Non daude Euskal Herriaren eta bere 7 herrialdeen erdigune geografikoak?

Euskal Herriko erdigunea

Euskal Herriaren Erdigunearen kokapena kalkulatzeko masa-zentroaren propietate bat erabili zuen Felix Isasak: gorputz bat edozein puntutatik zintzilikatzean, puntu horretatik marraztutako marra bertikala masa-zentrotik pasatzen da beti.

1:200.000 eskalako mapa komertzial bat euskarri batean itsatsi, bertan Euskal Herriaren mugak marraztu eta ahalik eta zehaztasun handienaz moztu zuen. Ondoren, perimetroko puntu batetik zintzilikatu eta marra bertikala marraztu zuen. Berdin egin zuen lehenengotik 90 gradura kokatutako perimetroko beste puntu batetik. Marraztutako bi marrak elkartzen diren puntua maparen barizentro edo masa-zentroa da. Puntu hori dagoen maparen zatia 8 aldiz handitu zuen, 1:25.000 eskalako mapa lortuz eta handitutako mapa hori inguruko katastroko mapan gainezarri zuen, erreferentzia bezala Unanu, Ihabar eta Goñi herriak erabiliz. Modu horretan aurkitu zuen Euskal Herriko erdigunea Nafarroako Sakana eskualdean dagoela, Andimendi mendilerroko Olibesario saroia izeneko lekuan, Beriain menditik gertu.

Ikurrina eta estelada Euskal Herriko erdigune geografikoan 2018ko abuztuan.
(Argazkia: Asier Iturralde Sarasola, CC BY-SA 4.0, Wikimedia Commons)

Bertan metro erdiko harri bat zutik jarri eta inguruan harriekin zirkulutxo bat egin zituen Felix Isasak. Berria egunkarian argitaratutako artikulu baten bidez eman zuen ezagutzera bere kalkulua. Geroztik zabalkunde handia izan du eta toki ezaguna da mendizaleen artean. Aldarrikapen gune ere bada, azken urteetan Independentistak sareak mendi martxa antolatzen du bertara urrian. Aurtengoa hurrengo igandean, urriak 14an, ospatuko da, lekua ez baduzu ezagutzen aukera polita izan daiteke bertaratzeko.

Udan Beriainera mendi bizikletaz igo nintzenean bertatik igaro nintzen eta kuriositatea sortu zidan. Etxeratutakoan gaiari buruz informazio bila hasi nintzen sarean. Felix Isasak kalkulua ordenagailu bidez ere egin zitekeela aipatzen zuen. Buruari bueltak ematen hasi nintzen eta halako batean Euskalgeoren Shapefile-ak eta QGIS tresna librea erabiltzea bururatu zitzaidan. Laster batean egin nuen kalkulua, oso erraza da. Interesa duenak artikuluaren amaieran aurkituko ditu xehetasunak.

Mapa batean irudikatu ditut Felix Isasak eta nik kalkulatutako puntuak. Erdigunearen kokapena markatzeko harriz egindako zirkuluak ere ikus daitezke horietatik gertu:

Mapan ikus daitekeenez nik kalkulatutako puntua Felix Isasak lortutakotik oso gertu dago, 410 metro inguru bakarrik daude 2 puntuen artean. Desberdintasunak azaltzeko 2 arrazoi ikusten ditut:

  • Barne hartutako azalera desberdinak. Berak Eskiula, Jeztaze eta Petilla Aragoi ez zituen kontutan hartu kalkulua egitean, nik ordea bai. Bilboko portua eta itsasadarrak aldiz barne hartu zituen bere kalkuluan baina Euskalgeoko Shapefile-tik kanpo geratzen direnez nik ez.
    Hiru herri horiek kendu eta kalkulua errepikatu dudanean lortu dudan puntua are gertuago dago Felix Isasaren emaitzatik, zehazki 175 metrotara.
  • Kalkuluen erroreak. Felix Isasak bere emaitzak 250 metroko zehaztasun muga duela aipatzen du. Egia esan, ez dakit zein den nik erabilitako metodoaren eta Shapefile fitxategien zehaztasuna baina magnitude-ordena berekoa izango dela suposatzen dut.

Ez naiz aditua, baina hau guztia kontuan izanda eta emaitzak oso antzekoak direla ikusita, nire ustez, Felix Isasaren emaitzaren zuzentasuna berretsita gelditzen da.

