1. iametza
  2. Proiektuak
  3. Eingule? bermeotarra sustatzeko kanpaina

Eingule? bermeotarra sustatzeko kanpaina

Bezeroa:

2023

| Webguneak eta aplikazioak, Marka eta komunikazio lanketak

| Komunikazio kanpainak| Euskara

Bi urtez koordinatu dugu eingule? kanpaina Bermeoko Udalarentzat. Bermeon bermeotarrez hitz egitea sustatzea helburu duen kanpaina da. Lehenengo edizioa 2022. urtean egin zen eta iametzak marka lanketa, kanpainaren diseinua, webgunearen garapena, kanpainaren koordinazioa eta sare sozialetako estrategia, plangitza eta kudeaketa egin zituen, besteak beste. 2023an edizioa egin dugu, aurreko urteko esperientziak irakatsitakoa ikasiz eta kanpainaren diseinuan hobekuntzak eginez.

Zer da eingule?

Eingule? kanpaina hainbat elementuren gurutzaketaren emaitza da: herriko euskararen ezagutza modu ludikoan lantzeko lehiaketak gazteei eta helduei zuzenduta, fikziozko dokumental bat eta sare sozialen bidez bideratutako kanpaina digitala.

 

Euskararen ezagutza modu ludikoan lantzeko lehiaketak

Iametzak garatutako Asmazank.eus plataforma oinarri hartuta, eingule? kanpainarako lehiaketa sortu dugu. Lehiaketei dagokionez, hiru lanketa ezberdin egin dira kanpainan zehar:

  • Banaka jolasteko online lehiaketak. Kanpainak irauten duen bitartean, herritarrek banaka eta online jolasteko lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute. Irabazleek tokiko dendetan erabiltzeko erosketa-txartelak irabazten dituzte, tokiko merkataritza ere kanpainan inplikatuz.
  • Ikastetxeetan lantzeko lehiaketak. Herriko ikastetxeekin lanketa berezi bat egiten da, lehiaketa geletara eramaten laguntzeko. Irakasleek webguneko “irakasleentzako txokoa” erabili dezakete eingule? lehiaketak klasean egiteko. Lana errazteko, irakasleentzat fitxa didaktikoak prestatu dira eta formakuntzak eskaini zaizkie.
  • Lehiaketa herrikoia. Kanpainari amaiera emateko, lehiaketa herrikoia antolatzen da Euskararen Egunean. Lehiaketaren dinamika banakako lehiaketen berdina da, baina, kasu honetan, aurrez aurre egiten da.

Hiru elementu hauekin, kanpaina herritarren zati handi batera iristea bermatzen dugu, herri osoa kanpainan murgiltzea lortuz.

2022ko lehiaketa herrikoia Kafe Antzokian.

2023ko lehiaketa herrikoia Lameran.

Kanpainarako webgune propio bat

Kanpaina osatzen duten elementu guztien bilgune den webgunea garatu dugu kanpainarako.

Webguneak bost atal nagusi ditu:

  • HASIERA. Momentuan aktibo dagoen lehiaketa erakusten da eta publikatu den azkeneko kale elkarrizketa. Modu honetan, azala oso aktibo mantentzen dugu kanpainak irauten duen bitartean.
  • LEHIAKETAK. Atal honek lehiaketei eta bideoei buruzko azalpena jasotzeaz gain, lehiaketa guztiak jasotzen ditu. Publiko daudenak, pasa direnak eta etorriko direnak ere bai.
  • KALE ELKARRIZKETAK. Bi edizio hauetako ikus-entzunezkoak Arrigurik ekoiztu ditu. Atal honetan jasotzen dira Juan Lebatzen webseriea eta Bermeotarrak Berbetan kale elkarrizketak.
  • HONI BURUZ. eingule? kanpainak diskurtso sakona dauka atzetik eta hasieratik erabaki genuen diskurtso hori webgunean txertatuta egon behar zuela, edozeinek eskuragarri edukitzeko. Atal honetan prentsarako atala gehitu da; dossier informatiboa, marka eskuliburua eta hemeroteka jaso ditugu.
  • IRAKASLEEN TXOKOA. Ikastetxeetako lanketa egiteko, irakasleentzat txoko pribatu bat sortu dugu webgunean bertan, lanketa geletan egiteko behar duten material guztiarekin.

www.eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunea.

Komunikazio estrategia

Jarraitu dugun komunikazio estrategia ezberdina izan da bi edizio hauetan. Lehenengo edizioan, zortzi asteko kanpaina bat diseinatu genuen; zortzi aste, zortzi lehiaketa. Bigarren edizioan, berriz, kanpaina motzago eta intentsoago bat proposatu dugu; bi aste eta egunero lehiaketa berri bat.

Gaur egun, eingule? kanpainak Instagramen du profila. Bertan ikus ditzakezu orain arteko bi edizioek eman dutena.

Bi edizio hauetan eingule? kanpaina oso arrakastatsua izan da arlo digitalean. Jarraitzaileak, elkareragiteek eta parte-hartzeak gora egin dute eta herri mailan oso harrera ona daukan kanpaina bihurtu da eingule?

@eingule_ profila Instagramen.