Mary Allen Wilkes: informatika eta telelanaren aitzindaria

“Hazten zarenean ordenagailuak programatuko dituzu” esan zion institutuko geografiako irakasleak Mary Allen Wilkesi, logikarako erraztasuna zuela ikusita. Wilkesek ez zekien zer zen hori. Berak abokatu izateko bokazioa zuen, baina gurasoek eta tutoreek ideia hori burutik kentzeko esaten zioten. XX. mendeko erdi aldera abokatutza gizonen kontua zen eta emakume batentzat oso zaila zen lanbide horretan hastea. Programazioa aldiz emakumeen gauza zen, geroztik, denok dakigun bezala, asko maskulinizatu den ogibidea bada ere. Gaurko egunez, duela bi urte, idatzi genuen “ENIAC proiektua: itzalpeko emakume programatzaileak” artikuluan informazio gehiago aurki dezakezu garai hari buruz.

Ruth Teitelbaum eta Marlyn Meltzer ENIAC ordenagailua birprogramatzen. (Arg: ARL Technical Library, Domeinu publikoa)

1959an, 22 urte zituela, Filosofiako gradua amaitu zuen. Wilkesek gogoan zuen institutuko irakasleak esandakoa, eta unibertsitatean ordenagailuak etorkizuna zirela entzuna zuen. Graduazio egunean bertan Massachusetts Institute of Technology (MIT) entzutetsura eramateko eskatu zien gurasoei, eta ez si eta ez no, programatzailerik behar al zuten galdetu zuen bertan. Ez zeukan inongo esperientziarik. Izan ere, garai hartan inor gutxik zuen. Adibidez, Stanford Unibertsitateak 1965ean sortu zuen informatikako karrera. Programatzaileak kontratatu nahi zituztenek azterketak egiten zituzten hautagaien balioa ebaluatzeko. Filosofian ikasitako logika sinbolikoak prestakuntza intelektuala ematen zion, eta lanerako hartu zuten.

Mary Allen Wilkes (Arg: CC0)

Azkar batean ikasi zuen eta gaitasun handikoa zela erakutsi zuen. Hasieran, IBM 704 batekin egiten zuen lan, mihiztadura lengoaia erabiliz. Gaur egun erabiltzen diren programazio lengoaiak pertsonen hizkuntzatik erlatiboki gertu daude (ingelesezko hitzak erabiltzen dira), eta programatzen jakin ez arren gutxi gorabehera uler daiteke programa sinple batek egiten duena. Mihiztadura lengoaia ulertzea askoz zailagoa da, makinen lengoaiatik gertu baitago. Gainera, ordenagailu horrek ez zeukan teklatu edo pantailarik. Wilkesek paperean idazten zuen programa eta idazkari batek idazmakina berezi bat erabiliz zulatutako txarteletara pasatzen zuen. Ordenagailuak zulo horiek irakurri, programa exekutatu eta emaitza inprimagailu bidez ateratzen zen. Programan erroren bat baldin bazegoen, aurkitu, zuzendu eta prozesu osoa errepikatu behar zen.

1961ean LINC proiektu garrantzitsuan hasi zen Wilkes MITen Lincoln laborategian. Ordura arteko ordenagailuak gela osoak betetzen zituzten gailu erraldoiak ziren. LINC lehen ordenagailu pertsonaletako bat zen eta bulego edo laborategietan erabili ahal izateko diseinatu zuten. Teklatua eta pantaila zituen eta horrek asko erraztu eta azkartu zuen programatzaileen lana, ez baitzuten zulatutako txartelik erabili behar. Lincoln laborategietan sexismoa zegoen, gizonek emakumeek baino soldata handiagoak jasotzen zituzten eta igoerak errazago lortu, baina Wilkesek gustuko zuen lankideen artean zegoen errespetuzko giroa eta gizonezko lankideek onartzen zutela iruditzen zitzaion. Bere hitzetan “friki kuadrilla bat” ziren.

Mary Allen Wilkes LINC ordenagailuarekin lanean etxean (Arg: Rex B. Wilkes CC BY-SA 4.0)

1964an, munduan zehar urtebeteko bidaia bat egiten zebilen bitartean, laborategia Saint Louisera eraman zuten. LINCen sistema eragilearen garapenari ekin behar zion, baina Baltimoren bizi zen gurasoekin, laborategiaren kokapen berritik 1.300 kilometrora, eta bertan jarraitu nahi zuen, ama gaixorik baitzuen. Bere taldeak hozkailu baten tamainako LINC ordenagailua etxera bidali zion, bertatik lan egin zezan. Ordenagailu pertsonal bat etxean izan zuen lehen pertsona izan zen, eta ziur aski, baita telelana egin zuen lehena ere. Telefono bidez komunikatzen zen lankideekin eta etxeko egongelatik lan eginez garatu zuen LAP6 sistema eragilea. LINCarekin erabiltzaileek dokumentuak (normalean programak) teklatua eta pantaila erabiliz editatu zitzaketen, modu interaktiboan eta denbora errealean, gaur egungo ordenagailu pertsonaletan bezala. LINC ordenagailuaren 50 unitate fabrikatu zituzten eta bakoitza 43.000 dolarretan saldu (inflazioa kontutan hartuz gaur egungo 300.000 euro inguru).

Hainbat urtez informatika munduan arrakasta handiz lan egin ondoren, 1972an, bere gaztetako ametsa betetzeko asmoz Harvarden zuzenbidea ikasten hasi zen. Abokatu titulua atera eta lau hamarkadaz legelari bezala egin zuen lan, jubilatu arte. Gazteei hitzaldiak ematen dizkie eta harrituta geratzen dira informatikaren aitzindarietako asko emakumeak izan zirela jakitean.

 

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
Usurbilgo Udalarentzat Emakumeak eta zaintza irudia garatu dugu, Artzeren oinarrietatik abiatuta
Hurrengo bidalketa
Irratiaren Egunean podcast berriak aurkeztu nahi dizkizugu