Paperezkoak, altxor bat hilero

Liburuak gomendatzen eta saltzen ia berrogeita hamar urte eman ondoren, Zarauzko Garoa liburu-dendak proiektu berri bati ekin dio 2 eta 7 urte bitarteko haurrei hilero ipuin ilustratu bat oparitzeko. Irakurzaletasuna modu atseginean eta dibertigarrian txikitatik sustatzeko helburuarekin Paperezkoak jaio zen.

Iametzak itsasoa hartu du oinarri proiektuaren marka lanketarako. Alde batetik, Garoa liburu-dendak Zarautz itsas-hirian daukan garrantzi historikoarengatik (1973. urtean sortu zen eta hartatik familia berak zuzendu du) eta, bestalde, Paperezkoak proiektuaren sortzaileek liburuak altxortzat hartzen dituztelako. Hau guztia kontuan hartuta, diseinatzaile taldeak paperez egindako itsasontzi baten irudia eta pirata kutsua duen tipografia erabili ditu logoan. Gainera, logoan agertzen den aingura Garoa liburu-dendaren logoan oinarrituta dago, bi proiektuen arteko lotura irudikatzeko.

Webgunearen goiko aldean animazioa erabili da itsasoaren olatuen mugimendua irudikatzeko. Eskuinean dagoen botoi baten bidez, erabiltzaileek webgunea ‘eguneko moduan’ edo ‘gaueko moduan’ ikustarazteko aukera dute, ipuinek ilusioz beteriko mundu berri batera eramateko gaitasuna dutelako egunsentian zein gauean.

 

Aurreko bidalketa
Matomo: aztertu zure webguneko trafikoa pribatutasuna errespetatuz
Hurrengo bidalketa
Memeka: euskarazko memeen bilgunea