Burujabetza teknologikoa: Euskarabilduatik ikasitakoaren irakurketa

Zaila da jakitea zergatik ematen diren erakunde barnean aldaketak, ahalduntzeak, taldearen trinkotzeak. Segur aski badu zerikusirik une zehatzetan bat egiten duten lan taldeko kideen ikusmirek eta borondateek, baina une bakoitzean aurrera eramatea tokatzen zaizun lanak ere baldintzatzen du.

Euskarabildua aurrera ateratzeak jende askorekin hitz egitea eta gaiari buruz asko irakurtzea eragiten digu, besteak beste. Aurten elkarrizketa mamitsuak izan ditugu hainbatekin eta irakurri ere asko irakurri eta teorizatu dugu. Gobernu Irekietako Teknologien gaiari esparru desberdinetatik tira edo begiratu diogu, baina ni horietako batekin geratzen naiz: Burujabetza teknologikoa. Publikoa eta librea dena kudeatzeari buruz ari garenean, teknologia hautatzeko, lantzeko eta begiratzeko moduan ere kontzientzia garatzea beharrezkoa da. Bestela ustez publikoak diren edukiak esku pribatuetan uzteko arriskua dago.

Gaur egun teknologiarekiko gero eta menpekotasun handiagoa dugu. Gainera, Internet asko aldatu da sortu zenetik hona. Hasieran gune deszentralizatua zena, pixkanaka-pixkanaka multinazional erraldoien botere eremu oso kontzentratua bilakatzen ari da. Hor ditugu GAFAM multinazionalak: Google + Apple + Facebook + Amazon + Microsoft.

Hasiera batean ezagutza partekatzeko inolako mugarik gabeko ziber-eremu zena, gizartea masiboki zelatatzeko espazio bilakatzen ari da.

Egoera horrek erakundeetan arazo desberdinak ekar ditzake, jarraian laburbiltzen saiatuko garenak:

  • Enpresen nondik-norako teknologikoa konpainia handien estrategiaren menpe geratzen da: Adibidez, Google-ek erabakitzen badu Google Analitycs, Docs, Calendar edo Drive bezalako zerbitzuen erabilera politika aldatzea, euren jardunean horiek erabiltzen dituzten erakundeak horretara egokitu beharko dute.
  • Erakundeen hainbat datu pribatu konpainia handien esku geratzen dira: Erakundeek asko zelatatzen dituzte euren datuak, langileenak, ekonomikoak, proiektuenak… aldiz gehienetan ez dute inolako zalantzarik izaten Google-en esku jartzen hainbat dokumentu, sareko datu… Sarritan konpainia handi horien softwareen kode zatietara ezin da sartu eta ezin da jakin zer egiten duten. Inolako erabilera ilunik gabeko produktuak izan daitezke, baina ez dago jakiterik adibidez datu pribatuen batuketa horrekin zer egiten den. Horregatik da garrantzitsua erakunde bakoitza bere teknologiaren jabe izatea, besteak beste, teknologia horrekin egiten duen erabileraren segurtasuna bermatzeko.
  • Gorago aipatutako multinazional erraldoi horiek erabilitako software gehiena jabeduna da: Horrek ez du ahalbidetzen software horren gainean erakunde bakoitzaren beharretara egokitzeko aldaketarik egitea, aldiz software libreak bai. Beraz, esan daiteke burujabetza teknologikoaren oinarrian software librea dagoela, horrek erabiltzaileei ahalbidetzen baitie bere funtzionamendua aztertzea, aldatzea eta berriro gizarte guztiaren esku lizentzia librearekin jartzea. Hala ere garbi utzi behar dugu horrek ez duela prezioarekin zerikusirik. Hau da, egon daiteke software jabedun bat doakoa dena eta software libre bat ordainpekoa.

Beraz, burujabetza teknologikoak software librea bultzatzen du, erabiltzaileari teknologiaren gaineko boterea ematen dion bakarra delako eta bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera ematen duelako. Hala, software libreak enpresa teknologiko txikiei aukera ematen digu, produktu horiek aldatzeko, garatzeko eta bezeroentzako egokitzeko, jabedun lizentzia duten softwarearen aurrean; batetik produktua hobetuz eta bestetik enpresa txikien garapen ekonomikoa bermatuz.

Hori horrela izanik ordea, errealitatea da erakundeetako lan-taldeak osatzen dituzten pertsonek ezezagutza handia dutela gai hauen inguruan. Ez da nahikoa erakundeek informatika arduradun bat jartzearekin, baizik eta erakunde bakoitzeko pertsona bakoitzak bere lan esparruaren burujabe den neurrian, teknologiari eragiten dioten eguneroko erabaki txikienak zentzuz hartzeko gai honi buruzko ezagutza izan behar duela.

Orain arte Iametzan jakitun ginen egoera honetaz, baina azken hilabetetan egin dugun lanak gehiago ahalduntzea eta etorkizuna begi kritikoago eta zorrotzagoekin begiratzea eragin digu. Hurrengo urratsak emateko oinarriak finkatu ditugu.

Gure lankide Xalba Ramirezek Argia aldizkarirako idatzitako Demokrazia eta teknologia burujabetza erreportajea jada irakurgai dago sarean.

2018ko Euskarabilduako ponentzia eta bideo guztiak Euskarabilduaren webgunean aurkitu ahal dituzue.

Aurreko bidalketa
Pertsonen arteko komunikazioa hobetzeko ‘Zutani. Bizitza on baterako altxor kutxa’ webgunea eta APPa kaleratu ditu Iametzak Nerea Mendizabalekin elkarlanean.
Hurrengo bidalketa
Hemen da Mastodon.eus