Motxian Eby lehiaketa, sormena euskararen erabilera sustatzeko

Urte asko dira jada Motxian Eby lehiaketa Oarsoaldean antolatzen dugula. SMS lehiaketa bat izaten hasi zen eta gaur egun bideo erronka lehiaketa bat da.

Zer da Motxian Eby lehiaketa?

12-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa da eta helburua antzerkia, dantza, kantua, lokuzioa ardatz dituzten erronkak proposatzea da. Modu honetan, sormena eta umorearen bidez, gazteen egunerokoan euskararen erabilera sustatzea bilatzen da.

Urtero gainera, gazteentzat erreferente den pertsona bat aukeratzen da zirikatzaile bezala, erronkak proposatzeko eta lehiaketaren gidaritza eramateko. Aurten, adibidez, Kai Nakai abeslaria izan da. Jarraian ikusi dezakezue gazteei lehiaketa aurkezteko prestatutako bideoa.

Gazteen artean lehia sustatzeko sari ezberdinak ematen dira. Zirikatzaileak erronka bakoitzeko irabazlea aukeratzen du eta horrez gain, bozketa bidez aukeratzen den bideoak ere sari berezia dauka.

 

Zein da lan dinamika?

Lehiaketa zirikatzaileak erronka luzatzen duen momentuan hasten da. Une horretatik, gazteen zehaztutako epe bat daukate erronka horri bideo bidezko erantzun bat emateko.

Ondoren, gazteek, motxianeby.eus webgunearen bidez, landutako erantzunak igotzeko edota bidaltzeko aukera dute.

Bideo horiek webgunean ikusgai jartzen dira eta orduan, zirikatzaileak bideo irabazlea aukeratzen du eta hurrengo erronka botatzen die gazteei.

 

Informazio gehiago nahi dut. Non aurkitu dezaket?

Lehiaketaren inguruko informazio guztia motxianeby.eus webgunean aurkituko duzu, bai eta aurtengo lehiaketako erronkak ere.

 

Aurreko bidalketa
Nor ikerketa taldeak webgune berria dauka
Hurrengo bidalketa
Enpatikonomia jardunaldia Oarsoaldean