1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.
Hodeiko zerbitzuetan nagusitasuna lortu nahi du Microsoftek, eta helburu horrekin milaka miloi inbertitu dituzte ChatGPT ezaguna garatu duen OpenAI startupean. Horri esker, adimen artifiziala integratzen ari dira Microsoften zerbitzuetan: Microsoft 365 ofimatika tresnak, Azure hodeia, Bing bilatzailea, GitHub-en garapen tresnak…
Hodeiko zerbitzuek eta adimen artifizialak azpiegitura handiak eskatzen dituzte: milaka ordenagailuz betetako pabiloi erraldoiak. Horrelako 200 datu-zentro baino gehiago ditu Microsoftek munduan zehar. Energia eta ur kontsumo handia dute, bereziki adimen artifizialarekin lotutakoek. Ondorioz, Microsoftek karbono dioxido emisioak %29,1 handitu ditu 2020tik 2023ra, eta ur kontsumoa ia bikoiztu du.
Energia behar izugarri horiek asetzeko zentral nuklearren aldeko apustua egin du Microsoftek. 2023ko irailean energia nuklearrean aditua den pertsona bat kontratatzeko lan eskaintza egin zuten. Orain akordioa sinatu dute Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearraren jabearekin.
1979an bere bi unitateetako batean istripu nuklear larria izan zuelako da ezaguna zentral hori. 2019an itxi zuten beste unitatea da berriz ere martxan jarri nahi dutena. Horretarako 1.600 milioiko inbertsioa egingo du Microsoftek.
2028tik aurrera zentral nuklearrak bi hamarkadaz elikatuko ditu Microsoften datu-zentroak. 2030erako “karbono negatiboa” izateko helburua betetzen lagunduko dio horrek Microsofti, multinazionalaren energia arloko presidente orde Bobby Hollis-ek Bloombergi esan dionez.
1979an istripu nuklear larria Three Mile Island zentralean
1979ko martxoaren 28an istripu nuklear larria gertatu zen AEBetako Pennsylvania estatuko Three Mile Island zentralean. TM-2 unitateko erreaktorearen nukleoa partzialki urtu zen hozte-sistemaren akats baten eraginez.
Bi egunera hidrogeno pilaketa handia aurkitu zuten erreaktorean. Ondorio izugarriak izango zituen leherketa saihesteko gasa pixkanaka askatu zuten. Ihes erradioaktiboak bi milioi pertsonari eragin zien. AEBetako Gobernuaren arabera ez zen izan arriskutsua pertsonen osasunerako, baina minbizi kasuak handitu zirela aurkitu zuen 1997ko ikerketa epidemiologiko batek.
Zentral nuklearraren ardura zuen enpresa ezbeharrari garrantzia kentzen saiatu zen arren, izua zabaldu zen inguruko bizilagunen artean, eta 140.000 pertsona baino gehiagok utzi zituzten beren etxeak aldi baterako. “Meltdown: Three Mile Island” dokumentalean sakon aztertzen dituzte istripua eta bere ondorioak, lekuko eta protagonisten eskutik.
Ezbeharrak ezbaian jarri zuen energia nuklearraren segurtasuna, eta nuklearren aurkako mugimendua indartu zuen. Aste gutxira, 1979ko ekainaren 3an, Guardia Zibilak Gladys del Estal gazte ekologista hil zuen tiroz Tuteran, Arguedasen eraiki nahi zuten zentral nuklearraren aurkako protesta baketsuan.