Ihesi Euskal Herriko 7 lurraldeak kontutan hartzen dituen lehen turismo aplikazioa aurkeztuko dugu gaur

Argiaren Euskal Herrian Ihesi webgunearen osagarri izateko sortu dugu mugikorretarako bertsio hau. Aplikazio plataforma-anitza da: Android eta iPhone gailuetan erabil daiteke. Garapenean kontutan izan ditugu gailu mugikorrek eskaintzen dituzten aukerak: geokokapena, argazkiak ateratzea… Webgunean gomendioak herrien, zonaldeen eta lurraldeen arabera antolatuta daude baina mugikorretara egokitzean erabiltzailea jarri dugu erdigunean.

Abiaraztean aplikazioa uneko posizioa eskuratzen saiatzen da mugikorraren geokokapen zerbitzua erabiliz. Kokapena ezin bada eskuratu erabiltzaileak herrien zerrendatik erreferentzia bezala erabiliko den herria hauta dezake. Erabiltzaileak kokapena edozein unetan alda dezake.

Kokapena zehaztu ondoren posizio horren inguruan gainerako erabiltzaileek gomendaturiko lekuen zerrenda ikus daiteke. Inguruan gomendaturiko lekuak ikusteko aukera bat distantziaren arabera bistaratzea da, alegia, gertuen dituen gomendioak aurrena, urrutiago daudenak ondoren. Beste aukera bat 20-30 km-ko erradioan aurkitzen diren lekurik bozkatuenak botu kopuruaren arabera zerrendatzea da. Gomendioak kategoriaka antolatuta daude eta posible da kategoria jakin bateko gomendioak bakarrik bistaratzea, kasu honetan ere gertutasunaren edo bozka kopuruaren arabera antolatuta.

Gomendioen zerrendako elementu bat hautatzean pantailan gomendio horren xehetasunak agertzen dira: gomendatzaileak egindako iruzkina, botuen xehetasunak (botu positibo eta negatiboen kopurua) eta abar. Erregistratutako erabiltzaileek gomendioei buruzko iritzia eman dezakete positibo edo negatibo bozkatuz. Xehetasunak ikusi ondoren gomendioa interesgarria irudituz gero, bertaraino nola irits daitekeen ikus dezake erabiltzaileak. Gomendiora iristeko erabili nahi dugun moduaren arabera (oinez, garraio publikoan edo autoz) hiru bide desberdin ikusteko aukera ematen du aplikazioak.

Erabiltzaile erregistratuek gainerako erabiltzaileei leku berriak gomendatzeko aukera daukate. Gomendio berriari argazkia gehitzeko bi aukera daude: mugikorraren argazki kamerarekin argazki berri bat ateratzea edo mugikorraren galeriatik argazki bat hautatzea. Gomendio berriaren posizioa horretarako prestaturiko Google Maps-eko mapa bat erabiliz zehaztu dezake erabiltzaileak. Hasieran erabiltzailearen uneko posizioa adierazten duen markatzaile bat agertzen da eta erabiltzaileak markatzaile hori gomendioaren posiziora mugi dezake arrastatu eta jareginez.

Gailu mugikorretan interneterako konexioa izatea gero eta ohikoagoa den arren oraindik erabiltzaile batzuk interneterako konexio finkorik ez dute eta wifi-a dagoen lekuetan bakarrik konektatu daitezke sarera edo konexio mugatua dute. Konexioa duten erabiltzaileen kasuan ere izan daitezke gora-beherak. Guzti hori kontutan izanda aplikazioak konexiorik gabe ahalik eta funtzionalitate handiena izan dezan saiatu gara.

Aurreko bidalketa
Ikus-entzunezkoen azpititulatzean urratsak ematen hasi gara
Hurrengo bidalketa
“Tolosaldean Zer Non” aplikazioa