaren ikuspuntutik horrek duen garrantzia nabarmendu zuen 2022an Donibaneko ikastolako zuzendari zen Unai Villakortak Ipar Euskal Herriko Hitzari egindako adierazpenetan.
Beharra duten beste herrietako umeen eskuetara ere bideratu ditu Elkartenetek biziberritutako gailu horiek. Esaterako Ipar Afrikako amazig haurrentzat, Txikilinux haien hizkuntza eta beharretara egokituz. Nepalen ikusmen murriztua duten umeak eskolaratzeko ekimen baterako ere Txikilinux beste bertsio bat sortu zuten, pantaila irakurle eta Braille gailuekin erabiltzeko. Beste hainbat herrialdetara ere iritsi da Elkartenetek berreskuratutako material informatikoa: Mauritania, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kenya…