Arnasguneei hauspoa emateko komunikazio kanpaina

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako ARNASA GARA komunikazio kanpaina zuzendu dugu Iametzan: ARNASA GARA – Egunerokoan zer? Kanpainaren helburua euskararentzat arnasguneak diren udalerrietako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea da.

Aurtengo kanpainak, “ARNASA GARA – Egunerokoan zer?” lelopean, arnasguneetako herritarrek euren arazo eta erronketatik abiatuta ahalduntzerako urratsa ematea eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia azpimarratzea du helburu.

ARNASA GARA – Egunerokoan zer?

Kanpainaren helburua fikzioaren bidez egunerokotasunean gertatzen diren egoerak islatzea da. Esaten den bezala, errealitateak fikzioa gailentzen duelako.

Horretarako, zortzi asteko komunikazio kanpaina diseinatu dugu, bi elementu nagusi dituena: batetik, fikzioaren lanketaren bidez, eguneroko egoerak islatzen dituzten bideo esketxak eta bestetik, esperientzia errealen bidez, arnasguneetako pertsona erreferenteei egindako elkarrizketak. Hau sare sozialen bidezko sentsibilizazio eta jarraipen kanpaina batekin osatu da.

Astero esketx berri bat sareratzen dugu sare sozialetan eta aste horretan zehar esketx horren mezua lantzen dugu, besteak beste, pertsona erreferente batekin Instagram LIVE bidez egindako elkarrizketa baten bidez. Orain arte, Antton Telleria, Aitziber Garmendia eta Ander Lipus bezalako izenak izan ditugu gurean.

Bi urteko ibilbidea

Bigarren urtea da ARNASA GARA kanpainaren sormenaz arduratzen dela Iametza. Izan ere, ARNASA GARA kanpaina 2019an garatu zuen lehenengo aldiz Hiruko Itunak UEMArekin batera. EiTB-k ekoitzitako “Kartzela” serie digitala eta herriz herri egindako ekitaldiak izan ziren kanpainaren muina. Denetara 21 herrietan egin ziren aurkezpen ekitaldiak eta 1.000 lagun baino gehiago batu ziren, kezkak, gogoetak eta erronkak konpartituz.

Aurtengo kanpaina iazko kanpainatik ateratako ondorioetan sakontzeko helburuarekin diseinatu da.

Informazio gehiago

Kanpainari buruzko informazio guztia arnasagara.eus webgunean aurkitu dezakezu eta kanpaina ARNASA GARA Instagram, Twitter eta Facebook bidez jarraitu dezakezu.

Aurreko bidalketa
Soziolinguistika Klusterraren webgune berria garatu dugu
Hurrengo bidalketa
Euskararen erabilera rap doinuen erritmoan sustatzen duen egitasmoa