Irratiaren Egunean podcast berriak aurkeztu nahi dizkizugu

Bihar otsailak 13 irratiaren Nazioarteko Eguna da eta aitzakia hori baliatu nahi izan dugu hedabide honen balioa aldarrikatzeko eta duela hilabete batzuk aurkeztu genuen ‘Hodeia ez da existitzen’ podcast kanala aipatzeko.

Podcastek berebiziko indarra hartu dute azken urteotan. Ziurenik, gakoa interesatzen zaigun saio hori poltsikoan eramateko aukera ematen digutela da. Gakoa zein izan, kontua da gero eta gehiago entzuten ditugula podcastak gure egunerokoan eta gai ezberdinez informatzeko aukera paregabea direla.

Hori izan zen ‘Hodeia ez da existitzen’ podcast kanala sortzera eraman gintuen ideia, teknologia burujabetza jendearen egunerokora eramateko podcast formatua bide interesgarria izan zitekeela, alegia.

Saioak zabaltzeko, Baleafunk.eus instantzia librea ireki genuen, euskarazko Funkwhale instantzia bat, teknologia burujabetza hizpide duen podcast batek iVox edo Spotify bezalako plataforma zentralizatuetatik kanpo entzuteko aukera eskaini behar zuela uste dugulako.

Orain arte 5 saio igo ditugu, teknologia burujabetza hizpide hartuta, gai ezberdinetatik tiraka, elkarrizketak, fikzioa, albisteak nahasi dituztenak. Entzutera animatzen zaitugu, esteka zuzena hemen.

Parte-hartzera ere gonbidatu nahi zaitugu. Izan ere, Baleafunk instantziaren helburua plataforma hori bera lizentzia libreak erabiltzen dituzten musikari eta podcast egile euskaldunen komunitateari zabaltzea da. Hainbat podcast kanal interesgarri sartu dira jada eta hauek entzutera ere animatzen zaitugu: Podcastak.eus; Xabildua; Bestelakoak; Puska Dezagun izotza; Oasiko kronikak; Txina zaharreko ipuinak; Bertso zaharrak; ARGIAren podcastak; Beranduegi.

Interesa baduzu, kaixo@iametza.eus postaren bidez gurekin harremanetan jartzera animatzen zaitugu.

Aurreko bidalketa
Mary Allen Wilkes: informatika eta telelanaren aitzindaria
Hurrengo bidalketa
Zenbakiz trikitixa editoreko partiturak, webgunetik paperera