Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta euskaldunak eskaintzen duena ezagutzera emateko. Ordenagailu eramangarri bat zozketatuko dute parte hartzaileen artean.
TxikiLinux Txokoa 2022ko Herri Urratsean egin zuten lehen aldiz. Aurtengo edizioa elkarlanean antolatu dute Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak, Bilboko Harrobia ikastolak, Leintz Bailarako Arizmendi ikastolak eta Elkartenet elkarteak. Azken hauek sortu zuten TxikiLinux, eta jatorria Bilbon badu ere, Seaskako ikastolekin lotura handia du 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako sistema eragile libre eta euskaldunak.
Izan ere, 2022az geroztik Donibane Lohizuneko ikastolan TxikiLinux erabiltzen dute. Horretarako, Ipar Euskal Herriko hezkuntzaren errealitatera egokitutako bertsioa sortu zuen Elkartenetek: TxikiLinux Xilaba (Xiberoa – Lapurdi – Baxe Nafarroa). “Euskal Herriak herritik eta herriarentzat eginiko hezkuntza eredu propioa behar duen bezala, beste esparruetan ere behar ditu bere tresnak asmatu. Azkenean, Txikilinux hori da informatika ereduan”, adierazi zuen Unai Villakortak, ikastolako zuzendariak. Lurraldetasunaren ikuspegitik Bilbon sortutako zerbait Lapurdira ekartzearen garrantzia ere azpimarratu zuen.
Geroztik, 2023an, Urruñako ikastolan ere TxikiLinuxen aldeko apustua egin zuten. Kasu honetan ere Elkartenetek Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetatik berreskuratu eta birgaitutako material informatikoa erabili zuten. Eskola 2.0-ko Toshiba eramangarri gorriei bizi berria eman zieten, RAM memoria gehituz, SSD diskoa jarriz eta bateria aldatuz.
Aurten ere eman ditu pausoak Donibane Lohizuneko ikastolak: apirilaren 18an TxikiLinux zerbitzaria jarri zuten martxan, Elkartenet eta IZT Kooperatibaren laguntzarekin. Ordenagailuek TxikiLinux eta bere aplikazio guztiak zerbitzaritik jasoko dituztenez, eskolako gailu guztietan banan-bana instalatzeko lana aurreratuko dute.
Premia horixe bera aipatu zuten EAEn software librea erabiltzen duten ikastetxeek ere, otsailean Eusko Legebiltzarrean egin zuten agerraldian. Lan hori administrazio publikoak bere gain hartu beharko lukeela adierazi zuten, baina momentuz beren kaxa ari dira konponbidea bilatzen. Bide horretan ikasitakoa partekatuko du Irungo Hirubide BHIko Iñigo Gebara Graceneak UEUren iVentoy: Sistema Eragileen instalazio anizkoitzak egiteko tresna askea udako ikastaroan.