2020ak utzi dizkigun sustraiak…

2020a ez dugu erraz ahaztuko, baina egia esan Covid-19ak nahigabeez gain, Iametzako kideoi gauza onak ere ekarri dizkigu, aukera berriak lantzea, gure egunerokotasuna beste modu batera bizitzen ikastea, gure ingurukoak gehiago eta hobeto zaintzen saiatzea… Etorkizunean lantzen jarraitzea merezi duten sustraiak, hain zuzen ere. Eta urtea nola joan den ikusita, guk irakurketa baikor horri eutsi nahi diogu, 2021a indarrez abiatzeko, sustraietatik proiektu berriak ereiteko. Hemen duzue Iametzaren 2020ko proiektuen laburpena:

  • Urtarrila: Euskal Herriko hainbat emakumek historian zehar egindako ekarpenak bistaratzeko www.bestekaleak.eus webgunea argitaratu genuen.
  • Otsaila: ikastetxe, euskaltegi eta elkarte desberdinei urte guztian zehar euren eraldaketa digitalean urrats berriak ematen lagundu diegu, software libreko tresnak instalatzen lagunduz; Moodle, BigBlueButton eta Nextcloud.
  • Martxoa: Donostiako Kirol Patronatuarentzat Donostia Kirola webgune berria sareratu genuen.
  • Apirila: Covid-19ak gogor kolpatu gintuen, bakoitza geure etxean isolaturik mantenduz, eta une hartan udal bilkurak streaming bidez egiteko aholkularitza eskaini genien hainbat udalei, zinegotzi guztiei laguntza tekniko pertsonalizatua eskainiz, besteak beste.
  • Maiatza: Pandemiak sektore ekonomiko ugari talka estuan jarri zituen; horien artean ostalaritza eta merkataritza sektorea. Hainbat udalek bonu salmenta bidezko laguntzak jarri zituzten martxan eta Iametzako kideok bi webgune martxan jartzen lagundu genuen; Usurbilgo www.gertuago.eus eta Astigarragako Guztion Azoka.
  • Ekaina: Kultur ekitaldiak segurtasun baldintza egokietan egitea eta bide batez herritar guztiek ekitaldietara joateko aukera berdinak izatea helburu zuen Usurbil Kultura plataforma martxan jartzen lagundu genuen Usurbilgo Udalarekin elkarlanean.
  • Uztaila: Gaitasun zientifiko-teknologikoak (STEAM) LHn eta DBHn lantzeko irakasleei zuzendutako ikastaroa eman genuen UEUren eskutik, uda aurretik Eibarren eta udazkenean Iruñean.
  • Abuztua: Ostalaritzako establezimenduak segurtasun neurriak betez itzuli ziren euren eguneroko martxara eta Iametzako kideok errealitate berrian euskarak bere lekua izan dezan helburuarekin, ostalaritzako menuak edo kartak euskaraz kontsultatzeko QR kodeak ahalbidetzeko eta kontsultatzeko www.kartadigitalak.eus webgunea jarri genuen martxan.
  • Iraila: Oiartzungo ondarea gizarteratzeko helburua duen ondarea.oiartzun.eus webgunea argitaratu genuen.
  • Urria: Urtero bezala, Euskarabildua jardunaldiak antolatu genituen, aurtengoan teknologia burujabetza eta pandemia garaian hain nabarmen agerian geratutako pribatutasunaren gaiak lotu genituen.
  • Azaroa: Teknologia burujabetzari buruzko informazioa eta edukia zabaltzeko helburuarekin jaiotako  ‘Hodeia ez da existitzen’, podcast kanal berria estreinatu dugu.
  • Abendua: Urtea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak sustatutako merkataritza eta euskara lotzen dituen ‘Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpaina martxan jarriz amaitu dugu.

Azken finean, urte berezi honek proiektu politak jarri dizkigu eskuartean eta bidean ikasten, hazten eta gozatzen jarraitu dugu.

Datorren urtean ere zure proiektuak behar duen lekura iristen laguntzeko prest gaude, izan biderik ederrena, laburrena edo azkarrena; zu eta zure hartzailea(k) lotzeko gure bi jakintza nagusiak erabiliz: komunikazioa eta teknologia.

Aurreko bidalketa
Euskaraldia lan dinamika digitalean txertatzen
Hurrengo bidalketa
Asmazank, gazteentzako galdera-erantzunen on-line lehiaketak egiteko plataforma argitaratu dugu