Euskal Herriko herrialdeen erdiguneak

Euskal Herriko 7 herrialdeen erdiguneak kalkulatu ditut ondoren Euskalgeoko herrialdeen Shapefile-a erabiliz. Emaitzak mapa honetan ikus ditzakezue:

Arabako erdigunea: Gasteizen hego mendebaldean dago. Kalkulu honek Trebiñu barne hartzen du.

Bizkaiko erdigunea: Galdakaon dago. Kalkulu honek Urduña eta Villaverde Turtzioz barne hartzen ditu.

Gipuzkoako erdigunea: Beizaman dago Aginagamendi auzoan, Urraki mendiko buzotik gertu.
OHARRA: Artikulu hau idatzi ondoren Gipuzkoako erdiguneari buruz ikasi ditudan hainbat kontu artikulu berri batean bildu ditut: Gipuzkoako erdigunea: Felix Isasaren kalkulua, saroi bat eta Goiazko elizako “NP 368” plaka zirkularraren misterioaren argipena (2018-11-26)

Lapurdiko erdigunea: Uztaritzen dago, supermerkatu baten aparkamenduan.

Nafarroa Garaiko erdigunea: Tebas-Muru Artederretan dago, Urraun menditik gertu. Kalkulu honek Petilla Aragoi barne hartzen du.

Nafarroa Behereko erdigunea: Suhuskunen dago. Kalkulu honek Samatze barne hartzen du.

Zuberoako erdigunea: Ozaze-Züharan dago. Kalkulu honek Jeztaze eta Eskiula barne hartzen ditu.

Kokapen hauen koordenatuak artikuluaren amaiera aldera taula batean jaso ditut interesa duenarentzat.

Baiona

Bilbo

Donibane-Garazi

Donostia

Gasteiz

Iruñea

Baionako erdigunea: Atturri ibaian, itsasotik hasita 2. eta 3. zubiaren artean.

Bilboko erdigunea: Kirikiño etorbidearen inguruan.

Donibane-Garaziko erdigunea: Eiheraberri eta  Olhonze bideen arteko belardi batean.

Donostiako erdigunea: Miramongo Parke Teknologikoaren eta Oriamendi etorbidearen arteko basoan. Landarbaso, Urdaburu eta Zubieta barrendegiak eta Santa Klara uhartea barne hartzen ditu kalkulu honek.

Gasteizko erdigunea: Pedro de Asua kalearen inguruan.

Iruñeko erdigunea: Pio XII eta Armadaren etorbideen artean, Zitadelatik gertu.

Maule-Lextarreko erdigunea: Herrigunearen hegoaldeko belardi batean, Eihera kale inguruan.

Kokapen hauen koordenatuak artikuluaren amaiera aldera taula batean jaso ditut interesa duenarentzat.

 

Erdigune geografikoen kalkulua QGIS eta Euskalgeoko shapefile-ak erabiliz

Euskal Herriaren eta bere herrialdeen erdigune geografikoak kalkulatzeko QGIS erabili dut. QGIS software librea da eta doan deskargatu daiteke beren webgunetik. GNU/Linux banaketa bat erabiltzen baduzue bere software biltegian aurkituko duzue. Librezaleri esker euskaraz erabil dezakegu.

QGIS proiektuaren logoa (CC-BY-SA 3.0)

Hauek dira Euskal Herriko erdigunea kalkulatzeko jarraitu ditudan pausoak:

  1. Gaindegiaren euskalgeo.eus webgunetik Euskal Herriaren Shapefile-a deskargatu:
    http://www.euskalgeo.eus/eu/node/157
  2. Shapefile-a QGISekin ireki.
  3. Menuan Bektoriala > Geometria-tresnak > Poligono-zentroideak... hautatu.
  4. Irteerako puntuen shapefile-a non gorde nahi den hautatu eta Ongi botoia sakatu.
  5. Sortutako geruza berriaren gainean eskuin klik egin eta Ireki atributu-taula hautatu.
  6. Txandakatu edizio-modua botoia sakatu (arkatza).
  7. Ireki eremu-kalkulagailua botoia sakatu (abakoa).
  8. Irteera-eremuaren izena jarri, adibidez, X.
  9. Irteera-eremuaren mota bezala Zenbaki hamartarra (erreala) jarri.
  10. Adierazpena eremuan $x idatzi eta Ongi botoia sakatu.
  11. 8-9-10 pausoak errepikatu Y koordenatua lortzeko, $y erabiliz.

