Aitortu behar dizuet Ahobizi bezala bizipena niretzat interesgarria izan dela. Modu honetara laburbildu nezake:
1) Orain arte elkarrizketa elebidunak nahiko deserosoak ziren niretzat. Egun hauetan zenbait unetan egoera horretan eutsi behar izan diot euskarari eta deserosotasuna apur bat gainditu dut, baina ahalegin horretan jarraitu beharra dut, ze bestela lehengora itzuliko naiz. Euskaraldiak parean nuen pertsonarekin hizkuntza jokamoldea modu naturalean adostera eraman nau. Tamalez, badirudi batzuetan testuinguruaren justifikazioa behar dugula. Aurrerantzean hori izan gabe ere, ikasitakoari eusten saiatuko naiz.
2) Lehen aldiz pozez bizi izan dut euskarazko aurkezpen publikoa hizkuntza bakarrean egitea, nahiz eta entzuleen artean euskaraz ezer ulertzen zutenak ere baziren. Talde txikitan egindako gogoeta saio bat izan zen. Bi talde zeuden, bata gaztelerazkoa eta bestea euskarazkoa. Mahai bakoitzean ateratako ondorioen aurkezpena egiterako garaian euskarazko taldekook euskara hutsez eman genituen azalpenak eta ulertzen ez zutenei alboan zituztenek egin zieten aldi bereko itzulpena.
3) Hasierako egunetan momentu oro 'alerta' egoera nengoen, ondoren ordea lasaitzen joan nintzen eta zenbait egoeratan akatsa ere egin dut, aitortu beharra daukat. Bilboko jatetxe batean menua gazteleraz egonik, zerbitzaria etorri zenean pentsatu gabe menuan zegoena gazteleraz irakurtzen hasi nintzen eta eskaria egin ondoren nire akatsaz ohartuta euskaraz amaitu nuen. Zerbitzariak ulertzen zuen euskaraz!
Uste dut esperientzia honetatik hizkuntza ohituren aurreko kontzientziarekin geratu behar garela. Euskaraldia 11 egunetan geratzen bada, ezer gutxirako balioko digu. Euskaraldia egunero praktikatu behar da, txaparekin edo txaparik gabe, horrela soilik lortuko dugu 11 egun hauetan emandako testuinguru baikorra modu naturalean sentitzea. 11 egun hauetan inor ez zen harritzen euskarari eusten zeniolako, datozen egunetan ere hori horrela izatea nahiko nuke. Hori gertatuko ote da?
Dudarik gabe, urrats garrantzitsua eman dugula uste dut, baina ez dezagun lo hartu, eragile eta erakunde publiko zein pribatuek euskararen alde lanean jarraitu behar dugu, tinko.
Iametzan Euskaraldiaren testuinguru honetan, zenbait euskararen komunitateren webguneak abian jarri ditugu:
Bakoitzaren errealitatea desberdina da eta segur aski ezarritako helburuak ere bai. Horietatik lehena, Getxoztarrak-eko komunitatea, eredugarria dela uste dugu, asmoetan, helburuetan, lanketan. Getxoko hainbat eragilek euskararen komunitate iraunkorra eratu nahi dute. Ondorioz eurentzat Euskaraldia auspoa izan da, ez helburua. Urte osoan zehar lanketa desberdinak egin dituzte, milaka herritar euskararen mundura inguratuz eta aurrerantzean ere euskararen komunitate hori elikatzen, bizirik mantentzen eta handitzen jarraituko dute. Horrelaxe adierazi izan digute behin baino gehiagotan. Gure desioa da jarrera bera herri gehiagotara zabaltzea hemendik aurrera, Euskaraldiaren hazitik euskararen komunitateen basoa bilakatuz.