Teknologia libreari eta ekonomia sozialari buruzko ikastaroak Errenterian

Ekonomia sozialaErrenteriaHardware libreaSoftware libreaTEKS

Azaroan eta abenduan ekonomia soziala eta teknologia libreak uztartuko dituzte Errenteriako Torrekua eraikinean, TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatutako formazioetan. Guztiak dira doan, baina batzuetan aurrez izena eman behar da teks.eus webgunean.

TEKS elkartearen helburua Euskal Herrian teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartuta lantzen dituzten enpresa eta eragileak saretzea da. Errenteriako Madalen kaleko 27. zenbakian dagoen Torrekua elkarlantegian sortu zen TEKS 2019an. Eraikin horretan bertan teknologia libre eta ekonomia sozialari buruzko formazio zikloa egingo dute urte amaiera bitartean, Errenteriako Udalarekin elkarlanean antolatuta. Bost ataletan banatu dituzte ikastaroak: Ekonomia soziala, Teknologia denontzat, Software librea, Garapen aurreratuak, Hardware librea.

Formazio zikloa ireki zuen “Teknologia libreak eta ekonomia soziala eta lurraldea garatzeko ardatz” ikastaroa azaroaren 6an eman zuen Talaios kooperatibako Beñat Irasuegi Ibarrak. “Ekonomia soziala” ataleko bigarren ekitaldia azaroaren 22an izango da: Baionako Etxepare lizeoko ikasleek ordenagailuak birgaituak saltzeko iaz sortutako kooperatibaren esperientziaren berri emango dute.

“Teknologia denontzat” ataleko lehen ikastaroa azaroaren 9an eman zuten Skura kooperatibako Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portelak. Pribatutasunaren eta bilatzaileen inguruko gaiak landu zituzten: bilatzaileen funtzionamendu orokorra, pribatutasuna errespetatzen duen DuckDuckGo bilatzaile alternatiboaren erabilera eta publizitaterik jaso nahi ez duten pertsonak biltzen dituen Robinson zerrendaren nondik norakoak. Abenduaren 4an mugikorren oinarrizko erabilera seguruari buruzko beste lan saio bat egingo dute.

Software librea atalean bi tailer egingo dituzte. Azaroaren 13an telefonoetan LineageOS sistema eragile librea ezartzeko aukera emango dute, Skura kooperatibako Arkaitz Anzak gidatuta. LineageOS Android sistema eragilean oinarritua dago, baina normalean fabrikatzaileek gehitzen dituzten software pribatiboko aplikazioen ordez libreak ekartzen ditu. Bigarren tailerra azaroaren 24an egingo da. Norbere ordenagailuan Luberri eta Txikilinux sistema eragile euskaldun eta libreak instalatzeko laguntza emango dute hainbat adituk: Iñigo Gebara eta Alex Gabilondo Luberriren sortzaileek, eta Abaraska taldeko Eder Etxeberriak.

Hardware libreari buruzko ikastaroa ere antolatu dute azaroaren 27rako. Ekhi Sanzek Arduino plaka librearen oinarriak irakatsiko ditu lan saio praktiko honetan. Erronka botako die bertaratutakoei: baratze bat automatizatzea. Horretarako Arduino Kit-a antolatzaileek jarriko dituzte, baina norbere ordenagailua eraman behar da Arduino IDE instalatuta. Joan ezin dutenentzat edo beren kasa ikasi nahi dutenentzat, Apika Steam webgunean Arduino eta Snap bidezko programazioaren oinarriak biltzen dituen euskarazko ikastaroa dago erabilgarri sarean.

Bosgarren atalean software garapeneko hainbat gai aztertuko dituzte. Azaroaren 10ean Talaios kooperatibako Beñat Jimenezek “Kode bizia eta solasa” saioan zuzeneko programazioa eta elkarrizketa uztartuko ditu. Lehenik “JavaScript gabeko” webgune dinamiko txiki bat programatuko du Laravel eta Livewire erabiliz. Jarraian musika programatuko du Tidal/Strudel live coding ingurunea erabiliz. Azaroaren 28an garapeneko erronka handienetariko bati aurre egiteko modua azalduko du Ibai Imazek: nola programatu software testekin. Atala ixteko, abenduak 12an PHP programazio lengoaian programatzeko Laravel framework-aren oinarriak irakatsiko ditu Talaios kooperatibako Isaac Carvajalek.

Izen-emateak eta informazio gehigarria TEKS sarearen webgunean.

Egitarau osoa

1. Ekonomia Soziala: proiektuak eta tokiko garapena.

  • Teknologia libreak eta ekonomia soziala: lurraldea garatzeko ardatz
    • Beñat Irasuegi Ibarra. Talaios kooperatiba
    • Azaroaren 6an 18:00-19:30
  • Etxepare Lizeoko ikasleek sortutako ordenagailuak konpontzeko kooperatibaren esperientzia
    • Ilargikoop, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleen kooperatiba
    • Azaroaren 22an 10:00-12:00

2. Software librea: Ezarpenak eta tresnak

  • Txikilinux eta beste sistema eragile libreak instalatzeko tailerra
    • Bernat Etxepare Lizeoa, Elkartenet eta Txikilinux garatzaileak
    • Azaroaren 24an 17:00-18:30
  • LineageOS Software librea telefonoetan ezartzeko tailerra
    • Arkaitz Anza. Skura kooperatiba
    • Azaroaren 13an 15:30-18:30

3. Hardware librea: Robotika eta gailuak

  • Arduino Tailerra
    • Ekhi Sanz
    • Azaroaren 27an 15:30-19:30

4. Garapen aurreratuak: goi mailako kurtsoak

  • Software testing
    • Ibai Imaz
    • Azaroaren 28an 9:00-14:00
  • Kode bizia eta solasa
    • Beñat Jimenez Bujanda. Talaios kooperatiba
    • Azaroaren 10ean 16:30-19:30
  • Laravelen oinarriak
    • Isaac Carvajal. Talaios kooperatiba
    • Abenduaren 12an 9:00-14:00

5. Teknologia denontzat: Oinarrizko kontzeptuak

  • Teknologia denontzat: bilatu nahi duzun hori
    • Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portela. Skura kooperatiba
    • Azaroaren 9an 17:00-19:00
  • Teknologia denontzat: mugikorrak
    • Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portela. Skura kooperatiba
    • Abenduaren 4ean 17:00-19:00