Felix Isasak Petilla Aragoi eta Jeztaze esklabeak eta Eskiula ez zituen kontutan hartu bere kalkuluan. Herri horiek kentzeak erdigunearen kokapenean duen eragina ikusi nahi nuen. Horretarako Euskal Herriko udalerrien Shapefile-a deskargatu nuen Euskalgeotik:
http://www.euskalgeo.eus/eu/node/138

Ondoren, QGIS erabiliz aipatutako herriak kendu dizkiot Shapefile-ari eta Bektoriala > Geoprozesu-tresnak > Disolbaketa... erabiliz kanpoko muga bakarrik duen poligonoa lortu eta erdigunea berriz kalkulatu dut.

 

Kalkulu hauen emaitzak ondorengo taulan ikus ditzakezue:

 

  ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak Longitudea Latitudea Felix Isasaren kalkuluarekiko diferentzia
Felix Isasiren kalkulua

X: 586.935
Y: 4.748.458

42,883056 -1,935556
Nire kalkulua Euskalgeoko Shapefile-a erabiliz

X: 587.345,860586973
Y: 4.748.459,45656721

42,883741 -1,930401 410m
Nire kalkulua Euskalgeoko Shapefile-etik Petilla Aragoi, Jeztaze eta Eskiula kenduta

X: 587.110,978707479
Y: 4.748.468,45751549

42,883849 -1,933275 175m

Euskal Herriko herrialdeen erdiguneak kalkulatzeko pauso berberak jarraitu ditut, baina kasu horretan Euskalgeoko Euskal Herriko herrialdeen shapefile-a erabili dut:

http://euskalgeo.eus/eu/node/143

Emaitzen xehetasunak taula honetan aurki ditzakezue:

Herrialdea ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak Longitudea Latitudea Udalerria
Araba

X: 523.019,704084968
Y: 4.741.472,75268199

42,825474 -2,718374 Gasteiz
Bizkaia

X: 511.671,204180114
Y: 4.787.251,75550607

43,237972 -2,856254 Galdakao

Gipuzkoa

X: 565.479,955152936
Y: 4.777.075,86797741

43,143597 -2,194771 Beizama
Lapurdi

X: 624.949,461228057
Y: 4.805.678,5714630

43,39358 -1,457162 Uztaritze

Nafarroa Garaia

X: 610.930,360572082
Y: 4.724.625,71209701

42,666106 -1,646348 Tebas-Muru Artederreta

Nafarroa Beherea

X: 647.336,581683228
Y: 4.789.067,4722424

43,240017 -1,185314 Suhuskune

Zuberoa

X: 670.578,480981883
Y: 4.778.376,43943738

43,138913 -0,902527 Ozaze-Zühara

Euskal Herriko herrialdeen hiriburuen erdiguneak kalkulatzeko pauso berberak jarraitu ditut, baina kasu horretan Euskalgeoko Euskal Herriko udalerrien shapefile-a erabili dut:

http://www.euskalgeo.eus/eu/node/138

Emaitzen xehetasunak taula honetan aurki ditzakezue:

Hiriburua ETRS89 koordenatu sistemako X eta Y balioak Longitudea Latitudea
Baiona

X: 623.994,416713843
Y: 4.816.531,20916747

43,491425 -1,466484
Bilbo

X: 505.118,250090546
Y: 4.788.968,4438979

43,253503 -2,936946
Donibane-Garazi

X: 643.455,273391619
Y: 4.779.942,33244141

43,158634 -1,235465
Donostia

X: 582.101,910100908
Y: 4.794.088,29733404

43,295145 -1,987863

Gasteiz

X: 525.459,3980772
Y: 4.744.256,28335559

42,850463 -2,688401

Iruñea

X: 610.253,19603292
Y: 4.741.135,32028254

42,81484 -1,651391

Maule-Lextarre

X: 671.901,95561712
Y: 4.786.964,55068187

43,215895 -0,883595

Hedabideetan

Artikulua hainbat hedabidetan aipatu dute:

OHARRA: Artikulu honen zati batzuk Euskarazko Wikipediako Euskal Herriko erdigunea artikulutik egokitu ditut Wikipediako edukiek duten CC-BY-SA 3.0 lizentziari esker.

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
Iametzak web diseinatzailea behar du
Hurrengo bidalketa
Snap! eta Snap4Arduino euskaratu ditugu