CKEditor-eko gure pluginaren ibilerak: audiotik bideora Uzbekistandik bueltan

Behin baino gehiagotan idatzi dut blog honetan iametzaren HTML5 audio pluginari buruz: 2500 deskarga gainditu zituenean, CKEditor-ek abuztuko hilabeteko plugin bezala nabarmendu zuenean eta Software eta Teknologia Librearen III. Euskal Mintegian plugina aurkeztera joan ginenean.

Duela egun gutxi iametzaren CKEditorreko HTML5 audio pluginaren uzbekerazko itzulpena jaso genuen Github-eko pull request batean. Ordu gutxira argitaratu genuen bertsio berri bat itzulpen horrekin. Une honetan 8 hizkuntzatan erabil daiteke gure plugina: euskaraz, ingelesez, gazteleraz, frantsesez, alemanez, errusieraz, ukranieraz eta uzbekeraz.

Ustekabea hurrengo egunean iritsi zitzaigun, Bahriddin Abdievek idatzi zigun, uzbekerazko itzultzaileak, gure plugina HTML5 bideoekin lan egiteko egokitu zuela eta besteekin partekatu nahi zuela esanez.

 

 

Poz-pozik erantzun nion gure plugina GNU GPLv3 lizentziadun software librea dela eta moldatu eta konpartitzeko eskubide osoa duela esanez, ohore bat dela guretzat. Baldintza bakarra lizentzia berdina erabiliz banatzea dela.

 

 

Egun horretan bertan argitaratu zuen HTML5 audio plugina. Interesa duenak CKEditor-en pluginen orrian aurkituko du: http://ckeditor.com/addon/html5video eta eskuragarri du iturburu-kodea, nola ez: https://github.com/bahriddin/ckeditor-html5-video. Harrera ona izan duela dirudi, lehen egun hauetan 100 deskarga baino gehiago izan ditu.

 

 

Ilusio berezia egin dit gertatutakoak. Milaka kilometroz banatuta egotea, kultura desberdinetakoak izatea eta elkar ez ezagutzea ez dira oztopo elkarlanerako eta elkarlanak fruituak ematen ditu. Horretarako ezinbestekoa izan da software libreak produktu eratorriak sortu eta banatzeko ematen duen eskubidea. Software libreak horrelako sorpresa atseginak ematen ditu.

 

Creative Commons Lizentzia

Artikulu honek Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa (CC BY-SA 4.0) lizentzia dauka. Kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, nire egiletza aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

Aurreko bidalketa
KODIko euskarazko irratiak pluginaren 2.0.0 bertsiotik aurrera podcast-ak ere entzungai
Hurrengo bidalketa
Nik ez dut Korrikaren urtemuga festan hutsik egingo!