Facebook, Instagram eta Whatsappen erorketa masiboak eta Pandoraren Paperak deituriko filtrazioek zabalkunde handiagoa izan duten arren, guk beste filtrazio bat aztertuko dugu gaurko albistegi monografikoan. Facebookeko langile ohi batek, Frances Haugen datu-zientzialariak, Facebooken barne dokumentu mordoa filtratu dizkio The Wall Street Journali modu anonimoan. Ondoren aurpegia eman zuen AEBetako CBS telebista kateko elkarrizketa batean.
Frances Haugen: “Behin eta berriz interes gatazka ikusi nuen jendearentzat ona zenaren eta Facebookentzat ona zenaren artean, eta Facebookek aldiro bere interesak optimizatzen zituen, diru gehiago egiteko”.
Berak ikusi zituenak zalantza izpirik gabe frogatzeko adina barne dokumentu bildu zituen. Dokumentu horietatik atera daitezkeen ondorio batzuk errepasatuko ditugu:
- Facebookek badaki Instagram kaltegarria dela erabiltzaileentzat, bereziki neska nerabeentzat
- Facebookek erabiltzaile are gazteagoak erakarri nahi ditu
- 2018an Facebooken algoritmoan egindako aldaketek erabiltzaileen alderik txarrena hauspotzea eragin zuten
- Facebook arazo handi bat dauka moderazioarekin (edo moderazio ezarekin)
Filtrazioetan askoz informazio gehiago dago, baina amaitzeko ondorio moduko bat ateratzen saiatuko naiz. Filtrazioa egin duen Frances Haugen-ek esan du ez duela Facebook kaltetu nahi, konpondu egin nahi duela, baina Facebook-ek eta gainerako sare sozial komertzialek ez daukate erremediorik nire ustez, hasieratik erabiltzaileak zukutu eta publizitatea ahoko zulotik sartzea dutelako helburu bakarra.
Esperantza bakarra Fedibertsoan dago: Mastodon, Peertube, Funkwhale, Pleroma… bezalako proiektuak bestelako sare sozial batzuk posible direla erakusten ari dira. Orokorrean Fedibertsoan ez dago irabazi asmorik. Deszentralizazioan, gertuko moderazioan eta komunitatean oinarrituta eskuin muturrari eta gorroto mezuei aurre egitea posible dela erakutsi du Fedibertsoak dagoeneko. Probatu nahi izanez gero sortu kontu bat, adibidez, mastodon.jalgi.eus edo mastodon.eus euskal instantzietan.
Informazio gehiago: