Ekologia, generoa eta teknologiak funtsezkoak izan dira azken hamarkadetako aldaketa nagusiak eta egungo gizartearen etorkizuna azaltzeko. Hiruek hausnarketan eta garapenean laguntzeko nahia partekatzen dute, inklusioaren, ahalduntzearen, jasangarritasunaren eta burujabetzaren bidez.
Martxoak 8 honetan feminismotik, ekologiatik eta teknologia burujabetzatik mundua begiratzeko hausnarketa dakargu: zaintzan, naturarekin dugun harremanean eta iraunkortasunean, besteak beste, oinarritzen dena, tradizionalki emakumearekin lotu izan diren kontzeptuak.
Ekologia…
Antropozeno izeneko aro berri bat bizi dugu, gizakiak Lurrean duen eraginaren aroa, alegia. Gure ekoizpen- eta kontsumo-ereduek garapen jasanezina ekarri dute eta gizakia bera indar menperatzaile bilakatu da. Horri pandemia egoera gehitzen badiogu, normala da bizitzaren eta planetaren jasangarritasunari buruzko gogoeta ugari sortzea.
…feminismoa…
Teknologiaren ikuspegi feministaren inguruan sarean bilatzen badugu, diskurtso desberdinak aurkituko ditugu. Batetik, emakumeek zientzia eta teknologia gaietan presentzia gehiago izan behar dutela azpimarratzen duten diskurtsoak daude, baita feminismoa teknologia eta kultura aldaketarekin lotzen dutenak ere. Bigarren diskurtso horretan aurkitzen ditugu mundua iraunkortasunetik, feminismotik eta burujabetzatik begiratzeko gakoak.
eta teknologia burujabetza
Teknologia jakin batzuetatik haratago, teknologia burujabetza filosofia bat eta egungo gizarteen funtzionamendua ulertzeko modu bat da. Ezin ditugu aldaketa sozialak teknologiatik kanpo ulertu: teknologiak ez dira neutralak eta ezaugarri zehatzak dituzten testuinguruetan jaio eta garatzen dira. Aurrerapen teknologikoak teknosozialak eta teknoingurumenekoak bihurtzen dira. Horregatik, hiru begirada horien arteko gurutzaketa beharrezkoa da gure jardueraren eragina ulertzeko eta eredu jasangarriagoetarantz jotzeko.
Teknologia burujabetza bizitzaren eta planetaren iraunkortasuna bermatzeko oinarrian dago
Ezin dugu teknologia bizitzaren eta planetaren sostenguaren erronkatik kanpo ulertu. Ikusi nahi dugun etorkizunari begiratzen badiogu, feminismoak eta ekologiak eskaintzen dizkiguten ikuspegiek begirada horren barne egon behar dute. “Natura emakumearen izena da” liburuaren egile Abi Andrews-ek ekofeminismoaren kontzeptua mahai gainean jartzen du: “ekofeminismoa mundua begiratzeko eta bizi dugun zeharkako krisia ulertzeko betaurreko ederrenetakoa da”. Ikuspegi honen baitan, teknologia libre eta irekiek begirada hori egiteko moduetan lurreratzeko berezko ezaugarriak dituzte.
Gizarte-eraldaketa jomugan, baliabideen birbanaketan, eredu iraunkorretan, zaintzan, Lurraren baliabideen zaintzan, bizitzaren jasangarritasunean eta gure ingurumenean oinarritutako teknologia behar dugu. Puntu honetan, feminizatutako teknologiaz ari garenean, ez gara soilik kuantitatiboki feminizatutako teknologiaz ari, urrats bat haratago, kualitatiboki feminizatutako teknologiaz ere ari gara, ikuspegi feministaren oinarriak hartuta eredu jasangarrien alde egiteaz, alegia. Orain arteko joera aldatzea eta gako eta interes berri hauetara bideratzeak gure eragin-eremua zabaltzen du.
Honek guztiak, genero ikuspegia, bizitza eta jasangarritasuna, eta teknologia elkar eragiten eraikitzen direla erakusten digu. Beharrezkoa dugu ikuspegi hauek oinarri dituzten sareak eta guneak sortzea, modu honetan bakarrik lortuko dugulako ikusi nahi dugun etorkizuna sustrai sendoen gainean eraikitzea. Zein da teknologia burujabetzak garapen jasangarri bateranzko bidean egin ditzakeen ekarpenak? Badirudi garapen jasangarrirako helburuak lortzeko lehenengo urratsa gardentasuna lortzea dela, horrek gizarte bezala jasangarriak diren erabakiak hartzen lagunduko gaituelako. Horretarako, informazio sistema irekiak erabiltzea, tokiko azpiegituren alde egitea eta herritarrek beren datuen gaineko kontrola edukitzea beharrezkoa da.
Alex Hachék bere Teknologia Burujabetza argitalpenean azpimarratzen duenez, garrantzitsua da guztiok Internet aske bat lortzen laguntzea: “Burujabetza teknologikora bideratutako ahalegin kolektiboak gaitasun eraldatzaile-iraultzailea daukala erakusten ari da”.
Alex Hachék teknologia burujabetzaren eta gizartearen ahalduntzearen inguruan dioenez, “Astronauta Autonomoen Elkarteak, gure etorkizuneko iruditeri berriak eraikitzeko beharraren inguruan hausnartzean adierazten zuen bezala: Zero grabitate mailan dauden komunitateak eskura daude, gizartearen inertziak soilik saihesten du hauek eratuak izatea, baina oinarria dagoeneko sortuta dago eta guk beharrezko propultsioa garatuko dugu”. Hori lortzeko teknologia burujabetzak beharrezko baliabideak emango dizkigula gaineratzen du: “teknologia burujabetzak zero grabitate mailan dauden komunitate horiek egunetik egunera aireratzetik gertuago irudikatzen ditu”.