Izan ginenak: euskal emakumeen bizitzak

Beti esaten da historia garaileek idatzia izaten dela eta horri gehitu beharko genioke, gizonezkoek kontatua dela.

Emakumeen begirada ezkutatua eta isildua izan da etengabe, izan istorio arruntak zein nabarmenak. Emakumeen bizitzak balioan jartzeko helburuarekin, Iametzak Izan Ginenak egitasmoa abiatu du. Egitasmo honen bidez, isileko lana eginez eta historia liburuetan agertu gabe, gizarteak aurrera jarrai zezan lan egin zuten hainbat eta hainbat euskal emakumeren bizitzen testigantzak bildu ditu euskaraz soilik landutako www.izanginenak.eus webgunean. Istorioak lehen eskukoak zein informazio iturri desberdinetatik jaso dira baldintza bakar batekin: Euskal Herrian jaiotakoa edo bizitakoa izatea eta kontagarria den istorioen protagonista izatea.

Egitasmoaren abiapuntua, gerra zibileko urteak pairatu zituzten emakumeen istorioek jarriko dute. Urte horietan, beste hainbat garaitan bezala, emakumeen papera isilekoa, baina garrantzitsua izan zen: jatekorik ez zegoen tokian, familia guztia elikatzeko magia egiten zuten; gizonezkoak atxilotuta, erailda edo gerran zeuden bitartean, familia zaintzen eta aurrera ateratzen zuten; batzuk umiliazio-keinu gisa ile-mozketak jasan zituzten, euskara debekatua zegoen garaian familiako hizkuntza izaten jarrai zezan borrokatu zuten… Aurrera begira, bestelako istorioak eta kontakizunak biltzen joatea da helburua, belaunaldi berriek historiaren zati baten kontaketa emakumeen begiradatik jaso dezaten.

Izan ginenak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara sailak diruz lagundua izan da.

Aurreko bidalketa
HiHaizHi ekimen berria: Euskara modu dibertigarrian ikasteko eguneroko lehiaketa
Hurrengo bidalketa
E-posta bidalketak egiteko Mailtrain software librea euskaratu dugu