Eingule kanpaina koordinatu dugu Bermeoko Udalarentzat

Urriaren 3an hasi zen Eingule? kanpaina koordinatu dugu Bermeoko Udalarentzat. Bermeon bermeotarrez hitz egitea sustatzea helburu duen kanpaina da eta hainbat lanetan ibili gara Bermeoko Udalarekin: marka lanketa, kanpainaren diseinua, webgunearen garapena, koordinazioa eta sare sozialetako estrategia, plangintza eta kudeaketa, besteak beste.

Proiektu honetan, berriro ere Arriguri ekoiztetxea izan dugu bidelagun ikus-entzunezkoak sortzeko. Juan Lebatz web seriea ekoiztu dute kanpainarako, herritarrekin landu dituzten kale elkarrizketekin batera. Emaitza lehenengo kapitulua dagoeneko publiko dago eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean.

 

Zer da Eingule?

Eingule? kanpaina hainbat elementuren gurutzaketaren emaitza da: herriko euskararen ezagutza modu ludikoan lantzeko lehiaketak gazteei eta helduei zuzenduta, fikziozko dokumental bat eta sare sozialen bidez bideratutako kanpaina digitala.

 

Euskararen ezagutza modu ludikoan lantzeko lehiaketak

Iametzak garatutako Asmazank.eus plataforma oinarri hartuta, Eingule kanpainarako lehiaketa sortu dugu. Lehiaketei dagokionez, hiru lanketa ezberdin egingo dira kanpainan zehar:

  • Banaka jolasteko lehiaketak. Kanpainak irauten duen bitartean, astero lehiaketa berri bat kaleratuko da eta parte hartzaileek online parte hartu ahal izango dute epemuga baten barruan. Parte hartzea sustatzeko, astero sari bat emango da, sarien bidez tokiko merkataritza ere kanpainan inplikatuz.
  • Ikastetxeetan lantzeko lehiaketak. Herriko lau ikastetxeekin lanketa berezi bat egin dugu lehiaketa geletara eramateko. Geletan zortzi asteko lanketa bat egingo da. Horretarako, bloke ezberdinak zehaztu dira, irakasleekin formakuntzak egin dira eta fitxa didaktikoak prestatu ditugu.
  • Lehiaketa herrikoia. Kanpainari amaiera emateko, lehiaketa herrikoia antolatuko da Euskararen Egunean. Lehiaketaren dinamika banakako lehiaketen berdina izango da, baina formatu presentzialera eramango dugu.

 

Kanpainarako webgune propio bat

Kanpaina osatzen duten elementu guztien bilgune den webgunea garatu dugu kanpainarako.

Webguneak bost atal nagusi ditu:

  • HASIERA. Aste horretan aktibo dagoen lehiaketa eta asteko bideoa azalean ikusten dira beti. Webgunetik asteko lehiaketan parte hartzeko aukera dago eta baita lehiaketaren sailkapena zuzenean jarraitzeko aukera ere.
  • LEHIAKETAK. Atal honek lehiaketei eta bideoei buruzko azalpena jasotzeaz gain, lehiaketa guztiak jasotzen ditu. Publiko daudenak, pasa direnak eta etorriko direnak ere bai.
  • HONI BURUZ. Eingule kanpainak diskurtso sakona dauka atzetik eta hasieratik erabaki genuen diskurtso hori webgunean txertatuta egon behar zuela, edozeinek eskuragarri edukitzeko.
  • PRENTSA. Atal honetan, dossier informatiboa, marka eskuliburua eta hemeroteka jaso dugu.
  • IRAKASLEEN TXOKOA. Ikastetxeetako lanketa egiteko, irakasleentzat txoko pribatu bat sortu dugu webgunean bertan, lanketa geletan egiteko behar duten material guztiarekin.

 

Komunikazio estrategia

Zortzi asteko kanpaina bat diseinatu dugu; zortzi aste, zortzi lehiaketa. Urriaren 3an hasi da lehenengo lehiaketa eta abenduaren 3an izango da azkena, azkeneko hau modu presentzialean, lehiaketa herrikoiaren formatuan.

Komunikazio plangintza bat egin dugu sare sozial propioak sortzearekin batera, eta tokiko hedabideekin lanketa berezi bat egin da. Horrez gain, esan bezala, ikastetxeekin lanketa berezi bat egin da kanpaina Bermeoko geletara ere eramateko.

Kanpaina sare sozialen bidez jarraitzera gonbidatzen zaitugu: Instagram eta Twitter.

 

Aurreko bidalketa
Memeka: euskarazko memeen bilgunea
Menua