Badira hainbat urte Tirikitrauki musika dendaren eskariz, Zenbakiz trikitixa editorea sortu genuela. Orain Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak editore hori erabiliz sortutako hainbat partitura ‘Paperetik Soinura‘ izenburuko hirugarren liburuan bildu ditu.
Liburu honetan 2019an eta 2020an egindako 24 partitura bildu dira. 24 kantu ezagun, 1990eko hamarkadako kantu ezagunetatik hasi eta 2020an argitaratu berri diren moda modako kantuetaraino. Partitura bakoitza bi eratara idatzia dago, solfeoz eta zenbakiz. Azken horiek Zenbakiz trikitixa editorearen bidez sortuak.
2017an argitaratu zen lehen ‘Paperetik Soinura’ liburua eta 2018an bigarrena. Hiru liburuetan denera 48 kanturen partiturak egin dira. Baina badaude gehiago, liburuetan argitaratu gabeak, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen webgunean argitaratuak eta baita ere Zenbakiz editorean publiko daudenak ere.
Zenbakiz editorea, trikitixa sorkuntzarako tresna
Zenbakiz trikitixa editorea 2014an sortu genuen, jendeak trikitixarako zenbakiz osatutako partiturak sor zitzan helburuarekin. Harrezkero ia 700 lagun erregistratu dira aplikazioan eta 300etik gora partitura sortu dira.
Gaur egun musika eskola askotan solfeo bidez erakusten da trikitixa jotzen, baina badago beste metodo bat ere, zenbaki bidezkoa. Tresna diatonikoak herri musikaren adierazpidea dira eta kasu horretan urtetan zehar musika ikasteko metodo tradizionalak izan dira nagusi, aurrez-aurrekoak eta belarriz ikasiak. Horixe da hain zuzen ere, zenbaki bidezko metodoa, tradizionala. Zenbakiz trikitixa editorearen bidez metodo tradizional hori informatizatzea eta teknologia berriak erabiliz profesionalizatzea bilatzen genuen.
Gaur egun sei urteko ibilbidearen ondoren, Zenbakiz plataforma berritu eta hobekuntzak txertatzea aztertzen ari gara Tirikitrauki musika dendarekin eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin batera.