Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpainaren bigarren edizioa. Kanpaina hori zuzendu dugu Iametzan, kanpainaren euskarriak diseinatzetik, udalen koordinazioa bideratzera.

Iaz egin zen lehenengo edizioak irekitako bidetik jarraituz, aurtengo kanpaina EAEko udal guztietara ireki da eta elkarlanean oinarritu den kanpaina bat eraiki da, guztira 60 udal baino gehiagok parte hartzea lortuz.

 

Kanpainaren ezaugarri nagusiak

Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, “jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea du helburu.

Mezu horri spot baten forma eman zaio eta hori da kanpainaren ardatza. Spotak biloba eta amona bat irudikatzen du. Amonak bilobari erosketak egitera ateratzeko eskatzen dio eta erosi beharrekoen zerrenda bat esaten dio. Hainbeste dira amonak emandako jaraibideak, bilobak zer erosi behar duen ahazten duela okindegira iristean. Okinak, baina, amona ezagutzen du eta bilobak ezer eskatu gabe “betikoa” eskaintzen dio. Spotan islatzen den egoera hau bezeroaren eta merkatariaren arteko eguneroko harremanetik sortzen den konfiantzaren isla da. Eta horrekin batera, norbera bere hizkuntzan artatua izatea konfiantza hori eraikitzeko bidea dela.

Spotaren zuzendaritza eta errealizazioa Arriguri ekoiztetxeak egin du. Hasierako ideia garatu eta hobetzen lagundu digute bigarren urtez eta buruetan zegoen ideia arrakasta handiarekin lortu dute pantailara eramatea.

Spotaren zabalkundearekin batera, udalen elkarlanak garrantzi berezia dauka aurtengo edizioan. Kanpainaren hasieran eskainitako euskarrien zerrenda batetik abiatuta, udal bakoitzak norberaren errealitatera egokitutako estrategia bat jarraituko du datozen asteetan zehar, spotan jasotzen den mezua gizarteratzeko helburuarekin.

 

Betikoa. Gertukoa.

Gure herrietako komertzioetan konfiantzaren adierazle handiena da “betikoa” eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua. Eta dendariak ezagutzen gaitu gu ere, zer nahi dugun, zer behar dugun.

Konfiantza egunez egun lortzen da, alde biko konpromisoari esker. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkarrago eta seguruago bat: nor bere bere hizkuntzan artatua izatea.

Euskara aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu, garena izateko aukera. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz.

 

Aurreko bidalketa
Herrietako emakumeak ezagutarazteko proiektu pedagogikoa
Menua