Asmazank, gazteentzako galdera-erantzunen on-line lehiaketak egiteko plataforma argitaratu dugu

Iametzak nerabeei (12-16 urteko gaztetxoei) zuzendutako galdera-erantzunetan oinarritutako on-line lehiaketak egiteko Asmazank izeneko sistema digitala sortu du, euskarazko edukiz hornitua.

Hasierako edukiak, hau da galdera-erantzunak, Iametzak sortu ditu, baina ideia da edonork bertan euskarazko edukiak txertatu ahal izatea eta ondorioz neurrira egindako on-line lehiaketak antolatu ahal izatea. Abiapuntu gisa 41 lehiaketa sortu dira eta guztira 249 galdera-erantzun. Edukiak osatzeko Maite Lakar euskara irakasle eta hizkuntzalariaren laguntza izan du Iametzak.

Lehiaketa hauek modu telematikoan egin ahalko dira, baina baita ere modu presentzialean, bitarteko digitalak (tabletak edo mugikorrak) erabiliz.

Lehiaketak sortzeko modua

Lehiaketak sortu ahal izateko erregistratu egin behar da eta behin erregistratuta, norberaren eremu pribatura sartzeko aukera dago. Behin erregistratuta, honako gaien artean aukeratu ahal izango da:

  • Zientzia eta teknologia
  • Aniztasuna eta berdintasuna
  • Euskara
  • Kultura
  • Beste hizkuntzak

Lehiaketako edukiak sortzeko urrats desberdinak jarraitu behar dira:

  • Lehiaketako edukia katalogatu (titulua, gaia eta deskribapena zehaztu)
  • Galderak sortu

Aukera dago lehiaketa publiko jartzeko edo pribatu bezala mantentzeko, geroago editatu ahal izateko.
Lehiaketa batean bi galdera mota sortu daitezke:

  • Egia/gezurra
  • 4 erantzuneko galderak

Gainera, erabiltzaileari lana errazteko helburuarekin, galdera bankua dago. Aukera honen bidez, Asmazank barruan publiko egin diren lehiaketetako galderen artean bilaketak egin daitezke.

Azkenik, galderak sortzerako garaian, irudia gehitzeko eta galderari esleitzen zaizkion puntuak eta denbora muga zehazteko aukera dago. Eta noski, erantzun zuzena zein den zehaztu behar da.

Juntadizoen bidez lehiatu

Lehiatzeko modua juntadizoen bidez egiteko pentsatua dago. Hau da, lehiaketa sortzen duen erabiltzaileak gainontzekoei eguna eta ordua proposatuko die. Lehiaketa batera sartu eta ‘Jolastu’ botoiari emandakoan, sistemak PIN zenbaki bat erakutsiko du. Antolatzaileak PIN zenbaki hori banatuko die parte-hartzaileei eta jokalari bakoitza bere mugikor, ordenagailu edo tabletetik konektatu ahal izango da.

Jokalari bakoitzak bere gailuaren bidez bere ustez erantzun zuzeneko aukera hautatuko du. Hau da, jokalariaren gailuak urrutiko aginte modura funtzionatuko du. Beraz, beharrezkoa da pantaila nagusi bat izatea, jokalari guztiek galdera eta balizko erantzunak bertan ikusi ahal ditzaten.

Juntadizoa modu presentzialean zein telematikoan antolatu daiteke:

  • Modu presentzialean egiten bada, proiektore edo pantaila nagusi bat izatea aholkatzen da, parte-hartzaile guztiek ikusteko moduan eta lekuan kokatua.
  • Modu telematikoan egiten bada, bilera antolatu duenak bere pantaila partekatu beharko du, parte-hartzaile guztiek pantaila nagusi modura ikus dezaten.

Jokoaren logika eta funtzionamendua osatzeko, dagoeneko talde askok erabiltzen duten Kahoot tresna aztertu du Iametzak.

Pandemia garaian sortutako proiektu ideia

Egitasmo hau gauzatzeko ideia pandemia garaian sortu zen. Covid 19 egoera dela-eta gaztetxoen hainbat programa (adibidez, hainbat herrietako gaztelekuetako programak) bertan behera geratu dira. Ahal duten moduan on-line ekintzak antolatu dituzte (argazki lehiaketak eta antzerakoak ezagutu ditugu gertu), baina egoera honetan begiraleek faltan bota dituzte euskarazko eduki eta baliabide digitalak. Hezkuntzan gertatzen den bezala, aisialdiaren eremuan nabarmena da gabezia.

Gabezi horren aurrean Iametzak euskarazko tresna bat sortzea erabaki zuen. Egitasmo hau aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzak izan ditu.

 

 

Aurreko bidalketa
2020ak utzi dizkigun sustraiak…
Hurrengo bidalketa
Ostalaritza establezimenduetako kartak eta menuak QR bidez euskaraz jartzeko zerbitzua